Martxoko kultura-agendaren baitan, Zuhaitz Gurrutxagak FutbolisTOK bakarrizketa aurkeztuko du etzi Erriberan, arratsaldeko 19:00etan. Mundarro kirol elkarteak antolatu du eta sarrerak salgai daude kiroldegian, 8 euroan; edo, bestela, Erriberako leihatilan ere egongo dira eskuragai egunean bertan, 18:00etatik aurrera.
Realeko jokalari ohia da elgoibartarra, eta lehenengo mailan jokatu zueneko garaiak oroituko ditu ostiralean. Gurrutxagari TOK gaixotasuna diagnostikatu zioten eliteko futbolaria zela, eta bere kezkei eta beldurrei buruz hausnartuko du bakarrizketan, barre eginez eta zailtasun horiek umorez landuta.
Orain arte arrakasta izan du monologoak, «egungo egoeragatik aforoa erdira murriztu behar izan bada ere, antzokiak bete dira», aurreratu zion Kronikari, pasa den asteko elkarrizketan.