1933ko urtean iritsi zen Felixa Erbetegi baserrira, 19 urte, senarra, sabelean neska txiki bat eta maleta zahar bat hartuta. Errezilgo jaiotetxea utzi, biek ala biek, eta Astigarragan hasi zuten bizimodu berri bat.
Gaur ezingo dira, ordea, egurrezko eskailera haien orroak berriro aditu, otsaila bukaeran bota baitzuten Erbetegi baserria, Abiadura Haundiko Trena oso gertu pasako dela aitzakia hartuta. Urte asko pasatu ziren trena bertatik pasako zela eta bota egin behar ote zutenaren sona iritsi zenetik bizilagunen belarrietara: «Felixak berak ere, tren azkar hori probatu nahi zuela zioen, pentsa noizko kontuetaz ari garen. Baina burua altxa eta inguru hauek orain nola dauden ikusiko balu…», dio bere semeetako batek. Gorabeherak gorabehera, expropiazioaren baieztapen ofiziala 2019ko urte bukaeran iritsi zen.
Hasiera batean, Adifek etxea zutik mantentzeko intentzioa omen zeukan, soinuaren kontrako pantaila batzuk jarrita. Baina azkenean, botatzeko erabakia hartu zuten, trenaren dardarizoek etxea kolokan jarriko zutelakoan. Hori horrela, 2020ko apirilean ziren botatzekoak, baina Covidak eragindako atzerapenen ondorioz, pasa den otsailaren bukaeran ikusi ahal izan zituzten azkenekoz harrizko pareta haiek, Felixaren oinordekoek: «85 urterekin, norberaren jaiotetxea botatzen ikusi beharra ere, marka da gero», zioen haietako batek.
1862 urtean, aurreneko trena
Erbetegiko etxea, Donostiako Okendotegi bidean zegoen kokatuta, Ergobiko auzoaren parean, Urumea ibaiaren ondoan. 1862 urtean egindako segregazioaren ondorioz, banatu ziren ondasunak: etxea Donostiarentzat eta erribera lurrak Astigarragarentzat.
Segregazio hori egin zen, etxearen kontra-kontran, trenbidea egin zutenean. «Ingeniero asko ibili dira hemen atzera eta aurrera, eta askotan entzun behar izan dut nola ote zen posible etxe hau egitea trenbidearen kontran. Ni ez nintzen ixilik gelditzen eta erantzun egiten nien: jakin ezazuela, etxea trenbidea baino lehenagokoa dela!», dio bizilagun batek.
«Ingenioeroei askotan entzun diet, nola ote zen posible etxe hau egitea trenbidearen kontran. Ni ez nintzen ixilik gelditzen eta erantzun egiten nien: jakin ezazuela, etxea trenbidea baino lehenagokoa dela!»
Donostiako etxerik zaharrenetarikoa, Erbetegi
XV mendeko etxea zen Erbetegi baserria, eta horregatik diote Donostiako etxe zibil zaharrenetarikoa zela. Hori dela eta, Ancorak (ondare historikoaren alde egiten duen elkartea) eskatu zuen, etxea ez botatzeko, ikerketa lan batekin dokumentatuta.
Ikerketa dokumentu horretan dioenez, sorrera urteetan, Legarra zuen baserriak izena, Miguel Ochoa de Olazabal errege eskribauarena eta Catalina de Torrano bikotearena zen, 1477 urtean ezkondutakoak. Alaba baten dote bezala eman zioten etxea, honen senarra izango zenari, Miguel Perez de Erbetari, Donostiako alkatea eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria izan zena.
Etxearen izen aldaketa azkeneko honek egin zuela diote, eta ordutik Aurrera Erbetegi (Erbetegi La Vieja) bezala izan da ezaguna.
Etxearen sarrerako arku gotikoa Gordailura eraman zuten.
Azkeneko egunera arte, etxeko sarreran arku gotiko bat ere ikusi zitekeen, ondare historiko bezala deklaratutakoa. Arko horretan, Olazabalen armarria ageri zen. Baita Miguel Perez de Erbetaren izena ere, etxeari izena aldatu bakarrik ez, bere izena ere grabatuarazi baitzuen arko horretan.
Etxea botatzeko erabakia hartu ondoren, Diputazioak hainbat lagin hartu ditu, eta aipatutako arko hori desmontatu eta Gordailura eraman du.
Urte askotan izan zen Errege Bidearen parte, Frantzia aldera zijoan bidea. XIXgarren mendean, baserri modura errentan eman zen, eta 1875eko abuztuan, tropa karlistek erre egin zuten. Ordutik, hainbat erreforma egin ziren, baita anpliazio-edifizioak ere.
Gaur gaurkoz, Erbetegiko etxea zegoen tokian, obra hondakinak besterik ez dira gelditzen, eta etorkizun historikorik baduen ere ezezaguna da.
Lur jausiak azpian hartutako baserriaren azkeneko paretak
Erbetegi baserriaren parean bazen beste bat, Erbetegi Berri zena, 1933ko urrian lur jausi batek azpian harrapatu zuena. Kantoi bakar bat geratu da gaur arte, baserri haren aztarna gisa; eta orain bota dute hura ere, AHTaren obrak tarteko.
Inguruko bizilagunak auzolanean, Erbetegi Berrin, lurra ateratzen, lur jausiak eragindako hondamendiaren ondoren. Argazkia: Pascual Marin/Kutxa Fototeka
Erbetegi baserriko paretak ez dira izan otsaila bukaeran bota dituzten pareta bakarrak. Bere parean bai baitzeuden, garai batean baserri-sagardotegia izandakoaren arrastoak ere: Erbetegi Berriren paretak.
Zuaznabartarren bizileku zen baserri hura, baina hondamendia ez zuen AHTak ekarri, lur jausi batek baizik. 1933 urtea zen, urria, eta euri asko egin omen zuen udazken hartan.
Zuaznabartarrak, Felixa bezala, ezkondu berriak ziren, eta seme baten esperoan ziren haiek ere. «Gure aita eta ama udaran etorri ziren Erbetegira, eta lur jausia octubrian pasa zen, hala esaten zuen gure aitak behintzat».
Garai hartan ohikoa zen bezala, baserriak ematen zuenetik bizi ziren asko eta asko. Baratzean egin eta Donostiko merkatura joaten ziren saltzera etxeko emakumeak. Orduko testingantzek diotenez, Zuaznabartarren kasua ere hori omen zen; goiz hartan, andrea plazara joana zen otarra hartuta. Senarra, aldiz, baserriko lanetan.
Baserriak goiko aldean mendia zeukan, inguru horretan ohikoa den moduan, hondar lurrarekin osatutakoa nagusiki. Hori gutxi balitz, urte batzuk ba omen ziren Garratxeneko baserritar batek abisua pasa zuela, mendi horren goiko aldean etena zegoela eta hondamendia gertatuko zela hura konpontzen ez bazen. Baita gertatu ere, 1933ko urriko egun hartan: euri jasek eraginda, mendia goitik behera erori zen, eta Erbetegi Berri baserria azpian harrapatu zuen. «Lurra trenbideraino iritsi omen zen».
Auzolana, herramientarik baliotsuena, beste behin
Auzolanak duen indarra erakutsi zuten beste behin auzokoek, eta auzo guztia aritu omen zen egun luzeetan bertan lanean. «Orduan ez zegoen telefonorik gaur egun bezala, baina bi auzotarrek elkar hartu eta baserriz baserri azkar asko pasatzen zituzten abisuak». Ez telefonorik, ezta makinarik ere. Pikatxoia, pala eta karretilla hartuta atera behar izan zuten goitik behera eroritako lur guztia, eta orduko testigantzek diotenez, egun asko egin behar zituzten bizilagunek lanean. «Pertsonak bilatzeko txakur horietako bat ere ekarri omen zuten, baina hark ere ez omen zuen arrastorik topatzen». Makina bat ere ekarri zuten, gorputzak detektatzen zituena, eta hark eman zuen seinalerik; baina lurra atera zutenean, katu bat zen azpian harrapatutakoa, eta ez gizona.
Baserriak, upeltegia ere bazuen, eta pixkanaka lurra kenduz baserriko zonalde horretara iritsi zirenean topatu zuten Zuaznabar, upel tartean itota.
Baserria ez zen berriro eraiki, eta etxeko pareta bat bakarra gelditu zen azkenerako. Baserri ondoan gelditutako lur pilaketa horren ondorio omen zen, oraingo bide berria egin aurretik, zaharrak zuen aldapatxoa.
«Lurra pixka bat berdindu, eta bidea egin zuten haren gainean. Mendi aldean, berriz, gure aitak belar hazia bota, eta aziendarentzako bazka atera genuen urte askoan lur hartatik».