Urtero iristen da garai honetan, herriko etxe, baserri eta komertzioetara, astigartarrek hain kuttuna duten dokumentua: Astigarraga Aldizkaria. «Herritarrek beraiena sentitzen dute Aldizkaria, zain egoten dira; eta irrika hori transmititzen digute. Eta horrek elikatzen du gure gogoa ere», kontatu du Antton Arkak, Astigarraga Aldizkariaren koordinatzaile denak.
Eta ez dute hutsik egingo aurten ere, noski, zer ospatua ere badutelako. Izan ere, 40garren edizioa du Aldizkariak, eta urteurren borobila izanik, ekitaldi berezi batekin aurkeztuko dute. Datorren ostiralean jarri dute hitzordua, Erribera kulturgunean, arratsaldeko 19:00etan. Bertan, ikusentzunezko bat jarriko dute, Aldizkariaren ibilbidea jasotzen duena; eta eskertu eta omenduko dituzte, urte hauetan guztietan kolaboratzaile eta laguntzaile izan direnak.
«Erresistentzia garai bat», sorreraren testuinguru
1982an argitaratu zuten aurreneko Aldizkaria, eta bestelako testuinguru batean sustraitu zen bere sorrera: «70eko eta 80ko hamarkadetan, erresistentzia garai bat zegoen hemen Euskal Herrian, euskal kulturan eta identitatean sakondu beharrarekin, defentsaren beharrarekin... Eta testuinguru horretan sortu zen Astigar elkartea, 1976an.
Gazteak zeuden proiektu horren atzean, 18-20 urteko herritarrak: «garai hartan, bazegoen militantzia puntu bat, eta nabarmenagoak ziren sufrimenduak eta Euskal Herriak jasaten zituen erasoak. Horregatik, haundiagoa zen gazteen inplikazioa ere. Ez zen denbora libreko jarduera batean hartzea. Sentitzen genuen konpromiso bat behar genuela hori bultzatzeko. Gainera, herri mailan, bazegoen beste elementu bat ere, desanexioarena. 2.500 biztanle ginen, sentitzen genuen gure herri bizitza genuela, eta gero eta eraso gehiago jasotzen genituen Donostiaren aldetik. Hiru industriagune jarri zizkiguten, esaterako. Eta Donostiako auzo ginen heinean, baztertuta sentitzen ginen. Herri nortasuna izateko nahi hori ere, izugarrizko indar metaketa izan zen guretzat. Eta horrek guztiak elikatzen zituen, Astigar elkartearena bezalako ekimenak», kontatu du Arkak.
80 bazkidek sortu zuten Astigar, eta zortzi talde osatu zituzten, lanerako: «eta kirolak, mendia, txistulariak, dantza edota txaranga zeuden bezala, zegoen kultur taldea ere», azaldu du Arkak. Kultur talde hartako kide zen bera, eta hura izan zen Aldizkariaren sorburua: «urtero antolatzen genituen euskal kulturaren erakusketak; sendabelarren inguruko bilketa lanak ere egin genituen, eta baita 135 baserritako historia eta argazkiak jaso ere. Euskal disko eta liburu azoka ere antolatu genuen, euskeraren aldetik hutsunea sumatzen genuelako esparru horretan, Francoren errepresio garaiaren ondorio».
Ekimen haiekin lortutako material guztia bildu eta plazaratzeko beharra ikusi zuten orduan. Bilduma moduko bat osatu zuten aurrena, sendabelarrekin edota baserrien zerrendarekin. «Baina hori dokumentu formalago batean plasmatzeko beharra ikusi genuen, eta sortu genuen Astigarraga Aldizkaria, 1982an. Aurreneko edukiak, izan ziren herriko historia, baserriak, esaera zaharrak... Eta baita herri mailan egiten ziren ekintzak ere», dio Antton Arkak.
Eta gerora, herriko taldeekin egin zuten bat, haien jarduera ere jasotzeko Aldizkarian: «baina konturatu ginen, erortzen ginela aktibitateen bilduma bat izateko joeran, eta ez historia eta kultur gai sakonetan. Orduan, gai horiek jorratzen hasi ginen, gurekin bat egin zuten kolaboratzaile onen bitartez. Tartean esanguratsuena eta zendu dena, Antton Agirre Sorondo. Berak egin zituen 25 artikulu Astigarragaren historiari buruz, sekulako balioa daukatenak. Izaera eta gorputza ematen zioten horrelako erreportajeek, Aldizkariari».
«Artisau lana izan zen hasieran; maketak eskuz egiten genituen»
Aldizkariaren edukiek bezala, bilakaera izan dute lanketak eta itxurak ere. Aurreneko urteetan, «artisau lana» izan zen Aldizkaria osatzea: «maketak eskuz egiten genituen. Eskuz idazten genuen paperean, A3 orrialde bat doblatuta. Argazkiak errebelatzeko bandejak ere bageneuzkan Astigar elkartean, eta argazki horiek pegatzen genituen paperean. Eta horrelaxe eramaten genuen dena inprentara, beraiek prestatzeko». Gerora iritsi zen idazmakina, baina ez zen aldaketa haundia izan: «eskuz idatzita ekartzen zizkiguten testuak kolaboratzaileek, eta Aldizkariko lantaldekoek pikatzen genuen dena idazmakinarekin... Letra ulertu ere egin behar...!», dio Antton Arkak barrez. Eta beranduago etorri zen ordenagailua. «Eboluzionatzen joan gara ibilbide honetan. Sortzeko grina berdin mantendu da, eta unean-unean eguneratu dugu teknologia berriekin».
Sorkuntza prozesu horretan, azkeneko urratsa izan da Aldizkariaren maketazioa bere gain hartu duela lantaldeak: «dena guk prestatzen dugu, eta USB batean eramaten dugu inprentara. Beraiek, orain, bistazo tekniko bat bakarrik ematen diote. Uste dugu inportantea dela artikuluak mimatzea eta zaintzea. Detaile batzuk gehitu, argazkien kalitatea ona izatea zaindu, edukien antolaketa nahi bezalakoa izan dadin ziurtatu...».
«Hasieran, maketak eskuz egiten genituen; eskuz idazten genuen paperean, argazkiak pegatu, eta horrelaxe eramaten genuen dena inprentara, beraiek prestatzeko»
Inprentara iritsi aurretik, ondo zaindutako bidea egiten dute artikuluek: «aurrena, kolaboratzailearekin zehazten dugu zeri buruzko artikulua idatziko duen. Ondoren, testua helarazten digunean, maketa proposamen bat prestatzen dugu, eta zuzenketa egiten dugu. Horretan zorte haundia daukagu, lantaldean Kizkitza Galartza izanda. Euskerazko testuetan, artikulu guztien xehetasun guztiak zaintzen ditu berak. Eta behin zuzenketa eginda, proposamena helarazten diogu egileari, bere onespena jasotzeko. Horrela, egileak ikusten du nola geratu den bere lana. Eta eskertu egiten digute kolaboratzaileek, zer nolako mimoarekin eta gizatasunarekin tratatzen ditugun», azaldu du koordinatzaileak.
Kolaboratzaileak eta herriko taldeak, «oinarri sendoa»
Aurreneko urteetan, «nahiko exkaxa» izan zen Aldizkariaren kolaboratzaile sarea, baina sendotu egin zen 90eko hamarkadatik aurrera: «beti izan ditugu laguntzaileak, eta jende aditua gainera. Historialariak, kazetariak, nekazaritza ingeniariak, ondarean doktoreak, arkeologoak, zientzialariak, idazleak, liburuzainak... Haiei esker sendotu da Aldizkaria». Eta bere ibilbide luzean, 50 kolaboratzaile baino gehiago izan ditu: «batazbeste, beti izan ditugu 10 bat kolaboratzaile finko, eta une honetan, dozena bat dira, urtero bere aportazioa egiten dutenak. Gehienak bertakoak dira, eta Astigarraga ondo ezagutzen dute. Eta haiekin batera, dauzkagu herriko taldeak ere, izugarrizko herri mugimendua baitago Astigarragan. Beraien babesa eman eta ekarpena egiten diote Aldizkariari. Eta denen artean, oinarri sendoa ematen diote», azpimarratu du Antton Arkak.
Edonola ere, Aldizkariko lantaldea da proiektuaren erreferentzia puntua. Etapa ezberdinak bizi izan ditu talde horrek ere: «hasiera batean, ginen Astigar elkarteko bazkideak bakarrik; baina 1990etik aurrera, zabaldu egin genuen, eta elkartetik kanpoko jendea ere aritu da lantaldean, ordutik». Urte hauetan guztietan erreleboak izan dira taldean ere, eta lau-sei laguneko multzoa aritu da beti; zazpi dira une honetan, sartu berri diren hiru kideekin «sendotuta». Horrela, guztira 30 partaide baino gehiago aritu dira lantaldean: «Olatz Arrieta kazetaria, esaterako, gurekin aritu zen hasieran, 1990 inguruan. Berak kontatu du, Astigarraga Aldizkarikoa izan zela bere aurreneko esperientzia kazetaritzan. Eta abuztuan, Belgikatik etxera datorrenean, ilusioa izaten duela Aldizkaria hartzeko, eta lantzen diren gaiak eta agertzen diren herritarrak ikusteko. Belgikara eramaten du bueltan, gainera».
«Instituzioek jarri dizkiguten eragozpenei planto eginez, lortu dugu errekonozimendua»
Oinarri sendoekin ere, ordea, ez da erraza izan Aldizkariaren bidea, hainbat oztoporekin egin baitu topo: «instituzioek bizkarra eman digute zenbait momentutan, eta planto ere egin behar izan genuen, ezarri nahi zizkiguten baldintza eta eragozpenen aurrean. Eta horiei aurre eginez, lortu dugu errekonozimendua, instituzioen eta herritarren aldetik», dio Arkak.
Izan ere, dirulaguntza ematearen trukean, Aldizkaria kobratzera behartu nahi izan zituzten, eta landutako edukien inguruan ere jaso izan dute presiorik, mugatu eta murriztu nahian, «beraien gustuko artikuluak ez zirenean. Baina gure jarrera beti izan da egileei libre uztea, eta herri bizitzan zeuden gai eta enfoke guztiak errespetatzea, politikoki, izaeraz eta pentsaeraz». Nabarmendu du, gainera, proiektuaren finantziazioaren erdia izan direla herritarren ekarpenak: «eta gure helburua beti izan da, herriko baliabideen bitartez, herritarren eskura jartzea edukiak. Herri mugimenduko tokiko komunikazio tresna da Aldizkaria guretzat, eta ez dugu inoren menpe egon nahi izan». Zentzu horretan, Arkak dio «hasieratik» izan dutela herritarren babesa; eta orain, baita Astigarragako Udalarena ere: «dirulaguntza izenduna ematen digu urtero, proiektua bermatuta egon dadin, eta ez ibiltzeko dirulaguntzen menpe; eta pozgarria da hori».
«Herritar askok esan digute, Aldizkari guztiak dauzkatela gordeta etxean»
Herritarren babes hori, Aldizkariak astigartarren artean daukan estimuan islatzen da: «festa giroan iritsi da Aldizkaria urtero, eta protagonista nagusi moduan hartu izan da etxeetan; mahaira ekartzen den plater baten gisan. Bideoa osatzean, beraien testigantza eman digutenetatik, gehienek esan digute Aldizkari guztiak dauzkatela gordeta etxean; eta urtean zehar, gauetan irakurtzen dituztela artikuluak. Hori da lortu dugun konexioa», nabarmendu du Antton Arkak.
Herriaren garapenaren isla da Aldizkaria, «gaiak hasieratik bukaerara jaso dituena, desanexioarena adibidez». Eta horrek, «entziklopedia itxura» ematen diola uste du Arkak: «hasieratik izan dugu etengabe hobetzeko nahia, eta sendotasun haundia eman diogu Aldizkariari. Eta gaur egun ez dago zalantzarik, herriko entziklopedia bilakatu dela. Edonork, Astigarragari buruzko zerbait bilatu nahi badu, bertan aurkituko du. Herriaren bizitza, kultura eta esanak biltzen dituen entziklopedia da; eta gainera, herritarrek bere burua islatuta ikusten dute bertan. Lortu dugu herriko taldeentzat erakustoki bat izatea, eta herritarrentzako informazio iturri».
Zentzu horretan, nabarmendu du AEK euskaltegian baliatzen dituztela Aldizkariko edukiak, eta baita Herri Eskolan ere: «sekulako poza jaso genuen duela gutxi, seigarren mailako ikasleekin. Haiekin izan ginen, eta azaldu ziguten nola lantzen dituzten Aldizkariko edukiak. Beraiek ere urtero osatzen dute artikulu bat, haien esperientzia pedagogikoari buruz».
Horregatik guztiagatik diote, «zerbitzu publiko bat» dela, askotan, herriko taldeek eskaintzen dutena: «instituzioek ere badaukate gaitasuna horretarako, baina ez guk eskaintzen diogun hurbiltasunarekin, harremanarekin, tratuarekin... Aldizkaria egiteko, horixe baitago atzean, harremana. Hori da benetako herri bizitza», dio Arkak.
'Entziklopedia' digitalizatua, webgune berrian
Papereko entziklopedia hori, euskarri digitalean ere eskuragarri dago orain, joan den urtean estreinatu zuten webgune berriarekin: «izugarrizko xagu-lana dago horren atzean. Aldizkariaren aurreneko urteetan ez zen inolako euskarri digitalik, eta beraz, prozesu luzea izan da paperetik digitalera pasatzea, argazki guztiak digitalizatzea, webgunea elikatzea, eguneratuta mantentzeko baliabideak sortzea... Eta horri esker, gaur egun daukagu aukera 40 Aldizkari banan-banan ikusteko karrusel fromatuan, edozein artikulu irakurtzeko erraztasuna, herri mailako kulturan sortzen diren albiste eta erreportajeak modu erakargarrian jasotzeko aukera... 758 artikulu osatu ditugu 40 urte hauetan, eta izugarrizko balioa dauka horrek», dio Astigarraga Aldizkariaren koordinatzaileak.
Euskarri digitalarekin, errematea jarri dio Aldizkariak, bere egoera osasuntsuari: «gaur egun, daukagu zazpi laguneko lantaldea, kolaboratzaile talde sendoa, artxibo analogikoa, maketaziorako bitarteko guztiak, eta webgune berria. Egitura honekin, parte hartzeko gogoz dagoen edozein pertsonarekin, aurrera egiteko oinarriak jarrita daude. Eta horrek lasaitasuna eta ziurtasuna ematen dizu. Finkatuta eta errekonozituta dago proiektua, eta gaur egun, elkarte batek hori esan ahal izatea, gauza haundia da».
«Bere puntu gorenean dago Aldizkaria, une honetan»
Egoera horretan iritsi da Astigarraga Aldizkaria, bere 40garren ediziora: «sentitzen dugu mendiaren tontorrera iritsi garela; bere puntu gorenean dagoela Aldizkaria, une honetan. Eta prest dago bidea egiten jarraitzeko», dio Antton Arkak.
Proiektuarekiko ilusioa nabari zaio hitzetan, gainera, bere sorreratik Aldizkariaren parte izan denari: «pertsonalki, Aldizkariaren inguruan sentitzen dudan poz haundiena da, altxor hau urtero eramatea herritarren eskura. Oso pozgarria da, lanaren prozesu naturala bizi eta ondoren horren fruitua ikustea. Eta fruiturik onena da, herri ekimen hau sortu, herria egiten lagundu, eta elkarteen emaitza bateratua izatea Aldizkaria. Eta horren koordinatzaile izatea, izugarrizko poza da».
Aurtengo Aldizkaria, ohi baino mardulagoa
Urteurren borobila nabarituko da Aldizkarian bertan ere, eta ohi baino mardulagoa izango da aurtengo edizioa. 52 orrialde izaten ditu normalean, hasierako 24 edota 32 orrialdeko haiek atzean utzita. Baina 80 orrialdekoa izango da, datorren ostiralean aurkeztuko dutena.
Bertan, jaso dituzte 30 artikulu, «edizio berezi honi bizitza ematen diotenak». Herriaren historiarekin, bizitza sozialarekin, kulturarekin, ingurune naturalarekin eta elkarteekin daukate lotura artikuluek, eta bereziki sei nabarmendu dituzte: Aldizkariaren ibilbide historikoa biltzen duena; herriko 24 elkarteen deskribapen fitxak; 1934ko zentsuan jasotako erreferentzia bitxiak; 1936ko gerraren garaiak eta errepresioa; emakumea eta gazteria sustatzeko ekimenei buruzko artikuluak; eta eskolaren eta literaturaren esparruko jarduerak.
«Herriko entziklopedia bilakatu da Aldizkaria. Herriari buruz zerbait bilatu nahi duenak, bertan aurkituko du. Lortu dugu herriko taldeentzat erakustoki izatea, eta herritarrentzat informazio iturri»
Uztailaren 9ko aurkezpenera joaten direnek, Aldizkariaren edizio bana jasoko dute; eta gainerakoek, hurrengo egunetik aurrera izango dute eskuragarri, honakoetan: Goxua, Urumea Berriko Ogi Berri eta Valella okindegietan; Ainhoa janari-dendan; eta udal liburutegian. Eta ohi bezala, Aldizkaria jasotzeko unean, borondatezko ekarpena egitera animatu dituzte herritarrak, 3.500 eurotik gorako kostua izan baitu aurtengoak.
Eta paperean ez ezik, euskarri digitalean ere izango da irakurgai, astigar.eus webgunean.