Egun seinalatua da gaurkoa, San Isidro eguna, bereziki baserritarrentzat. «Berez jaieguna izaten da guretzat. Baina oso zaila da jai egitea. Beti dauzkagu salmentak, banaketak, baratzeko lanak... Ahal dugun neurrian ospatzen dugu San Isidro, baina lanak alde batera uzterik ez daukagu. Garai batean bai, bazekiten egun horretan dena utzi behar zela, eta San Isidro ospatu. Guk baino hobeto zeramakiten dena, akaso!», dio Bordatxo baserriko Manu Zulaikak.
Goizean egin beharreko lanak eginda ateratzen dira Larrabide baserritik ere, San Isidroko ospakizunetara: «goizean etxeko lanak eginda ateratzen gara, eta arratsaldean bueltatzean ere berriro ekin behar diogu. Baina guretzako egun garrantzitsua da, eta ordu horiek asko balio dute. Tertulian aritu, elkarri kontuak kontatu, bazkaria egin... Oso ondo pasatzen dugu, eta hurrengo urterako poza jasotzen dugu», nabarmendu du Larrabideko Juani Otañok.
Juani Otaño: «Goizean lanak eginda joaten gara San Isidro ospatzera, baina ordu horiek asko balio dute. Ondo pasatzen dugu, eta hurrengo urterako poza jasotzen dugu»
Bai Bordatxo eta bai Larrabide, biak omenduko dituzte gaur goizean, Astigarragako San Isidroko ospakizunean, beste sei baserrirekin batera: Lagatxaga, Ermaña, Etxeluze, Oiarbide, Lizardi eta Guardi. «Gustura jasoko dugu errekonozimendua, ez digute askotan egingo eta!», adierazi du Etxeluzeko Ander Altunak. Ekitaldi xumea izango da, pandemiaren eraginez; baina iaz, ospatzeko aukerarik ere ez zuten izan. Horrela, mezaren ondoren, Foru Plazan elkartuko dira, eta eskerrak emango dizkiete Astigarragako Udalak eta Goldea Elkarteak, baserritarrei; eta baita eskultura bat ere, Mikel Letxundik propio baserriari buruz egindakoa. Aurreskua ere dantzatuko diete omenduei, eta bertso bana jarri diete Andoni Egañak eta Sebastian Lizasok, baserritar bakoitzari.
Ondoren ez da izango herri kirolik, ezta bazkaririk ere. Datorren urtera arte itxaron beharko du horrek, baserriko lanek itxaroten ez duten bezala.
«Konfinamendutik hona, nabaritu da nolabaiteko sentsibilizazioa, baserriko lanarekiko»
Baina pandemia hasi zenetik, ez dira txarrak izan albiste guztiak, baserritarrentzat. Hala uste du Manu Zulaikak, behintzat: «nik beti sentitu dut bigarren mailako lanbidetzat hartzen dela baserrikoa, baina konfinamendutik hona, nabaritu dut nolabaiteko sentsibilizazioa, baserriko lanarekiko. Beste errespetu bat dio kaleko jendeak baserritarrari. Baztertuta ikusten gintuzten lehen, atzean geratu bagina bezala, baina hobera egin du horrek. Baserritarren presentzia errespetu gehixeago hartzen ari da; ez behar bezainbeste, baina bai pixkanaka gehiago. Eta horren arrazoi nagusietako bat da, beharbada, bertako produktuaren kalitateaz jabetu izana».
Aldaketa nabaritu du Juani Otañok ere: «baserriko lana bizitu edo gertutik ezagutu ez duenak, oso gutxi baloratzen du. Kalean ikusten bazaituzte, esaten dizute gaur ere jai al daukazu? Beraiek kalean ibiliko dira egunero, eta inork ez die ezer esango; baina zu ikusten bazaituzte... Dena den, gazteen artean, badakitenak zer jan nahi duten, hasi dira baloratzen. Zuk ondo jan nahi baduzu, joango zara azokara edo denda txiki batera, badakizulako bertako produktuak daudela. Eta hasi dira horretaz konturatzen, eta baloratzen baserriko lana».
Baserriko belaunaldi berrikoa da Ander Altuna, eta bera ez da Zulaika eta Otaño bezain baikorra: «kalekoek ez dute baloratzen baserriko lana, ezagutu ere ez dutelako egiten. Eta kanpoko produktuak ekarrita ere, ekologikoa dela edo beste edozer jartzen badiete, erraz engainatzen dituzte. Jendea ez da konturatzen, zer galduko genukeen baserriak desagertuz gero. Galdutakoan konturatuko dira, zenbat balio duen. Eta beharbada hobea litzateke galtzea, konturatu daitezen».
Errelebo falta, kezka iturri
Ez dira asko, Altuna bezala, baserriko lanetan aritzen diren gazteak: «aitak txikitatik erakutsi digu itxiturak egiten eta desbrozatzen, mendia garbitzen; eta horrekin jarraitzen dugu. Aitarengatik, fama ona hartuta geneukan itxiturekin, eta lana soberan genuenez, anaiak eta biok egun batetik bestera erabaki genuen, autonomo egin eta honetan aritzea. Jende gutxi gabiltza horrela, eta gero eta gutxiago. Baina koadrilan, bederatzi lagunetatik, bost bizi gara baserriko lanetatik. Beraz, gure aldetik behintzat badago segida. Jendea badago, akaso pulamentuzkorik ez, baina egon badago», dio barrez. Edonola ere, etorkizun beltza ikusten dio baserriari: «baserrian lanik ez da faltako, baina oso etorkizun tristea ikusten diot, eta urte gutxikoa, horrela jarraitzen badu. Santiomendin bertan, urte gutxitan ikaragarri jaitsi da. 15 urtetan, pasa gara baserriak edonon egotetik, ia inon ez egotera. Pena ematen du, baina produktua ere ez da behar bezala ordaintzen, eta ulertzekoa ere bada askotan. Guk ere nabaritu dugu beherakada. Itxiturak egiten, kanpoan gehiago aritzen gara lanean, hemen baino. Aia aldean, adibidez, baserri gehiago daude».
Errelebo faltaren mamua airean dabil, Larrabiden eta Bordatxon ere: kanpoan ari dira lanean, etxeko alabak. «Senarra eta biok aritzen gara baserrian lanean, eta alabak kanpoan dabiltza», kontatu du Otañok; «baina asteburuetan laguntzen dute hemen. Gutxiago edo gehiago, denak inplikatu gara baserriko lanetan, eta alabek asko lagundu digute beti. Gazteak zirenean, ikasi ondoren, beti aritzen ziren baserriko lanetan, eta ez dugu kanpoko inor ekarri behar izan lanerako», kontatu du. Zentzu horretan, dio baserriak «bizitzeko hainbeste» ematen duela, «baina beste lanbide batzuetan baina ordu dexente gehiago sartuta. Lotarako zortzi orduak kenduta, gainerako guztietan daukazu beti zerbait egiteko. Eta asteburuak ere berdin, hemen ez jaiegun eta ez opor».
Erreleboarekin kezka azaldu du Zulaikak ere: «gu baserritik bizi gara, eta oraindik posible da, baina ordu asko sartuta. Emaztea eta biok aritzen gara, eta beste bi langile dauzkagu gurekin. Erreleboa nahiko zaila dago, mundu urbanoaren eta ruralaren artean hainbesteko aldea dagoen bitartean. Kaleko batek, astean bost egunez eta egunean zortzi orduz lan eginda, soldata bat lortu dezake; baina hori gure kasuan ez da posible. Soldata bat lortzeko, askoz ere ordu gehiago sartu behar ditugu. Beraz, ulertzen dut gazteei eta belaunaldi berriei horrek ez erakartzea». Izan ere, «gustuko lanean» aritzearen poza dauka Manu Zulaikak, balantzaren beste aldean: «nik beti izan dut gustuko baserriko lana, bizitzaren zati haundi bat lanean eman behar dudala jakinda ere. Gustuko lan batean ari naiz, eta ez dakit askok esan dezaketen hori, gaur egun. Atzera bueltatu eta berriro aukeratu behako banu lanbidea, uste dut honetan sartuko nintzatekeela, bere zailtasun guztiekin».
Zentzu horretan, betidanik baserriko lanak ezagutu izana, ia ezinbestekoa dela uste du: «sortu dira proiektu berriak, agroaldeetan eta, baina horietatik gutxi batzuek bakarrik egiten dute aurrera. Guk abantaila daukagu, baserritik gatozelako. Baina kaleko batek hutsetik hasi behar badu, zailtasun askorekin egiten du topo, lurrak eskuratzetik hasita. Badaude laguntzak instituzioetatik, baina uste dut gehiago behar direla».
Taula baserriko Elena Etxeberria, Delfin laguntzailearekin, Erribera kulturgunearen aurrean jartzen duten postuan.
Salmenta zuzena, indarberritzeko bidean
Barazkiekin egiten dute lan Bordatxon, eta salmenta, Donostiako San Martineko azokan egiten dute, eta baita denda txikietara banaketa eginda ere. Larrabiden, berriz, haragitako behiak, ardi eta oiloak, sagarrondoak eta baratza dauzkate; eta bezeroak, finko xamarrak: «harakinari saltzen diogu behi eta txekorren haragia; eta arrautzak ez dira asko izaten, baina bezero finkoak dauzkagu eta haiei saltzen dizkiegu zuzenean. Sagarrekin, berriz, etxerako egiten dugu sagardoa», dio Juani Otañok.
Bordatxo baserrikoek bezala, San Martin azokan zeukan postua Taula baserriko Elena Etxeberriak ere: «ama joaten zen bere garaian, eta nik jarraitu nuen postuarekin. Baina utzi egin nuen, eta herrian bertan jartzen dut orain», azaldu du. Erribera kulturgunearen aurrean muntatzen dute postua, astearte eta ostegun arratsaldeetan, eta larunbat goizetan: «oso gustura gaude, postuak hartu duen martxarekin. Abenduan hasi ginen jartzen, eta aurreneko egunetik etorri da jendea. Askotan kosta egiten da hasieran, martxa hartu arte; baina hemen lehenengo egunetik funtzionatu du. Badirudi jendeak nahi zituela barazki freskoak, baserritik zuzenean ekarrita», azaldu du Elena Etxeberriak.
Antton Arka: «Ezagutu behar ditugu herriaren sustraiak. Horrek ez du esan nahi mantendu egin behar ditugunik; egokitu behar ditugu errealitatera. Baina garrantzitsua da gure kultura, ohiturak eta baloreak ezagutzea»
Bezeroen perfila ere nabarmendu du berak: «larunbatetan adinekoak ere etortzen dira, baina astean zehar, gazteak izaten dira gehien, ume txikiekin. Begira egoten dira umeak ere; ikusten dute produktua, eta gurasoek nola erosten duten. Eta hori oso garrantzitsua da, ohitura bat sortzen duelako beraiengan». Haietako asko, herrira etorri berriak direla kontatu du Etxeberriak, eta gauza bitxia ematen dela: «garai batean, erribera honetako barazki guztiak Donostiara eramaten ziren, tranbia hartuta, han saltzeko. Eta orain, Donostiatik hona bizitzera jende asko etorri denean, Astigarragan bertan saltzen dizkiegu». Uste du, horrek akaso behar berri bat sortu duela: «garai batean, hemen gehienak ziren baserritarrak, eta beraz, baratza daukanak ez dauka erosi beharrik. Baina hemen, Urumea Berrin bereziki, sortu da herri txiki berri bat, eta bertakoak etortzen dira gure postura erostera, bereziki».
«Gustatuko litzaidake ekoizle gehiagok jartzea postua»
Berak izan duen esperientzia onetik, gainerako baserritar eta ekoizleak animatu ditu Elena Etxeberriak, plazan postua jartzera: «gustatuko litzaidake ekoizle gehiago etortzea, produktuak saltzera. Gu oso gustura gaude hemen. Jendeak ikusi egiten gaitu, eta gerturatu egiten da, erakarrita. Baserritik ekarri eta zuzenean herritarrei saltzea da onena. Etxetik lau minutura gaude, eta gertatu izan zaigu, produktua bukatu eta momentu batean baserrira joatea, gehiago ekartzeko. Goizean bildutako letxugak saltzen ditugu arratsaldean; produktua moztu eta prestatu, eta zuzenean ekartzen duzu plazara».
Ekoizle gehiagok postua jartzeak, «azokako giroa» ere sortuko luke, pixkanaka: «hori botatzen dut faltan hemen». Beharbada horregatik, egunero joaten da Etxeberria, oraindik ere, San Martin azokara, «erosketak egitera, baserritarrekin hartu-emanak izatera... Eta aprobetxatzen dut, lehengo bezero batzuei enkarguak eramateko».
Baina postua, Erriberan bakarrik jartzen du orain, eta ez da bakarrik egoten: «Delfin daukat laguntzaile. Bost urte daramazki gurekin, baratzean lanean; eta orain, postura ere saltzera etorrita, ikusten du bere lanaren emaitza nora iristen den, jendeak nola hartzen duen. Eta horrek lanerako gogo gehiago pizten dizu; prozesu osoa ezagutzeak, beste poz bat ematen dizu. Gainera, bezero gehienak euskaldunak izanda, pixkanaka euskera ere ikasten ari da; Belarriprest ariketa egiten du».
Antton Arka, Goldea Elkarteko kidea, Andre Gobadarien ibai-parkean.
«Astigarragak bere izaera galdu du, azken urteotako eboluzio demografikoarekin»
Baserri Mahaiaren ekimenetako bat da, Taula baserriaren postuarekin martxan jarri duten «proiektu pilotua», Goldea Elkarteko Antton Arkak azaldu duenez: «oso esperientzia emankorra ari da izaten, eta nahi ditugu herrian beste hiru-lau etxetxo jarri, baserritarrek plazaratze lana egin ahal izateko».
2015ean jarri zuten martxan Baserri Mahaia batzordea, ikerketa batetik abiatuta: 2008an, baserriari buruzko azterketa sozioekonomiko bat egitea eskatu zion Goldeak Udalari. 2014an gauzatu zen azterketa hura, eta horretan, azaleratu ziren baserrietako beharrak. Eta markatutako plan estrategikoari segida egiteko, batzorde bat sortzeko beharra ere nabarmendu zen. 2015ean sortu zen arren, bilera bakarra egin eta lau urteko hutsunea izan zuen Baserri Mahaiak, 2018ra arte. «Ordutik ari gara lanean, 12 partaiderekin: sei baserritar, Goldeako eta Baratze Elkarteko ordezkari bana, bi udal teknikari, nekazal ingeniaria eta udal zinegotzia. Hiru hilean behin egiten ditugu bilerak, eta azkenaldian, baserrien errolda berritzeari buruz ari gara», dio Antton Arkak. Galdetegi bidez, jaso nahi dute baserri bakoitzaren jarduera mota, dedikazioa, beraiena ote den baserria, erabiltzen duten makineria... «Eguneratu nahi dugu baserrien egoeraren mapa, eta horren arabera, ekintza marko bat zehaztu, haien beharrei aurre egiteko».
Dauzkaten azkeneko datuen arabera, 143 baserri daude Astigarragan: horietatik 21 dira baserri integralak eta baserritik bizi direnak; beste 48k daukate jardueraren bat; eta gainerako 74ak landa-etxeak dira, baserria zena etxe bihurtuta, baina jarduerarik gabekoa. «Ez dut esango egoera kritikoa denik, baina bai kezkagarria», dio Arkak.
Eta horrela da, bereziki, herriak izan duen garapenagatik: «Astigarragak bere izaera galdu du, azken urteotako eboluzio demografikoarekin; eta berrestrukturatu behar dugu herria. Lehen ginen 3.000 bizilagunei, gehitu zaizkie beste 4.000 biztanle. 7.000 laguneko komunitatea osatzen dugu, eta etorritako berriek jakin behar dute zein diren herriaren sustraiak. Horrek ez du esan nahi mantendu behar ditugunik. Egokitu egin behar ditugu errealitatearen arabera. Baina garrantzitsua da gure ohiturak, gure kultura eta gure baloreak ezagutzea».
Bide horretan, beharrezkoa ikusi dute sozializatzea «gure baserriek dauzkaten altxorrak eta gure baserritarrek zabaltzen dituzten mezuak. Izugarrizko baloreak dauzkagu gure baserrien munduan, eta da eredu bat gizarteratu daitekeena, integratu». Horretarako, jaso dituzte omenduko dituzten zortzi baserritarren mezuak, eta murala osatu dute: Foru Plazan jarriko dute gaur, baina datozen aste eta hilabeteetan, plazaz plaza mugituko dute, «gaur egun baserritik bizi diren baserritarren ahotsa plazaratzeko».
«Herritarrok urruti ikusten ditugu baserriak»
Izan ere, Antton Arkak dioenez, «herritarrok, kaleko jendeak, urrutitik ikusten ditugu baserriak. Badakigu hor daudela, baina ez ditugu propio sentitzen. Distantzia bat dago, eta hitz egiten dugunean herritik baserrira eta baserritik herrirako ibilbide bikoitzaz, garrantzitsua da elkarren ezagutza eta komunikazioa. Garai batean baserri asko zeuden horretatik bizitzen, eta eboluzio ekonomikoaren ondorio da egungo egoera, baina babes faltaren ondorio ere bai. Instituzioek askotan nabarmentzen dute lurraldea zaintzearen eta kontserbatzearen garrantzia, baina gero beraiek sortzen dute desoreka. Baserritarrek ez dute dirulaguntza jaso nahi; baizik eta bitartekoak eta azpiegiturak jarrita suspertzea. Ez dute nahi errekonozimendu pertsonal bat, esatea zeinen langileak diren. Behar dutena da errekonozitzea baserriek herriari ematen diotena, erakutsiz eta ezagutuz egiten duten lana».
Eta bide horretan, Arkak uste du «kontzientzia bat sortzen» ari dela, eta hori lortuz gero, «askoz ere errazagoa» izango dela ulertzea «egiten duten esfortzua, zenbat maite duten baserria, nola lantzen dituzten kalitatezko produktuak...».
Baina horrekin batera, belaunaldi aldaketa ez deskuidatzeko deia luzatu du Arkak, eta «administrazio politika praktiko baten beharra» azaleratu du: «komertzioetan lokal hutsekin egin den bezala, baserri mailan ere egin beharko litzateke, nola aktibatu baserriak gazteekin, ekintzaileentzat eskaintza eginez. Garaiz heltzen badiogu, posible da baserriak elikatzea eta, prebentzio lanak eginez, gutxienez mantentzea oraingo mailan».
«Gurean, denak inplikatu gara baserriko lanetan»
JUANI OTAÑO
LARRABIDE BASERRIA
«Senarra eta biok aritzen gara baserrian. Alabak kanpoan dabiltza lanean, baina hemen denak inplikatu gara baserriko lanetan. Asko lagundu digute beti, eta orain ere, asteburuetan laguntzen dute. Baserriko lana bizitu edo gertutik ezagutu ez duenak, oso gutxi baloratzen du. Gazteen artean, badakitenak zer jan nahi duten, hasi dira baloratzen. San Isidro egun garrantzitsua da guretzat. Oso ondo pasatzen dugu, eta hurrengo urterako poza jasotzen dugu. Aurretik eta ondoren lan egin behar dugu, baina ordu horiek asko balio dute».
«Koadrilan, bederatzitik bost bizi gara baserriko lanetatik»
ANDER ALTUNA
ETXELUZE BASERRIA
«Aitak txikitatik erakutsi digu itxiturak eta desbrozeak egiten, eta egun batetik bestera, anaiak eta biok erabaki genuen autonomo egin eta honetan aritzea. Koadrilan bederatzi lagun gara, eta bost bizi gara baserriko lanetatik. Baserrian lanik ez da faltako, baina etorkizun beltza ikusten diot; galtzen ditugunean baloratuko ditugu. Astigarragan, pasa gara baserriak edonon egotetik, ia inon ez egotera. Pena ematen du, baina produktua ere ez dute behar bezala ordaintzen, eta ulertzekoa ere bada askotan».
«Jendeak nahi zituen barazki freskoak, baratzetik zuzenean»
ELENA ETXEBERRIA
TAULA BASERRIA
«Oso gustura gaude postuak hartu duen martxarekin, Erribera kulturgunearen aurrean. Aurreneko egunetik etorri da jendea; badirudi nahi zituela barazki freskoak, baserritik zuzenean ekarrita. Jende gaztea etortzen da, umeekin; eta haiek ere begira egoten dira. Ikusten dute produktua, eta gurasoek nola erosten duten. Hori oso garrantzitsua da, ohitura bat sortzen duelako beraiengan. Gu etxetik lau minutura gaude, eta goizean bildutako letxugak saltzen ditugu arratsaldean; produktua moztu eta prestatu, eta plazara zuzenean».
«Gustuko lan batean ari naiz; ez dakit askok esan dezaketen»
MANU ZULAIKA
BORDATXO BASERRIA
«Gu baserritik bizi gara, eta oraindik posible da, ordu asko sartuta. Erreleboa dago nahiko zaila, mundu urbanoaren eta ruralaren artean hainbesteko aldea dagoen bitartean. Soldata bat lortzeko, askoz ere ordu gehiago sartu behar ditugu guk. Baina ni gustuko lan batean ari naiz, eta ez dakit gaur egun askok esan dezaketen hori. Dena den, kaleko batek hutsetik hasi behar badu, zailtasun askorekin egiten du topo, lurrak eskuratzetik hasita. Badaude laguntzak, instituzioetatik; baina gehiago beharko lirateke».