Astigar Dantza Taldeak 45 urte bete ditu aurten. 1976garren urtean sortu zen, eta orduz geroztik makina bat emanaldi egin ditu Astigarragan, eta baita beste hainbat herritan ere. Aski ezagunak dira Astigarren agerraldiak; San Joan bezperako San Joan 8koa suaren inguruan, Santio eguneko ekitaldia uztailaren 25ean, ermitako soka dantza, eta beste makina bat dantza datozkie burura Roxa Zabalegiri eta Arantza Ibarbururi. Zabalegi astigartarra dantza taldeko sortzaileetako bat da; eta Ibarburu, berriz, dantza irakaslea da. 45 urte atzera egin eta urte horietako guztietako errepasoa egin dute, orain arteko oroitzapenak gogora ekarriz.
«Uf! Asko aldatu da guztia», hasi du elkarrizketa Zabalegik. «Oraingo Herri Eskolako patioan eta frontoian egiten genituen entsaioak. Kultur etxera pasa ginen gero; eta, ondoren, kiroldegian eta beste hainbat lekutan ere izan gara entsaiatzen». Ibarburuk baiezkoa egin du, burua gora eta behera mugituz; «ni hona heldu nintzen 1986 edo 1987 urte inguruan, eta talde guztiek kalean entsaiatzen zuten, aterperik gabe. Hori horrela, euria egiten zuenean, aterpe txiki horretan egoten ginen, kontzejupean, lehen frontoirik ere ez zegoelako. Garai hartan, gainera, monjak egoten ziren eta patioa itxita egoten zen. Beraz, giltzak eskatzera joan behar izaten genuen», hausnartu du. Eta, orduan, txistularien laguntzarekin aritzen zineten dantzan, ezta? galdetu diegu. «Ez, ez. Megafoniarik ez genuen. Bertan elkartzen ginenek abestu egiten genuen, dantzari doinua jartzeko. Horrelaxe entsaiatzen genuen; euriarekin, hotzarekin, elurrarekin...!», egin du barre Ibarburuk.
«Herritik sortu den zerbait da Astigar, herrikoia, eta horrela jarraitzea gustatuko litzaiguke»
«Eta bai, dantzaren oraingo egoera eta duela hogeita hamar urtekoa oso ezberdina da; asko aldatu da eta ez dauka zerikusirik. Gainera, herrian ez zegoen ez musika eskolarik, ez Mundarro talderik… ez zegoen ezer. Horregatik, oso harrera ona izan zuen», diote. «Talde potenteak genituen; lehen, Arantza hasi zenean, 140 ikasle zeuden».
Egun, ordea, 70 ikasle inguru ditu Astigarrek. Erriberan entsaiatzen dute talde guztiek, batek izan ezik. Azken hori, Herri Eskolako aretoan aritzen da. 70 bat ikaslek osatzen dute Astigar, bakoitzak bere irakasleak ditu eta astean behin elkartzen dira. «Mailaka daude banatuta; eta, helduen taldean edo talde potoloan, adin guztietako dantzariak daude», azaldu du Arantzak. «Lehen, txiki-txikitatik hasten ziren dantzan, 5 urterekin. Baina, urteak pasa ahala, erabaki genuen 7 urtetik aurrera hastea», dio Roxak. Horrekin lotuta, duela urte batzuk astean bitan edo gehiagotan egiten zituzten entsaioak, baina horretarako ere garaiak aldatu direla dio Arantzak; «oso zaila da haurren eta gazteen eskolaz kanpoko jarduera guztiak kudeatzea eta, beraz, lehen entsaio gehiago egiten bagenituen ere, orain bakarra egiten dugu».
Herritik, herriarentzat
Historia polita bezain unkigarria dauka Astigar Dantza Taldeak. «Duela 45 urte, Astigarragan ez zegoen gaztetxoentzat ezertxo ere ez. Eta, beno, gazte batzuk biltzen hasi ginen; izan ere, Argia Dantza Taldean bi dantzari astigartar zeuden eta herrian ere bazegoen txistulariren bat. Orduan hasi zen hau guztia. Dantza, musika, euskerako klaseak, umeekin mendi irteerak… denetarik egiten genuen», kontatu du Roxak. «Garai hartan, Astigarraga Donostia zen. Hutsune bat zegoen gauza askotan, Donostiak ez ziolako Astigarragari baliabide haundirik eskaintzen. Hortaz, Roxak esan duen bezalaxe, herri mugimendu bat izan zen Astigar Dantza Taldearen sorrera», gehitu du Arantzak.
Dantza talde bat ez ezik, askoz gehiago ere bazen eta bada Astigar. «Herriko festak antolatzen hasi ginen eta gazteen bilkura horri forma ematea lortu genuen. Gainera, buru-belarri, gogo eta ilusio haundiarekin, egin genuen proiektu honen aldeko apustua», hausnartu du Roxak. Ibilbidea pixkanaka hasi zutela diote biek, herritarren laguntzarekin. Bilera lokala ere, horrelaxe lortu zuten, astigartarren eskuzabaltasunarekin; «herritarrei etxez etxe eskatu genien laguntza eta lokala erosi genuen. Ez dugu entsaioetarako erabiltzen, baina jantziak gordetzen ditugu eta hementxe egiten ditugu talde-bilerak», azaldu dute.
Horrez gain, dantzako lokala izateaz gain, bertan «denetarik» egiten zutela diote. «Astigarrek kultura mugimendu bat sortu zuen herrian. Musika Eskolaren aitzindari izan zen, musikako eta solfeoko klaseak ematen zirelako hemen; AEKko klaseak ere; dantzako eskolak; Xaguxar ere hemen hasi zen, umeentzat jarduerak antolatzen zirelako hemen», dio Arantzak. «Esan bezala, ez zegoen ezer finkorik», jarraitu du Roxak; «eta hau dena hasi zenean, pixkanaka gero eta proiektu gehiago egiten hasi ziren. Herriko festak antolatzeari ekin genioenean, bai, esango nuke orduan hartu zuela indarra honek guztiak».
«Dantza terapia da; morala igotzeko balio du. Triste zaudenean, dantzatu dezakezu, baina oso geldirik. Baina dantzatzen duzunean, saltoa, bira… mugimenduak berak animoa igotzen du»
Dantza barru-barruan daukate Astigarrekoek, artea baino, beste asko ere badelako beraientzat, eta baita herritar gehienentzat ere. «Guretzat oso garrantzitsua da. Herritarrek ikusi zutenean kultura arloan zerbait egiten ari zela, eta, horrez gain, taldeak berak identitatea ematen ziola jendeari eta herriari, indar haundia egin zuten horren alde. Izan ere, euskeraren alde egitea euskaldunon balore bat zen eta den bezalaxe, dantzaren alde egitea ere horixe bera zen. Orain, agian, hori galdu egin da egun, hamaika egiteko gehiago daudelako. Lehen, aldiz, herritarrek eskola amaitzen zutenean, dantza egiten zuten. Batzuk futbolean edo bestelako kiroletan ere aritzen ziren, baina ez herrian, Mundarro ez zegoen-eta». azaldu du Arantzak.
Tradizionalaren aldeko apustua
Astigar Dantza Taldeak euskal dantzen sustraiei heldu die beti, inolako nahasketarik egin gabe. «Beti eduki dugu argi dantza tradizionalak egingo genituela. Gure filosofia da tradizioari heltzea ahalik eta gehien. Egiten ditugun dantzak eta dantzatzeko modua ere, tradizionalak dira», deskribatu du dantza irakasleak. «Zertxobait aldatu dena jantzien kontua da. Hain justu, aldaketa nagusia da, orain neska gehiago daudenez mutilak baino, dantza zabaldu egin dela, neskak eta mutilak elkarrekin aritzen direlako dantzan, eta ez soilik neskak nesken dantzetan eta mutilak mutilenetan», gehitu du Roxak.
Horrekin batera, jantziek zeresan haundia dutela aipatu dute biek. «Dantzaren kasuan bezalaxe, jantziekin ere gauza bera gertatzen da. Ahalegintzen gara jantziak tradizionalak izaten, inolako berrikuntzarik gabe». Kasu gehienetan, Astigarreko kideek egiten dituzte jantziak, jostunari enkarguz eskatuta; eta, beste batzuetan, berriz, beste talderen bati eskatzen dizkiete, «kasu zehatzetarako». Hori horrela, denetarik dute dantzako lokalean; «Larrain dantzako txalekoak, Lesakako dantzetakoak, Ariztungo sagar dantzakoak, Jaurrietakoak… denetarik dugu. Pixkanaka-pixkanaka saiatu gara guztiak biltzen eta guk edukitzen», diote. «Gipuzkoako dantzak, Bizkaikoak, Nafarroakoak, Lapurdikoak… Dantza bakoitzak eskatzen duen jantzia izaten ahalegintzen gara».
Bestalde, dantzari asko astigartarrak badira ere, bailara guztiko ikasleak daude Astigarren. «Oiartzungo eta Martuteneko dantzariak ere izan dira taldean, eta Urnietako ikasle bat ere badaukagu», dio Arantzak. «Kontuan hartu behar da orain Herri Eskola dagoela, baina lehen, ikastola zen, Astigarraga Donostia zelako. Horregatik, bailarako ikastola zen Astigarragakoa. Astigarragako, Martuteneko eta Loiolako eskola zen, eta handik ere etortzen ziren ikasleak, dantza eskolak jasotzera».
«Gure esku ez dagoen arren, etorkizunean, gustatuko litzaiguke herriak dantzan jarraitzea. Edo, behintzat, dantzan jarraitzeko eskaintza egotea da gure nahia»
Harreman ona dute Astigarragako dantzariek gainerako taldeekin: elkar truke hori izatea «oso polita» dela dio Arantzak. «Topaketak egiten ditugu eta dantzari txiki egunean ere parte hartzen dugu», adierazi du Roxak. «Urnietara, Añorgara, Hernanira, Lesakara, Lezora eta beste hainbat herritara ere joaten gara. Eta fokua zabalduta, Alemaniara eta Bartzelona ingurura ere bidaiatu dugu, bertako jardunaldi edo festetan dantzatzera».
Eta, horrela, bide hori jarraituz, Astigarreko hainbat dantzarik maila profesionalera salto egitea lortu dute. «Argia Dantza taldera joan diren dantzariak baditugu; eta, horrez gain, Dantza pelikulan ere parte hartu dute Astigarreko dantzariek. Joseba Astarbek protagonista gisa, eta, gero, beste dantzari asko ere atera ziren pelikulan», kontatu dute.
Santio eguna kuttuna eta berezia da Astigarrentzat
Aipatu moduan, ibilbide luze honetan makina bat emanaldi egin dituzte, baina bada horien artean urtero berezia den bat; Santio egunekoa, hain justu. Uztailaren 25a beti da bakarra Astigarreko dantzarientzat. Gogoz itxaroten dute egun hori, «horixe baita gure emanaldi kuttunena», dio Arantzak. «Gure urteko ikuskizun potoloa dela esan genezake. Dantzari guztiak biltzen dira, etxeko guztiak eta lagunak etortzen dira emanaldia ikustera, eta oso-oso berezia izaten da».
Baina bakarra aukeratzea oso zaila dela diote biek. Santiotakoa ez ezik, beste hainbat ere aipatu dituzte; «atarian egiten genituenak, preludio gisa, horiek ere xarma berezikoak dira guretzat. Asko zerrendatu genitzake: 80 urtetik gorakoei egiten diegun omenaldia, sagar uztako urteroko ikuskizuna, sagardo berriaren egunekoa...», egin dute gogoeta.
Urteurrenari begira, egungo egoera dela eta, oraindik ez dute plangintza zehatzik. «2021eko irailerako zerbait berezia egin nahi genuen. Buruan ditugu hainbat ideia; erakusketa edo hitzaldiren bat egitea, adibidez. Dena den, oso geldirik dago kontua, ez dakigulako egiteko aukera izango dugun ala ez. Biltzeko ere beldurrez ibili gara, beraz… zaila da, oraingoz, ezer finkatzea», azaldu du Roxak. «Kezka ere badugu, izan ere, mugak ireki dituzte eta jendeak oporretara joateko gogo haundia du. Baten batek aipatu digu kanpora joan nahi zuela, eta Santiotako emanaldia udan denez, beldur hori badugu, ea dantzariren bat ikuskizunerako egongo ote ez den», kontatu du astigartarrak.
Edonola ere, uztailaren 25ean emanaldia izango dela ziurtatu dute. «Kontua da denek uste dugula festak, aurten, ez direla izango. Eta, orduan, dantza emanaldirik ere ez dela egingo. Hala ere, joan den urtean egin genuen urteroko saioa, eta aurten ere dantzatuko dugu. Katastrofe demografiko bat gertatzen ez bada eta hau guztia ixten ez duten bitartean, dantzatuko dugu!», dio barrez, Arantzak.
Etorkizun itxaropentsua
Datozen urteei begira, Roxaren eta Arantzaren desira da Astigarrek dantzan jarraitzea. Gainera, diote, lekukoa pasatzeko unea dela; «etorkizuna gazteen esku utzi behar dugu. Beti egongo gara laguntzeko prest, baina aldaketa, batzuetan, beharrezkoa da». Gogoeta hori egitean, dantza taldean izan diren dantzariak oroitu dituzte, eta taldea aurrera eramaten lagundu duten herritar guztiak ere gogora ekarri dituzte; «gure esku ez dagoen arren, etorkizunean, gustatuko litzaiguke herriak dantzan jarraitzea. Edo, behintzat, dantzan jarraitzeko eskaintza egotea da gure nahia. Balorean jartzea dantza; kirolaz eta jarduera fisikoaz gain, euskal dantza gure nortasunaren altxorra delako», hausnartu du Arantzak. «Euskerak euskaldun egiten gaitu, baina baita ohiturek eta euskal dantzek ere. Dantzak gure nortasunaren zati oso garrantzitsua dira; dantzak galduko balira, gure kulturaren besoak, hankak edo burua galduko genituzke».
Ez Roxak ez Arantzak ez dute etorkizuna imajinatzen, Astigar Dantza talderik gabe. «Ikusiko bagenu dantza taldea desagertu dela, guretzat oso kolpe latza izango litzateke. Lan haundia egin dugu Astigar Dantza Taldearen alde, eta urte asko daramazkigu honetan. Esan bezala, herri mugimenduari esker sortu zen eta, beraz, pena izugarria sentituko genuke taldea desagertuko balitz», erantzun du Roxak.
Esanak esan, guztiaren gainetik, itxaropentsu begiratzen dute ortzimuga. «Herriko muinetatik, sustraietatik, sortutako zerbait da Astigar. Urteurrena da oraingoa, eta espero dugu beste hainbeste urtetan Astigarragak euskal dantzetan jarraitzea. Herriak honetan jarraitzea nahi dugu, beraz, segi dantzan!».