Hodei Expositok 22 urte beteko ditu aurtengo uztailean eta 2019an hasi zen Aspe enpresarekin entrenatzen. Profesional izateko ametsa betetzeko pauso garrantzitsua da, baina orain lorik kentzen ez diona. «Asperekin aurrekontratua sinatu aurretik eta beraiekin entrenatzen hasi nintzenean obsesio ere bihurtu zen, baina denborarekin garrantzia kentzen eta momentua edo oraina gozatzen ikasi dut».Horrek lasaitasuna eman dio eta bere joko mailan hobekuntza ekarri du.
21 urte dituen arren, heldutasuna nabaritzen zaio pelotari astigartarrari. «Orain Asperekin entrenatzen ari naiz. Profesional mailan debuta egiteko ez da garai onena bizitzen ari garen osasun egoeraren ondorioz, baina gustora omen daude nirekin entrenatzen jarraitzeko. Nirekin kontatzen dutela esan didate,; beraz, horrekin, ni pozik».
2019an, Astigarragarekin herriarteko finala irabazi zuenean, Asperekin entrenatzen hasia zegoen. «Orduan sinatu nuen aurrekontratua beraiekin».
19 urte zituen orduan eta debutarekin obsesio puntua zuela aitortzen du Expositok. «Pelotari gehiegizko garrantzia ematen nion, baina orain ikasi dut disfrutatu egin behar dudala. Profesional mailara salto egiteko garaia etortzen bada ederra izango da eta ezin bada, behintzat bizitzen ari naizen esperientzia hau badaukat».
«Juantxo Koka pelotari ohia txikitatik izan dut alboan»
Bere pelotari ibilbidean oso garrantzitsua den aholkularia eta laguntzailea Juantxo Koka pelotari profesional ohia da. Altzatarrak ematen dizkion gomendioak asko laguntzen diote. «Txikitatik izan dut alboan eta oso baliagarriak zaizkit bere gomendioak eta eman dizkidan aholkuak hainbat arlotan».
Asperekin entrenatzen hasi aurretik Kokarekin asko entrenatu du. «Juantxorekin ikaragarri ikasi dut. Niri asko lagundu dit, exijentzia maila altua izan du nirekin eta asko zor diot».
«2020an zortzi hilabete egon nintzen partidurik jokatu gabe eta profesionalekin egoteak aukera eman zidan lehenago entrenatzen hasteko»
Hodei Expositok Donostian entrenatzen du alde fisikoa. «Ander Formosorekin nabil eta hiru egunetan egiten dut lan fisikoa partiduen arabera, eta frontoian bi egun entrenatzen ditut astean. Bestalde, aitarekin edo Juantxorekin entrenatzen dut partidurik ez baldin badaukat, nire kabuz alde teknikoa lantzeko».
Lan tekniko horretan Juantxo Kokaren garrantzia azpimarratzen du, donostiarra pelotari berezia eta oso teknikoa zela kontuan izanda. Maisu ona du: «teknikoki profesional mailan egon den hoberenetakoa izan da. Bi paretak, dejadak... errekurtso asko zituen. Ikusgarriak ziren egiten zituen jokaldiak. Asko lagundu dit eta oso eskertuta nago».
«Jokin Etxanizekin entrenatzen dut askotan, Tolosako Beotibarren»
Hodei Expositok Aspeko zuzendari teknikoa den Jokin Etxanizekin entrenatzen du. «Askotan Tolosara joaten naiz, nahiz eta orain txertaketentzako ari diren erabiltzen Beotibar eta beste frontoi batzuetara joan. Profesionalekin aritzen naiz entrenatzen eta, normalean, partiduak jokatzen dituzten jaialdien aurretik ere frontoi horietan aritzen naiz».
Edozein pelotarirentzat maila horretan entrenatzeak aurrerapauso haundia ekartzen du, Hodei Expositorentzat ere. «Asko ikasten da eta maila altuenean entrenatzen duzu. Eskarmentua hartzen da epelak jaso eta gero. Egia esan oso gustora nago eta nik uste Jokin Etxaniz gaur egun pelotan dagoen jakintsuenetakoa dela eta erakusteko garaian onena. Gainera, gauza on asko ematen dizkigu bere jakituria hori guztia ezin hobeto transmititzen duelako».
«Profesionaletan debutatzeko ez da garai onena bizitzen ari garena. Nirekin gustora daude eta ni horrekin pozik nago»
Hodei Expositok ongi ezagutzen ditu bere indargune eta ahulguneak, eta azken horiek lantzen saiatzen da. «Enpresaren aldetik ez dago presiorik, pelotaria bera presionatzen da, askotan gehiegi. Adinak ere eragina du. Enpresak erraztasunak eta laguntza eskaintzen dizkizu behin aurrekontratua sinatu eta gero. Pelotaria naizen aldetik, nire dohai nagusia indarra da eta ahulgunea, berriz, teknika. Oraindik asko ikasi beharra daukat eta alde horretan hobetu behar dut. Profesionalekin aritzen naizenean indar aldetik ongi ikusten naiz, baina teknikoki beste maila batean daude. Oso gustora nago, ikasteko gogo haundiekin. Defentsa asko ari gara lantzen. Profesionaletan hor dago gako behinena».
Pelotaria bera izaten omen da bere burua presionatzen duena. «Gaztea zara eta askotan zarena baino gehiago zarela uste duzu. Gero ere kanpotik jendeak noiz debutatuko duzun galdetzen dizu eta hortik dator presio gehien». Denborak hori ongi eramaten erakutsi dio Expositori.
«EASO Politeknikoan goi mailako kirol gradu bat egin dut eta orain kiroldegian nago praktiketan»
Oraintxe ez daukat presarik. «Ongi nago, badakit 22 urte salto egiteko adin egokia dela, baina ongi ari naiz entrenatzen eta horretan jarraitzen dut. Praktikekin fisikoki nabaritzen dut ez nagoela sasoi puntu onenean. Hainbat ikastaro ematen ditut eta horrek ere nekea ekartzen du. Gorputzak esaten dit atsedena noiz behar dudan».
Asperekin aurrekontratua izatean, lehenago entrenatzen hasteko aukera izan nuen
Hala ere, urtea ez da erraza izan inorentzat eta bere egoeran dauden pelotarientzat ere ez. «2020ak ez du lagundu eta gauza asko moztu ditu. Hasteko, entrenamenduak eta batez ere partiduak berak. Afizionatuak izanda ez genekien noiz bueltatuko ginen. Profesionalak hasi ziren jokatzen eta entrenatzen ere bai, baina afizionatuentzako ez zegoen aukera hori».
Alde batetik, zortea izan zuela aipatzen du pelotariak, «profesionalekin entrenatzen nuenez beraiekin jarduteko aukera hori ez nuen galdu, konpetiziorik egon ez arren. Hala ere, konfinatuta egon ginenean hiru hilabete etxean sartuta egon nintzen denak bezala, entrenatzeko aukerarik gabe eta baita zortzi hilabete partidurik jokatu gabe ere».
Etxean eskuak ez leuntzeko paretaren aurka ematen zituen pelotakadak, baina frontoira pasatzean nabaritu zuten pelotariek geldialdia. «Egia esan ez dut arazorik izan eskuetatik. Eskuak nabaritzen dute pelotari gogor jotzean eta nire pelotari ibilbidean eskuak ez didate arazorik eman. Moduloan ikasten ari nintzenean, igerilekura joatean, orduan bai bigundu zirela. Garai txarra pasa nuen, baina orain, egia esan, eskuak nahiko ongi dauzkat».
Min haundiena partidurik jokatu ez izanak sortu die pelotariei, baita Hodei Expositori ere. «Gehien nabaritzen duzuna da kantxan lekua galtzea. Entrenatzea ongi dago, baina partiduek ematen dizute frontoian behar bezala egoteko erritmoa eta lekua. Hasieran hori nabaritu nuen. Gainera partiduak jokatzen hasi arren ez daude pandemia aurretik jokatzen genituen konpetizio denak. Partidu gutxiago daude eta ahal den bezala ari gara aurrera egiten. 2020an apenas jokatu genuen, ezer ere ez esatearren».
Lau t'erdiko txapelketa ari da jokatzen eta aurreneko fasean partidu guztiak irabazi ditu
Hodei Expositok, Gipuzkoako Binakako Txapelketan, Ohorezko Mailara igotzea lortu zuen Jokin Santxez eta Harri Loidirekin batera, orain aste gutxi. «Finalerdia jokatu nuen, baina finala ez. Finalerdia irabazita lortzen da igoera. Orain, Gipuzkoako Lau t'erdikoan nago murgilduta. Aurten, txapelketa gutxiago daudenez, inoiz baino pelotari gehiagok eman dute izena lau t'erdikoan. Aurreneko fasea jokatu da eta nire multzoan aurrena geratu naiz. Hori horrela, azken faserako sailkatu naiz». Guztira, lau partidu jokatu ditu pelotari astigartarrak eta denak irabazi ditu markagailu erosoekin.
«Pandemiaren egoera okertzen ez bada, nik uste egoerari buelta ematen ari garela eta txapelketa gehiago antolatuko dira hemendik aurrera. Ea pixkanaka gero eta torneo gehiago jokatzen ditugun», aipatzen du Expositok.
Aurreko urteko denboraldian Mundarroko pelotaria C.D. Hernanirekin aritu zen jokatzen. «Pelotari bat behar zutela esan zidaten eta Hernanirekin, Markel Lizeagarekin, aritu nintzen. Mundarrori esan nion eta ongi iruditu zitzaion klubari. Denboraldian zehar Markelekin bikote osatu nuen eta oso gustora aritu nintzen. Pelotari ona izateaz gain, mutil bezala balio haundikoa da, asko trasmititzen didan atzelaria da konfidantzan; eta asko eskertzen dut».
2019an jokatu zen azkenengo herriarteko txapela Astigarragak irabazi zuen. Hodei Expositok, Jokin Santxezekin batera, puntu erabakiorra eman zion Astigarragari Azpeitiaren aurka. «Baina aurten ez dut jokatuko. Nire erabakiaren berri eman diot taldeari. Euskal Liga ere ez dut jokatuko. Ongi pentsatutako erabakia izan da».
«Herriartekoa irabazteak gazte asko esku pelotan hastera erakarri zuen»
Hodei Expositok 9 eta 11 urte arteko hamabost gaztetxo entrenatzen ditu Mundarroko klubean, Txomiñene frontoian.
Hodei Exposito, esku pelotan jokatzeaz gain, Astigarragako kiroldegian ari da lanean eta Mundarroko gazteekin ere pelota entrenatzaile lanetan aritzen da Txomiñenen. «EASO Politeknikoan goi mailako ikasketak egin ditut kirolari lotuta eta, orain, kiroldegian praktiketan nabil. Gainera, klubeko umeak ere entrenatzen ditut pelotan».
Bide horretatik jarraitzea gustatuko litzaioke pelotari astigartarrari. «Kirola beti izan dut gustoko eta horren bueltan egon naiz sartuta. Ongi legoke bide horretatik jarraitzea. Nik uste dut niri ongi egokitzen zaidan arloa dela. Kirol munduan mantentzea eta hortik bizitzea ederra litzateke».
Kiroldegian mota askotariko eskolak ematen ditu eta pelotan hasten diren umeak entrenatzea ere gustoko du. «15 gaztetxo entrenatzen ditut, denak alebin eta benjamin mailakoak. Orain ume asko dago. Bat kenduta, gainerako guztiak astigartarrak dira».
Astigarragak duen biztanle eta tamainarentzako horrenbeste ume esku pelotan aritzea ez da gutxi. «Egia esan jende asko dago 9-11 urteko adin tartean. Nik uste Herriartekoa irabazteak eragin haundia izan zuela. Herriartekoa Astigarragan asko bizitzen da eta irabaztea ikaragarria izan zen; eta oso gazteak ziren neska-mutilentzat erreferentzi bihurtu zen. Horrek esku pelotan hastera bultzatu edo erakarri zituen asko eta asko. Hamabost gaztetxo hauek Atanon zeuden finala ikusten eta horrenbeste pertsonen aurrean herritarrak jokatzen ikusteak ilusioa pizten die, egunen batean beraiek izan daitezkeelako hor egongo direnak».
Hodei Expositok aipatzen du eskola kirolean ere beste horrenbeste ba omen daudela. «Infantiletatik jubenilak bitarte ez dago hainbeste pelotari, baina alebinetatik behera, ordea, bai. Herriartekoan talde ona egon daiteke urtetarako gazte hauek guztiak jarraitzen badute».
«Azkenean, momentu hori beraientzat eredu izan zen», dio Hodei Expositok; eta berak ere izan dituela ereduak aipatzen du. «Juantxo Koka gutxi ikusi nuen jokatzen, baina gero bideoak ikusi ditut eta jokamolde ikusgarria zuen. Egia esan pelotari askotatik ikasten saiatzen naiz, bakoitzaren doaiak ikusi eta hortik ikasi behar da». Hori bai, frontoian denbora asko pasa behar da hori ikasteko.
Astigarragako aurrelariak pena haundiz ikusten du infantil, kadete eta jubenil mailako pelotariek ezin izan dutela jokatu denbora luzean, eta orain ere gutxi ari dira jokatzen. «Adin horretan partiduak jokatu behar dira, ibili egin behar da frontoian eta hori falta zaie. Ibili eta ibili, hori da sekretua».
Azkenaldian neskak ere hasi omen dira jokatzen Astigarragan. «Pixkana-pixkana gehiago ari dira hurbiltzen eta hori ere eskertzekoa da. Ea neska gehiago animatzen diren esku pelotan jokatzera».