16 urte besterik ez dauzka Irati Oskoz Egigurenek, baina behin baino gehiagotan azaldu da astigartarraren izena, azkenaldian, literatur lehiaketetako sarituen artean. Sari eta aipamen berezi bana jaso zuen Koldo Mitxelena lehiaketan, mikroipuinarekin eta komikiarekin; eta saria jaso du Urruzuno literatur lehiaketan ere, poesiaren atalean.
Sari horrek eman dio aukera, bost eguneko literatur egonaldia egiteko Arantzan, beste 19 gazterekin batera, abuztuaren 30etik irailaren 3ra. «Aparta» izan zela nabarmendu du, eta konturatu zen, bere habitat naturalean zegoela bertan, sortzaileen artean. Lehiaketan eman zioten diploma non daukan ere ez daki, baina ez du ahaztuko Arantzan bizitakoa. Gogoa dauka aurrera begira sorkuntzaren bidea urratzeko, eta ideiak oso garbi.
Ia kasualitatez jakin zenuen, Urruzuno lehiaketan saritua izan zinela...
Berez, maiatzean eman behar zuten Urruzuno lehiaketaren sarituen berri, baina nik ez nuen abixurik jaso. Eta ikasturtea bukatuta, egun batean, esnatu berritan, bururatu zitzaidan begiratzea, eta nire izena ikusi nuen. Harrituta geratu nintzen, eta euskera irakasleari idatzi nion. Berak hitz egin zuen Eusko Jaurlaritzakoekin, ondo kostata, eta azkenean izan nuen aukera literatur egonaldira joateko.
Astebeteko egonaldia izan zen hura. Zer moduzkoa?
Eskerrak joateko aukera izan nuen. Aparta izan zen, benetan. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroakoak elkartu ginen, 20 lagun guztira; eta Aranatzera joan ginen. Nire aitaren sorterria da, gainera. Maletak utzi, eta aurkezpen jolas batzuk egin genituen. Hasieratik geratu nintzen harrituta denekin, oso jende interesgarria zen, oso jatorra. Eta oso atsegina izan zen dena. Batzuek abestu egiten zuten, beste batzuek dantzatu... Denek zeukaten bere alde artistikoa, idazteaz gainera. Udaleku normal batzuetako ekintzak egin genituen, batetik: zuhaitzez zuhaitz ibili ginen tirolinekin, espeleologia ere egin genuen kobazulo bateko kondaira ezagutuz... Baina horiez gain, egin genituen literatura jorratzeko jarduerak. Eta sekulakoak ziren batzuek egiten zituztenak. Errepikatzeko modukoa izan zen egonaldia, eta aurten berriro hartu nahi dut parte lehiaketan, bertara joateko.
Aukeratzen ez diren bidaia horietako bat izan zen Aranatzekoa, eta horixe zen zure lanaren izenburua: 'Aukeratzen ez diren bidaiak' Zer kontatu zenuen poemetan?
Joan den urteko abenduaren bukaeran idatzi nuen, eta berez, Koldo Mitxelena lehiaketara aurkezteko zen. Baina eskolako kortxo batean ikusi nuen Urruzuno lehiaketaren kartela, eta horretara aurkeztu nuen, Koldo Mitxelenarako beste lan bat prestatu nuelako. Urte osoan zehar bizitu nuenari buruzkoa zen lana. Islatu nahi nuen, pentsatzen eta buruari bueltak ematen hasten garenean, ez dugula aukeratzen iluntasunean sartzea, nolabait. Gai intelektualekin aritzeak polita irudi dezake kanpotik, baina iristen zarenean ez da hain atsegina, ez da zuk pentsatzen zenuen bezalakoa. Aukeratzen ez den bidai bat da. Hori dena nola sentitzen den kontatu nuen poemetan, itxialdiarekin ere lotura eginez. Neroni guztiz irekitzea izan zen, eta urte osoaren irakurketa bat egitea. Abenduan bidai horretan nengoen oraindik, atera nahi eta ezin.
«Hutsik sentitzea edota esperantza galtzea da inspirazioa ematen didana, eta era berean, baita inspirazioa kentzen didana ere. Sentimenduak analizatzeko beharrak inspiratzen nau»
Koldo Mitxelena lehiaketara lau lan aurkeztu zenituen, eta bi sari jaso. Erraztasuna daukazu sortzeko?
Uste dut egoeraren araberakoa dela hori, eta egonaldian ere ikusi nuen. Batzuek bai zeukatela erraztasun berezia, beste maila batekoa, eta konturatu gabe idazten zuten poesia. Baina guztiok geneukan erraztasuna, sentimenduak edo egoerak modu horretara azaltzeko. Nik ez dut poesia idazten astero, baina jartzen naizenean, gustatzen zait denbora eskaini eta bukatutako lan bat egitea. Lan bukatu hori dator esaldi txiki askotatik. Ideia zaparrada izaten da, eta askotan egiten dut atzera eta aurrera. Esaldi xinple batetik abiatu naiteke: gaur gaizki sentitzen naiz, adibidez. Eta hori landu egiten dut, irakurketa bat eman behar diot egindako guztiari.
Egoera pertsonalaren araberakoa dela diozu. Zein izan ohi da, inspirazio gehien sortzen dizun egoera?
Inspirazioa eman eta, era berean, inspirazioa kentzen didana ere bai: hutsik sentitzea, esperantza galtzea... Gai sozialak ere izan daitezke inspirazio iturri, baina lantzeko daukadan zerbait da hori, poesian txertatzea gai sozialak. Sentimenduak analizatzeko beharra izaten da inspiratzen nauena; egoera latz bat itzultzea.
Eta non bilatzen dituzu ideiak?
Nire buruari esaten dizkiodan gauzetan. Sentimendu batzuk dauzkazu, baina aldi berean, daukazu kontalari edo narratzaile bat zure buruan. Normalean ixilik egoten da, baina koadernoarekin esertzen banaiz eta nahiko agobiatuta baldin banago momentu horretan, idazten hasi eta bakarrik ateratzen zaizkit hitzak. Batzuetan zure paperetik ere atera egiten zara. Dena ez da zuk sentitzen duzuna, eta hori poesian asko gertatzen da. Badauka erro bat, baina, adibidez, maitasun istorio bat idatzi dezakezu, zuk bizi ez duzuna. Eta hori ere polita da. Sartzen zara beste pertsona baten azalean, konturatu gabe. Eta bat-batean, ohartzen zara zaudela beste pertsona baten barruan, beste egoera batean, beste leku batean... Eta berdin zaizu, zu ari zara hori kontatzen. Irakurri arte ez zara konturatzen. Niri asko gustatzen zait, eta egonaldian hori ere nabaritu nuen besteengan. Egin genituen ariketetan, adibidez, jartzen ziguten musika, edo ipuin bat, istorio narratiborik gabekoa; eta denak hasten ginen idazten zuzenean, nahi gabe. Ez zegoen inor blokeatuta. Eta hain justu, askorentzat, egonaldia izan zen blokeotik ateratzeko laguntza. Zure lana ez zenuen hainbeste apreziatzen aurretik.
Niri sorkuntza asko gustatzen zait, eta beharbada ez naiz idazle izango, baina horrek asko laguntzen dit beste arloak garatzeko, eta beharrezkoa iruditzen zait niretzako.
Zer ematen dizu sortzeak eta idazteak?
Nire burua ulertzea, bestea ulertzea, eta ikustea esperientziatik atera dezakedala zerbait materiala; esperientzia hori ulertu dezakedala. Bizitzen ari naiz, egunero bizi, baina ez naiz konturatzen, pilotu automatikoarekin nijoalako. Baina sortzen dudanean, begien aurrean daukat: hau dena gertatu da, eta marrazki hau daukat, edo testu hau. Eta lotu dezaket gertatutako guztiarekin. Bestela, gauza asko ahazten zaizkit niri. Argazkiek bezala, lan hauek balio dute bidea ez ahazteko.
Nolakoa da sortzeko momentua, zuretzat?
Normalean denbora asko eskaintzen diet sare sozialei, edo kalera ateratzen naiz... Baina sortzeko prozesuan nagoenean, edozein artelanekin, denbora eskaintzen diot horri, konturatu gabe. Orduak eta orduak ematen ditut, hiru egunez segidan adibidez. Han eta hemen begiratzen duzu, erreferentziak bilatzen dituzu. Argazki hauek, zerbait eskaini diezadakete? Eta lana begiratu, eta zuzendu. Nahi gabe sartzen zara hor, eta ez zara ateratzen. Batzuetan, sentimenduak berriro agertu daitezke, baina ez du zertan. Deskonektatu egiten duzu lanetik, eta sortzaile bezala ikusten duzu, ez sentitzen duen pertsona batek bezala.
Nik ez dut egunero idazten edo marrazten, oso kontzentratuta etortzen dira nire sorkuntza momentuak. Eta artea kontsumitzeak asko eragiten du horretan. Egon zaitezke denbora luze batez marraztu gabe, baina nahi gabe egon zara gauza pila bat jasotzen; eta berriro marrazten jarritakoan, izugarri pila hobetu duzu. Askotan ez da beti idazten edo marrazten egotea, perspektibarekin ikustea baizik. Idaztearen kasuan, gertatzen zaizu errepikatu egiten zarela. Gauza berberari buruz idazten ari zara, eta ez duzu disfrutatzen.
Poesiak, narrazioak, mikroipuinak, ilustrazioak, komikiak... Denetik egiten duzu. Zein duzu gustukoen?
Narrazioa da gutxien tiratzen didana, ez naizelako oso trebea. Mikroipuinak egin ditut, baina hortik aurrera, ezin naiz hainbeste luzatu. Eta komikiekin ere kosta egiten zait. Poesia da gehien tiratzen didana eta erraztasun gehien daukadana. Mikroipuinak ere asko lotzen ditut poesiarekin, eta egin ditudan asko oso poetikoak izan dira. Marrazteko orduan, normalean ez ditut egiten eszena narratiboak. Izaten da edozer gauza. Idazteko pentsatu behar dut pila bat, baina marrazterakoan egiten dut benetan ateratzen zaidana, ez dut pentsatzen. Behin eginda bai, kokatu egiten dut, marrazkiko pertsonaiari halakoa gertatu zaio eta abar.
Sorkuntzaren bidea egitea da zure asmoa, aurrera begira?
Gustatuko litzaidake artearen munduan lan egitea, orokorrean. Idazle bezala ez dut ikusten nire burua, baina gustatuko litzaidake ilustratzaile izatea, adibidez. Edo artista deituko diot, orokorrean, gero ez dakizulako nondik joko duzun. Baina sorkuntzak, oro har, erakarri egiten nau. Idaztea ere gustatzen zait, testu mota jakin batzuekin. Iritzi kritikoa ematen dudanean, adibidez; horri ere ematen diodalako alde poetiko bat, baina baita txispa bat ere. Horietan, gelditu gabe idazten dut. Iritzia ematea asko gustatzen zait.
Nondik datorkizu afizioa?
13 urterekin hasiko nintzen idazten, oso gauza traketsak. Poema labur erromantikoak idazten nituen... Beste etapa bat zen hori. Baina idaztearena, bereziki serio hartu nuen aurrenekoz planteatu zigutenean Koldo Mitxelena lehiaketarako lanak egitea. Saiatu nintzen poema erromantiko horietatik abiatuta olerki bat egiten. Atera zen zerbait hortik, baina orain irakurrita, auzolotsa sentitzen dut...
Ikasle askori gertatzen zaigu, planteatzen zaigunean horrelako proiektu bat, hasten garela sortzen bat-batean. Eta niri, euskera irakasleak asko lagundu dit horretan. Ez nuen uste idazten arituko nintzenik. Eta askotan, eskolak lagundu egiten du; planteatzen diren proiektuek sustatzen dute hori. Kronikan argitaratu nuen testua, krisi klimatikoari buruzkoa, biologia ikasgairako iritzi kritiko bat izan zen. Harrapatu ninduen oso amorratuta, dokumental asko ikusten ari nintzen momentu batean.
Inguruan ezagutzen duzu zure adineko jendea, sorkuntzarekiko zaletasuna daukana?
Orokorrean, ez da artearekiko zaletasun haundirik egoten, DBHn zaudenean oso gustu ezberdinetako jendearekin klasean. Orain Batxilergo artistikoa egiten ari naiz, eta bai nabaritu dudala aldea. Bertsozaleak dira batzuk, beste batzuei irakurtzea gustatzen zaie baina ez dute idazten... Hala ere, zaletasuna ez da oso gauza orokortua. Baina gero, elkartzen dituzu 20 pertsona, herri txiki batean, antzeko gustuekin, eta eromena da. Gurekin aritu ziren begiraleak eta idazlea txoratzen zeuden.
Laino batean bezala sentitzen nintzen, nire habitat naturalean, nolabait. Ia ezin nuen sinetsi ikusten eta bizitzen ari nintzena. Eta gainera, ez zegoen konpetentziarik gure artean, ez genuen horrela ikusten. Artearen munduan, arlo batzuetan konpetentzia egon daiteke. Baina egonaldian, dena zen admirazioa. Batek irakurtzen zuen idatzitakoa, eta gozatu egiten zenuen. Nik, horietako batekin, negar egin nuen; pentsa zeinen ona zen! Eta ez zenuen pentsatzen nolako kaka zaharra egin zenuen zuk, baloratua sentitzen zinen. Horretan zerikusia dauka, nolako harremana daukazun artearekin. Batzuek ez dute hainbeste balioesten beraien lana, eta iruditzen zaie besteek kalte egiten diotela bere lanari. Eta ez da horrela, aberastu egin behar zara besteekin, beraiekin hitz egin eta haien lana ikusi.
Badauzkazu erreferenteak?
Horrekin arazo bat daukat. Erreferenteengatik galdetuta, jendeak berehala aipatzen dizu abeslari bat, edo idazle bat; eta niri pila bat kostatzen zait zerbaitekin maitemintzea. Ez daukat erreferenterik. Izugarri gustatzen zait irudiak jasotzea, edo norbaiten bideo bat zerbaiti buruz hizketan, edo beste batek idatzi duen testu bat. Eta nire kakaoa egiten dut buruan. Baina ez zait gertatzen, zerbaiten zale amorratua izatea.
Beharbada izango da oraingo kontsumitzeko moduarengatik ere, dena delako oso likidoa. Ez daukazu denborarik gauzetan sakontzeko, eta ni ere ikusten naiz horrela. Eta amorragarria da batzuetan. Ari zara zerbait ikusten edo entzuten, baina ez daukazu argi zer ari zaren kontsumitzen.