Erreportajeak

«Okin bati ogia txarra ateratzen zaionean bezalaxe, eliteko futbolari batek ere huts egin dezake»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 20a, 00:00

Zuhaitz Gurrutxaga, Santa Klara irla atzean duela, Kronikarako elkarrizketan.

Mundarrok antolatuta, 'FutbolisTOK' bakarrizketa aurkeztuko du Zuhaitz Gurrutxagak datorren ostiralean, hilaren 26an, Erribera kulturgunean. Realeko jokalari izan zeneko ibilbidea jarriko du erdigunean, eta bere kezkei eta porrotei barre egingo die.

«Nire helburua barre eragitea da; hortik aurrera, jendeak gogoeta egiten badu eta ikasketa hori etxera eramaten badu, oso pozgarria izango litzateke», aitortu dio Zuhaitz Gurrutxaga umoristak Kronikari. Bere burua horrelaxe definitzen du, «lanbideagatik izen edo etiketa bat jarri beharko balitz, gaur egun umorista naizela esango nuke, barre eragiten saiatzen naizelako, bai telebistan, bai taula gainean».

Astigarragako kultura-agendaren baitan, datorren ostiralean, hilaren 26an, FutbolisTOK bakarrizketa aurkeztuko du Erriberan, 19:00etan. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 8 euroan, kiroldegian, edo egunean bertan kulturguneko lehiatilan. «Gogotsu nago», dio. Mundarro Kirol Elkarteak antolatu du ekitaldia, Udalarekin elkarlanean. «Mundarrokoen deia jaso nuen eta oso eskertuta nago. Pandemiagatik kirolak izan duen geldialdiaren harira, futbol zelaitik harago kirola eta kultura uztartzen dituen bakarrizketa hau eraman nahi izan dute Astigarragara, eta hori oso polita da». Gainera, Erriberako fokuen azpian jartzeko ilusioa ere badu: «lagunak ditut Astigarragan, eta, kontatu didatenez, kulturgune berria oso ondo dago». 

Realeko ibilbidea, erdigunean

Gurrutxaga Realeko jokalari ohia da, eta esperientzia horretatik abiatuta eraiki du monologoa. Eliteko futbolaria zela diagnostikatu zioten TOK (Trastorno Obsesibo-Konpultsiboa), eta obsesio horiei umorea jartzen eta barre egiten ahalegintzen da bakarrizketan. Duela urte batzuk egin zuen Futbolista baten konfidentziak monologoa, eta oraingo hau horren bigarren zatia edo segida da. «Lehenengo lan horren futbolista hitza hartu dut eta FutbolisTOK izenburua jarri diot. Hitz-joko bat da: futbolista eta TOK gaixotasuna. Gainera, tok plural hurbilekoen marka da euskeraz, eta hor sartzen dut neure burua, futbolari ohia eta nahasmen hori duen pertsona naizelako».

Gaur egun «kontrolpean» duen gaixotasuna den arren, oraindik ere berrerortzeak dituela kontatu du. «Kronikoa den zerbait dela esango nuke. Gainera, koronabirusaren kontuak denoi egin digu kalte, psikologikoki ere ziurrenik, baina TOK pairatzen duen norbaitentzat are zailagoa da, lehen irrazionalak ziren gauzak orain arrazionalak direlako. Alegia, lehen eskuak 30 aldiz garbitzen banituen eta hori ez egiteko borroka egin behar banuen, orain mundu guztiak garbitzen ditu eskuak egunean askotan, eta, beraz, zaila da bereiztea noiz zabiltzan irrazionalki edo arrazionalki jokatzen».

Lehenengo mailan zegoela,  19 urterekin egin zuen debuta Gurrutxagak Realeko lehenengo taldean, eta presio hura jasatea «ezinezkoa» izan zela dio. «Uste dut horrek bultzatu ninduela TOK izatera». Onartu du latza izan zela, hasiera batean ez baitzuen ulertzen zergatik zituen kezka horiek guztiak, baina psikologoarengana joateak asko lagundu zion. «TOK duten pertsonek, Zelanda Berrian bizi edo hemen bizi, ia gauza berak egiten dituzte, eta obsesio berak dituzte. Nik eskuak asko garbitzen nituen, bakteriei eta birusei beldur nien eta marrak, esaterako, eskuineko oinarekin pasatu behar izaten nituen. Superstizio txikiak haundi bilakatzen ziren, eta hori oso gogorra zen niretzat, nahiz eta obsesio gehienak irrazionalak ziren».

Monologo honetan, beraz, Gurrutxaga saiatu da arduratzen gaituzten gauzez barre egiten; «gure kezkei umorea jartzen, eta hori guztia erlatibizatzen». Obsesio askok zentzua ez dutela gehitu du. «Gizarte honetan, eroso bizi garela edo esan daitekeen honetan, sufrimenduen %90 ezerezetik sortu dira, gure buruak sortu ditu eta askotan ez dute zentzurik. Adibidez, gaizki sentitu gaitezke Facebookeko argitalpen batek like gutxi baditu, eta hori zozokeri bat da. Badaude benetako dramak eta tragediak, eta horiei barre egitea oso zaila da. Ziur aski ez dugu momentuan egingo, eta denbora igarota ere ezinezkoa izango da batzuetan. Baina, ahal dela, niri behintzat oso lagungarria izan zait sufrimendu horiei barre egitea».

Dena den, teoria ondo jakin arren, batzuetan praktikan jartzea erraza ez dela onartu du. «FutbolisTOKen mezua da gure arazoei, porrotei, kezkei eta beldurrei zenbat eta lehenago norberak barre egin, orduan eta errazagoa izango dela horiek sortzen duten sufrimendua gutxitzea. Baina egunero egin behar da lana, eta niri era kosta egiten zait batzuetan. Gauza txikiengatik sufritzen dut, askotan txorakeriengatik, eta horri aurre egiten ahalegindu behar da».

Eliteko futbolari baten azaletik, oholtza gainera

Lehenengo mailan jokatu zueneko garaiak oroituko ditu Gurrutxagak, eta horiei buruz hausnartuko du.  «Futbolaz asko entzuten dugu, egunero hor dagoelako. Baina jokalari edo futbolari batek lehenengo mailan benetan zer sentitzen duen gutxitan dakigu», kontatu du. Futbolarien presio horren bidetik, eliteko kirolarien azalean jarriko da elgoibartarra, gertu-gertutik bizi baitzuen hori guztia. «Futbolariak ez dira edo ez gara asko zabaltzen; eta, bakarrizketa honekin, horri buruzko alegatu bat egin nahi nuke. Izan ere, futbolariek ez dute behar duten hori kontatzen zer esanik ez daukatelako, baizik eta politikoki zuzena denetik kanpo eta marratik kanpo zerbait esaten badute, hurrengo egunean titular bat izango dutelako prentsan».

Aurrekoari jarraituta, komunikabideetan futbolak proiekzioa duela esan du, «garrantzia haundia» ematen zaiola. «Hori horrela, futbolari gehienak, eta ni ere hala nintzen, ez dira marratik ateratzen, zerbait esaten badugu eztabaida bat sortu daitekeelako. Horregatik, zentzudunena iruditzen zait, gehienetan, isilik egotea, betiko hiru esaldiak esatea eta futbolean jokatzea, horretarako ordaintzen dute-eta».

Hori horrela, futbola utzi zuenetik denbora igaro dela eta distantzia hartuta, umoretik landuko du kontakizuna. «Orain, gai naiz kontatzeko zer sentitzen duen lehen mailako futbolari batek penalti batean kale egiten badu, edo bere atean gola sartzen badu. Prentsari esango diona gauza bat da, eta barruan sentitzen duena beste bat, edozein gizakik sentituko lukeena. Okin bati ogia txarra ateratzen zaionean bezalaxe, eliteko futbolari batek ere huts egin dezake, eta hori adierazi nahi dut bakarrizketan. Noski, umoretik, jendeak irri egin dezan». 

Horrekin batera, eliteko futbola utzi eta egun batetik bestera fama hori galtzeari buruz hausnartu du. «Ez da batere erraza. Nire kasuan, beherakada oso azkar gertatu zen. 23 urterekin lehenengo maila nengoen, eta 24 urterekin, berriz, bigarren B mailan. Kolpe gogorra izan zen lehenengo mailako fokuetatik bigarrenekora jaistea. Norberaren egoerarentzat eta autoestimarentzat latza da. Hala ere, futboleko irteera oso progresiboa izan zen nire kasuan, eta melosoa, telebistan hasi nintzelako lanean. Bigarren B mailan izan zen, zarata haundirik atera gabe». Edonola ere, egoera kudeatzeko erremintak izatea ezinbestekoa iruditzen zaio Gurrutxagari. «Iruditzen zait, lehenengo mailan 15 urte egon den 35 urteko jokalari batek lehenengo maila uztea gogorra izan daitekeela. Kudeatzeko zaila izango da batzuentzat zure lanerako zaharregia zarela pentsatzea eta ezaguna izatetik jokalari-ohia izateko aldaketa ikustea. Egia da batzuek eskertuko dutela eta bikaina izango dela, fama gutxiago izango dutelako. Baina, txalo artean egotetik, bat-batean autograforik ez sinatzera pasatzea, garratza izan daiteke eta landu egin behar da».

 

«Hau da gehien maite dudana»

Zuhaitz da Realeko jokalari ohia, telebistako aurkezlea, musikaria eta umorista, eta guztien artean bat aukeratzea konplikatuegia den arren, umorea egitea da bere pasioa. «Hau da gehien maite dudana», kontatu du. «Lehenengo bakarrizketa hura egin nuenean, ez nintzen egun batetik bestera bakarrizketalari izatera pasa. Aurretik kontzertuak ematen nituen, kantatu eta gitarra jotzen nuen. Kantutik kantura letren azalpena ematen nuenean, ohartu nintzen jendeak nahiago izaten zuela nire istorioak entzutea nire kantuak entzutea baino, eta gainera, barre egiten zutela. Beraz, pixkanaka-pixkanaka gi­tarra albo batean uzten hasi nintzen, eta jendearekin gero eta ge­hiago hitz egiten. Hortxe eman nuen saltoa, kontzertuak egitetik ba­karrizketak egitera».

Umorea egitea txikitatik gustatu izan bazaio ere, barre eragitea erraza ez dela aitortu du Gurrutxagak. «Biktimismotan sartu gabe, baina inoiz tokatu zait nonbaitetik deitzea eta esatea: animatuko zara gurera etortzera? Esango dituzu txorrada horietako batzuk! Umorista izateak zailtasunak ditu, beste hamaika ogibidek ere bereak dituzten moduan. Zailtasunak ditu poema dramatiko bat egiteak, elkarrizketa bat egiteak, ogia egiteak edota antzerki bat egiteak. Beraz, kasu honetan ere, txisteak sortzeak edo barre eragiteak lanketa haundia du aurretik; lehenik, pentsatu eta idatzi egiten dugu, eta ondoren, hori guztia taularatu behar da publikoaren aurrean, eta ikuslegoak barre egitea lortu. Txisteak hobeak edo txarragoak izan daitezke, baina lana dauka horrek guztiak».

Bestalde, Futbolista baten konfidentziak lanak «ondo» funtzionatu zuela esan du, «baina momentu batean utzi egin behar izan nuen, telebistako lanak heltzen hasi zirelako eta lan karga haundia nuelako». Hala ere, azaldu duenez, jendeak  urte horietan galdetu egiten zion, ea noiz ekingo zion, berriz ere, bakarrizketak egiteari. «Lehenengo monologo hori ikusteko gogoa zutela esaten zidaten. Horregatik, bigarren lan hau sortzean lehenengo hartatik esentzia txiki bat hartu dut, ikusi ez zutenek oraingo honetan ikusteko. Ez da gauza bera, beste zenbait gai ere lantzen ditudalako, baina lotura du aurrekoarekin».

FutbolisTOKek orain arteko harrera «oso ona» izan dela dio, jendeari «asko» gustatu zaiola. Horren bueltan, oholtza gainera igotzen hasi zenetik, gaixotasun bera dutenen mezuak heldu zaizkiola azaldu du. «Sare sozialetatik mezu pribatu dexente izan ditut. Badakite ni ez naizela psikologoa, baina gurasoren batek idatzi dit ea beraien semearekin edo alabarekin hitz egin dezakedan». Bakarrizketa hau sortu zuenean bere helburua hori ez zen arren, horretarako ere baliogarria izan bada «oso pozgarria eta betegarria» dela kontatu du.

Aurrekoaren harira, hauxe mahaigaineratu du: «uste dut asko laguntzen duela jakitea beste norbaitek ere zure gauza bera sufritzen duela. TOK duen norbait obsesio eta konpultsio horiek egiten hasten denean, hasiera-hasieran, uste du munduan bakarra dela, eta ezkutuan egiten ditu. Nire kasuan, lagungarriena izan zen psikologoarengana joatea eta entzutea: Pairatzen duzuna TOK da, eta hori baldin badaukazu ziur nago hau eta hori egiten duzula, eta hori sendatzeko hau egin behar duzu. Asko lasaitu ninduen».

 

«Oso lagungarria izan da publiko aurrean kontatzea»

Trastorno Obsesibo-Konpultsiboak sortu dizkion kezken bueltan, Zuhaitzen esanetan, garrantzitsua da inguruan konfidenteak izatea. Realean jokatzen zuenean, hasieran inori ez zion ezer kontatu, baina gero, aldagelan taldekideren bati aitortu zion, bere egoera uler zezaten. Hala, informatuta egotea «ezinbestekoa» dela azaldu du. «Garrantzitsua da TOK dutenek gertuko konfidenteak izatea, baina are garrantzitsuagoa da horiek jakitea nahasmen hori zer den eta nola jokatu behar den. Nire kasuan, ama beti zegoen hor, niri laguntzeko. Ahalegin haundia egiten zuen, baina informaziorik ez zuenez, askotan, asmo onenarekin ere laguntzen saiatu arren, agian ez zen  guztiz lagungarria. Beraz, ahal bada behintzat, nahasmena duen pertsona psikologoarekin terapian badago, noizbehinka berarekin joan eta horri aurre egiteko tresnak eta gomendioak ikastea garrantzi haundikoa da».

Zuhaitzen kasuan, egun pairatzen duen hori publikoan umorearen bidez azaleratzea «oso lagungarria» izan da. «Noski, argi utzi behar dut inoiz ez diodala barre egingo TOK duen norbaiti. Jakin badakit, nire azaletik, oso gogorra dela. Hala ere, zilegi da nik neuk neure sufrimenduaz barre egitea eta ahal dudan moduan gestionatzea. Nire obsesioak txiste eran kontatze hutsak laguntzen dit konturatzeko absurdoak direla. Hori umoreak eman dit, umorea baita munduaren ikuspegi errealistena». Horrez gain, salatu du «gaixotasun askoren antzera», TOKa ere tabua dela. «Orkatila bihurritu dugula edonori esaten diogu, baina horrelako gauza bat, aldiz, ez».

Goizuetari estimua, Gurrutxagak

Mikel Pagadirekin batera, Herri txiki infernu handi telebista-saioko aurkezlea da Zuhaitz. Bihar denboraldiari berriro ere ekingo diotela aitzakiatzat hartuta, Urumea bailarako grabaketei buruz galdetu diogu. Izan ere, Astigarragan, Ereñotzun eta Goizuetan izan ziren, programa grabatzen. Barre zintzoa egin du Goizueta aipatu dugunean: «Goizueta ahaztezina izango da guretzat, magikoa.  Hasteko, grabaketa bi aldiz egin dugun herri bakarra delako. Dagoeneko 170 saio inguru egin ditugu, eta lehenengoa han izan zen. Orain, jakina, kode batzuk ditugu, Pagadik eta biok pertsonaia bat sortu dugu eta jendeak badaki zertara joaten garen. Baina Goizuetara heldu ginenean, ez guk ez beraiek ez genekien zertan ari ginen, lehenengo saioa zelako eta oraindik ez genekielako zer egiten ari ginen», kontatu du, 6 urte atzera begiratuta.   «Sekulakoa izan zen», jarraitu du, «ez dut ahaztuko. Beste herri guztiak gutxietsi gabe, baina aitortu behar dut Goizueta oso herri berezia dela, eta mundiala izan zen. Horregatik bueltatu ginen bertara 100garren programan».

Urumea Bailaran beste herri txiki eta xarma berezikoak daudela ikusita, hortxe bota diogu galdera: Eta Arano, zer? Oraingo honetan ere, barre egin du. «Oraindik ez gara joan, baina ziur joango garela. Berandu baino lehen, joan nahiko nuke, noski!».

Eskertua dago Zuhaitz, Herri txiki infernu handik «asko» eman diolako. «Nire kasuan, telebistan lana oso establea izan da, eta, zorionez, hor nago. Programa honekin erregalu haundia izan genuen, arrakasta izan baitu. Oraindik ere audientziak mantentzen dira eta horregatik daukagu lana. Baina, noizbait bukatzen bada, eskerrak ematea besterik ez zaigu geratuko, asko gozatu baitugu! Esan dudan moduan, hasiera batean soilik 10 saio egin behar genituen, eta aspaldi pasa genuen helburu hori».

Elkarrizketa amaitzeko, etorkizuna nola irudikatzen duen galdetu diogu. Handik hona ibiltzen da Zuhaitz, grabaketekin, bilerekin, bakarrizketekin... Eliteko futbola aspaldi utzi bazuen ere, aspertzeko astirik ez du. «Oso gustura nago orain, lasai. Ideia eta proiektu berriak baditut ere, bakarrizketa hau topera zukutu nahi dut, eroso sentitzen naizelako».

Datorren ostiralean, martxoaren 26an, izango dute aukera astigartarrek, barre egin, hausnartu eta gogoeta egiteko. «Garai zailak badira ere, horrelako ekintzekin kulturari lekua egiteko aukera dugu. Pasako da hau ere, baina bitartean, ahalik eta ondoen bizi gaitezen!». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!