Erreportajeak

Bi astigartar sortzaile datorren asteleheneko azokan, zeramika eta ilustrazioak erdigunean jarriz

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 30a, 00:00

Ainhoa Arllazus, berak egindako zeramikak eskuetan dituela.

Gazte sortzaileen azoka antolatu du Astigarragako Gazte Asanbladak, datorren astelehenerako. Eta makina bat posturen artean, Ainhoa Arzallusek eta Saioa Arteagak, zeramika eta ilustrazioak jarri nahi izan dituzte erdigunean. Astigartarrek eskulanen eta proiektuen berri eman diote Kronikari.

Gazte Asanbladak gazte sortzaileen azoka antolatu du datorren astelehenerako, hilaren 5erako. Ainhoa Arzallus eta Saioa Arteaga astigartarrak bertan izango dira, eta zeramika eta marrazkiak jarriko dituzte erdigunean.


Zer da zuek sortzen duzuena?

S.A.: Nik lehen beste estilo bat neukan, oleoa gehiago erabiltzen nuen. Orain, aldiz, beste teknika bat erabiltzen dut, adibidez akuarelak. Txikiagoak eta minimalistagoak diren koadroak edo marrazkiak egiten ditut. Akuarelak eta oleoa ere nahasten ditut, hainbatetan. Duela gutxi, grabatuarekin hasi naiz eta orain horretan nabil buru belarri. Sortzaileen azokan grabatuak ikusiko dira batez ere, nire postuari dagokionez.

A.A.: Hasiera batean, koadroak egiten nituen, margotzen ematen nituen orduak. Baina gero, zeramikara pasa nintzen, eta gaur egun, horretan jarduten dut. 


Eta Ainhoa, nola izan da aldaketa hau? Prozesua, luzea? 
A.A.: Bederatzi urterekin hasi nintzen Astigarragako tailer batean, Saioarekin batera pintura egiten. Hor ikasten duzu nola margotu, perspektiba... egia esan gauza asko ikasten dira. Hamaika urte nituela, koadroak egiten hasi nintzen, eta hemezortzi urtera arte koadroak margotzen egon nintzen; ia hamar urte pasa nituen horretan. Egia da hor, taldez aldatu ginela, eta irakasle aldaketa asko nabaritu zen. Arte Ederrak ikasi zituen irakasle bat etorri zen, emakumea, eta nabaria izan zen aldaketa. Ez ditut irakasleak konparatu nahi, baina modu ezberdinetan irakasten du bakoitzak, eta azken honekin oso gustura geunden, gure lanekin, askatasun gehiago geneukan. Erreferentea izan zen irakaslea. Baina niretzat oso aberasgarria izan zen, azken irakasle horrekin ikasi nuelako nire proiektuetan erabakiak hartzen. Oso influentzia ona izan zen. Gero,  Arte Ederretan diseinua ikasi nuen, eta hor hasi nintzen zeramikarekin; hain justu, hirugarren urtean. Gogoz nengoen zeramikaren munduan sartzeko, eta ikasi nahi nuen bai edo bai. Hor, urte eta erdi egon nintzen gauzak ahal moduan egiten. Eta arantza txiki bat gelditu zitzaidanez, momentu honetan, master bat ari naiz egiten, zeramika, artea eta funtzioarena. Esan dezaket neure burua ikusten dudala diseinuan eta eskulturan, bi adarrak hartzen ditudalako. 


Zer dela eta animatu zineten datorren astelehenean egingo den gazte sortzaileen azokara? 
S.A.: Nik ez nekien ezer azokaren kontuari buruz, baina Astigarragako Gazte Asanbladak nirekin kontaktatu zuen, eta hortik jakin nuen gazte sortzaileen azoka bat egingo zela. Instagram bidez kontaktatu zuten nirekin, bertan igotzen ditut egindako marrazkiak, koadroak... Bazekiten sortze munduan nenbilela eta horregatik deitu zidaten, esanez ea animatzen nintzen nire marrazkiak partekatzera.

A.A.: Niri ere Astigarragako Gazte Asanbladak deitu zidan, eskaini zidaten nire eskulanak saltzeko txoko bat. Herrikoak garenez, ezagutzen gaituzte eta badakite nik zeramika lantzen dudala.

Ainhoa Arzallusek ere, eskuz egindako zeramika.


Zer eskainiko duzue apirilaren 5ean Astigarragan jarriko duzuen postuetan?
S.A.: Bakoitzak postu bat dauka, eta norberak egindako eskulanak saltzen dira. Nire kasuan, baditut bilduma bat eginda, paisaiak, batez ere. Donostialdea, Hondarribi… eta honelako tokienak. Batzuk koadroetan daude jendeak ikusteko zer nolako bukaera duen, hau da, koadroetan nola gelditzen diren ikusteko amaitu ditut batzuk. Beraz, batez ere, salduko ditut nik egindako marrazkiak, akuarela eta oleoarekin egindakoak batzuk.

A.A.: Nik zeramika eskainiko dut, ez ditut eskulturak salduko.  Material erabilgarria eskainiko dut, hala nola, bolak, plater txikiak, gatzontziak, tazak, ontzitxo batzuk ere, jarroiak... Gauza erabilgarriak, baina diseinukoak hain zuzen. Esan beharra dut, askotan, diseinuarekin lana egiten dudanean, ergonomiarekin lan egitea gustatzen zaidala. 


Eta zuk Saioa, txikitatik margotzen duzu? Izan duzu etenik?
 S.A.: Bai, justu Ainhoa eta biok ezagutu ginen larunbatetan egiten den astigartarren pintura klaseetan, duela urte dexente. Nik gutxi gora behera zortzi edo bederatzi urte nituen. Bertan ezagutu ginen, eta nik oraindik hor jarraitzen dut, hor nabil larunbatetan klaseetara joaten eta gauza berriak ikasten. Orain, kurtso horretaz gain, beste tailer batean hasi naiz, Instagramari lotuta, gainera.

 


Saioa, nolatan hasi zara zure produktuak saltzen?
S.A.: Instagrametik jendeak idazten zidan, marrazkiak gustuko zituztela eta ea saltzen nituen. Hor konturatu nintzen ez zela ideia txarra. Beraz, honela hasi zen saltzearen kontua, jendeak idazten zidan, eta beraiek piztu zidaten bonbila. Gertukoei bakarrik saltzen dizkiet nire eskulanak, ezagunak. Nik, berez, niretzako marrazten dut eta niretzako dira egiten ditudanak; eta lagun edo ezagun batek eskatuz gero, gustura egiten dut. Baina saltzea ez da nire helburua, sortzea baizik. Beharbada, hemendik aurrera animatzen naiz eta salmentan zentratzen naiz. 


Eta zuk Ainhoa, arlo profesionalean, ibilbidea edukiko duzu noski... 
A.A.: Bai, gauza askoren artean, Artekom kolektiboan parte hartzen dut. Bertan, natura ekologia eta artea lantzen ditugu. Bilboko Bizkaia aretoan erakusketa bat izan genuen eta beste hainbat ekintza ere burutzen ditugu. Laster masterrean ere erakusketaren bat izango dugu, hainbat lekutan. Oraingoz, horretan nago sartuta eta gustura gainera.


Ainhoa eta Saioa, uste duzue gazte sortzaileen alorrean etorkizuna badagoela? 
S.A.: Galdera zaila da. Nire ustez, gazteok zaila daukagu etorkizuna, egoerak ez duelako laguntzen. Ez dago ilustratzaile gazte asko; badaude, baina ez gara asko. Horregatik ikusten dut zaila, azkenean, ilustratzaile batek saltzen duen produktua garestitzat hartzen dute eta. Prozesua oso mantsoa izaten da, eta askotan hobby bat da eta ez ogibide bat. Espero dut etorkizuna izatea sortzaileen mundu honek. Nik apustua egin dut eta espero hala izatea.

A.A.: Bai, ikusten dut etorkizuna. Hori egia da, baina iruditzen zait, nik gehienbat nire unibertsitatean ikusi dudanarengatik eta izan ditugun hitzaldietatik jaso dudanagatik, presioa daukagula gainean. Esan nahi dut, guk bekak dauzkagu, 30 urtera arte. Alde batetik presioa sentitzen dut, urte hauek dauzkazu laguntza jasotzeko eta sortzeko. Hor pentsatzen duzu: eta gero zer?. Ez dut laguntzarik izango etorkizun batean eta horrek esan nahi du ez dudala laguntzarik edukiko? Hori kontutan izanik, unibertsitatean esan izan digute zeramikatik bakarrik bizitzea zaila dela; beraz, zeramikatik at beste lan bat izan behar duzu gaur egungo gizartean soldata duina izateko. Bietatik bizitzeko bai, baina zeramikatik bakarrik, zaila dela esan izan digute. 


Konfinamenduak, eduki al du eragina zuen sortze lanetan? 
S.A.: Bai, gehiago marrazten nuen. Azkenean, ez nituen baliabide nahikoa lientzoak erosteko, etxean nituen koaderno txikiak aprobetxatuz, formatu txikian egiten nituen, ahal moduan. Denbora gehiago neukan, beraz, gehiago sortzen duzu.

Saioa Arteagaren marrazkietako bat. Argazkia: SaioART

A.A.: Ba konfinamenduan zeramika gutxi egin nuen, GRALarekin nenbilen eta teorikoagoa  izan zen, praktikoagoa baino. Egon nintzen gehiago marrazten. Nire lana erakusteko modu egoki batean, marrazten jarduten nuen, ezin nuelako zeramika egin. Hori zen arazoa, zeramikarik ez nuenez etxean, konfinamenduan marraztean zentratu nintzen.


Sortze lan hau, zer dela esango zenukete orduan, plus bat? 
S.A.: Bai, ez du bizitzeko haina ematen, ez dago soldatarik. Noizbehinka, norbaitek erosten badit, ba hau saltzen diot, oso gustura gainera. Momentuz lagunak izan dira eta eskura entregatzen diet erositakoa, gertutasuna emateko eta ezagutzen ditudalako, batik bat.

A.A.: Bai, hori da. Gustuko duzun zerbait da. Edonola ere, aipatu moduan, honekin bizitzea zaila da.   

Ainhoa Arzallusek eskuz egindako zeramikazko ontziak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!