Joan den urtean abiatu zuten Astigarraga Ehuntzen egitasmoa, Astigarragako Udalak eta Bat, Bi ta Hiru taldeak elkarlanean, «adinekoen ongizate soziala bilatzeko». Proiektu pilotua izan zen aurreko urtekoa, Arantzazuko Amako ikasleak eta adineko pertsonak elkartu zituena. Eta aurten izango du segida, baina oraingoan, herriko elkarteekin arituko dira lanean adinekoak, bakoitza bere interesen arabera.
Horri hasiera emateko, datorren asteazkenean jarri dute hitzordua: jardunaldi partehartzailea antolatu dute, 60 urtetik gorakoei zuzenduta, egitasmoa aurkezteko. Erribera kulturgunean izango da, goizeko 11:00etatik 12:30etara. Saioan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik: 680 497 090 telefonora deituta, edo partaidetzaastigarraga@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
«Joan den urtekoa oso ondo atera zen, asko gustatu zitzaien denei. Kalean elkar agurtu ere egiten ez duten arren, bai adinekoak eta bai gazteak konturatu ziren, elkartuz gero, gauza interesgarriak egin ditzaketen bi kolektibo direla», azaldu du Josi Roigek, Bat, Bi ta Hiru taldeko dinamizatzaileak.
DBH 3 eta 4ko ikasleak elkartu ziren adinekoekin, eta aurreikusita zeuden zazpi saioetatik, lau egin ahal izan zituzten, konfinamendua ezarri aurretik. «Helburua zen elkartea, eta denok ikasteko espazio bat sortzea. Gai ugari landu genituen, nahi baino laburragoa izan zen arren», azaldu du.
Proiektu pilotua «herri osora» zabaltzea, aurtengo asmoa
Horrela, proiektu pilotuak eman zuenarekin gustura, «herri osora zabaltzea» pentsatu zuen Udalak: «eta ikasleekin egin beharrean, herriko elkarteekin landuko dugu oraingoan. Herriko elkarteak eta adinekoak elkartuko ditugu, eta sortuko dituzte jarduerak elkarlanean».
Duela bi hilabete ekin zioten lanari, Bat, Bi ta Hiru enpresak eta Udaleko partehartze, gizarte zerbitzu eta hezkuntza sailekin elkarlanean. Eta aurreneko pauso horietan, «arrakasta haundia» izan du egitasmoak: «herriko ia elkarte guztiek hartuko dute parte, eta beraiekin aritu gara harremanetan, jakiteko zer egiten duten, zerk motibatzen dituen, zeri ematen dioten garrantzia...».
Datorren asteazkeneko saioak, hiru zati izango ditu. Aurrena, emango dituzte egitasmoari buruzko azalpenak, xehetasun gehiagorekin. Ondoren, adinekoei helaraziko diete, elkarteek emandako informazioa. Eta horretarako, elkarteak ere gonbidatu dituzte saiora, zer egiten duten azaltzeko, bertatik bertara. Eta azkenik, animatu eta gonbidatuko dituzte adinekoak, egitasmoan parte hartzera, eta aukeratzera zein elkarterekin nahi duten aritu elkarlanean, herri osoari zuzendutako jarduera bat sortzeko.
Adineko pertsonen «ongizate sozial eta emozionala sustatzea», helburua
Joan den urtean bezala, adineko pertsonak jarriko ditu erdigunean Astigarraga Ehuntzenek: «bizi dugun egoeran, gure asmoa da ekintzak zentzuz dinamizatzea, herritik eta herriarentzat, eta adineko pertsonak balioan jarriz. Beraiek daude proiektuaren erdigunean, eta beraien ongizate sozial eta emozionala sustatzea da helburua, partehartzearen eta komunitatearen garapenaren bitartez. Izan ere, elkarte batek eta adineko pertsona batzuek ekintza bat antolatzen dutenean, ari dira Astigarragako komunitatea garatzen modu positiboan. Adin guztietarako izango dira ekintza horiek, gainera», aurreratu du dinamizatzaileak.
Apirilaren 21eko saioan izango dute aurreneko kontaktua adinekoek, bai egitasmoarekin, eta baita elkarteekin ere. Hortik aurrera, bere interesen arabera aukeratuko dute elkarte bana herritarrek, eta hortik aurrera, dinamizatzaileak jarriko dira harremanetan elkarteekin: «jakinaraziko diegu zenbat pertsonak aukeratu duten beraien elkartea, zergatik aukeratu duten, zein diren beraien interesak... Horren arabera, elkarteek proposatuko dituzte ideia batzuk, zer motatako ekintzak antolatu daitezkeen, beraiek direlako adituak arlo horretan».
Izan ere, elkarteen garrantzia nabarmendu du, Bat, Bi ta Hiruko dinamizatzaileak: «elkarteak dira herriko agente sozial garrantzitsuenak, eta Astigarragako ahotsa elkarteeetan azaleratzen da. Zer interesatzen zaigun, zerk mugitzen gaituen, kirola, musika, feminismoa...».
Lanketa eta ekintzak, maiatzetik irailera bitartean
Edonola ere, elkarrekin aukeratu eta landuko dituzte ekintzak, adinekoek eta elkarteko kideek. Zenbait lan saio egingo dituzte elkarrekin, «modu presentzialean edo telematikoki, egoeraren arabera». Eta saio kopurua ere, taldearen araberakoa izango da: «izan daiteke talde batek bi saiotan pentsatu eta antolatzea ekintza bat, eta beste batek, aldiz, bost saio behar izatea dena prestatzeko. Baina bitarte horretan izango da gutxi gorabehera, bi eta bost saio artean», azaldu du Josi Roigek.
Maiatza eta iraila bitartean burutuko dute talde lan hori. Adineko pertsonekin eta elkarteko kideekin batera egongo dira Bat, Bi ta Hirukoak ere. Egungo egoerara egokitutako ekintzak prestatuko dituzte, eta prestatuko dute horien behin betiko diseinua eta komunikazio plana, guztien artean.
Eta ekintzak ere, burutuko dituzte epe horretan, irailera bitartean. Horren guztiaren berri emateko, gainera, blog bat sortuko dute, egitasmoari eskainia: 100tzen Egunkaria. Bertan zabalduko dute informazioa, egindako jarduerei eta egiteko daudenei buruz.
Proiektuari bukaera emateko, azkenik, ebaluaketa egingo dute irailean. Aztertuko dituzte prozesua bera eta lortutako emaitzak, eta ebaluatuko dute lortu ote den egitura partehartzaile bat ehuntzea, Astigarragan denboran iraunkorra izan daitekeena. Horretan hartuko dute parte dinamizatzaileek, elkarteek eta adinekoek, alde positiboak nabarmenduz eta hobetu beharrekoak identifikatuz.
Astigarragako parte aktibo, adineko pertsonak
Saretze eta elkarlan horren bitartez, nahi dutena da adineko pertsonak herriko parte aktibo izatea: «ideia da Astigarraga Ehuntzen izatea modu bat, Astigarragan partehartze prozesuak burutzeko, ziurtatuz adineko pertsonak kontaktuan daudela herriko kolektibo eta taldeekin. Harremanaren bitartez ziurtatu behar dugu beraien ongizatea, eta aurre egitea nahi gabeko bakardadeari, osasun emozionala lantzeko. Beraien herrian, adineko pertsonek asko daukate emateko oraindik, eta beraiengandik asko ikasteko daukagu guk».