Nabarmen egin dute gora azken egunotan, COVID-19 kasu positiboek, Astigarragan. Hori horrela, semaforo gorria piztu da, Udalak atzo jakinarazi zuenez; eta horregatik, erabaki du atzeratzea astebururako aurreikusita zeuden ekintza guztiak: haurrentzako zinea, artisau azoka, eta baita adinekoen Ttipi-ttapa ibilaldiak eta gimnasia saioak ere, datorren astekoak. Gainera, azaldu du egoeraren bilakaera aztertuko dutela, bestelako neurriak hartu behar dituzten erabakitzeko, datozen egunetan.
Irailean 30 izan baziren kasu positiboak guztira, urriko bi aste hauetan 40 kasu berri izan dira, eta azkeneko 14 egun horietan, 100.000 biztanleko 631koa da positibo tasa Astigarragan (500etik gora da semaforo gorria). «Egoera, beraz, kezkatzekoa da. Astigarragako Osasun Zentroak jakinarazi digu, kasu horien jatorria ezagutzen dutela, ez dagoela brote bakar haundirik, baina kasu isolatuen kopurua kezkagarria dela», azaldu du Udalak.
«Prebentzio neurriak zorrotz» betetzeko eskaera, herritarrei
Horren aurrean, Udalak herritarrei eskatu die, «prebentzio neurriak zorrotz» bete ditzatela: eskuak garbitu, tartea zaindu, eta musukoa erabili. Eta horrekin batera, «ahalegin berezia» egin dezatela datozen egunetan, harreman sozialak gutxitzeko, familian edota lagunartean; eta pilaketak saihesteko.
Astigartarrei ez ezik, herriko ostalaritza establezimenduei ere luzatu die eskaera, dagozkien prebentzio neurriak zorrotz bete eta zaintzeko: «bezeroak eserita egotea, musukoa soilik kendu dezatela edan edo jateko, tartea errespetatzea...».
Osakidetzak atzo emandako datuetan izan zen gorakada bereziki, Urumea bailarako herrietan. Astigarragan, 10 positibo berri eman zituen aditzera, eta Hernanin, 19 izan ziren kasu berriak, atzoko datuetan. Semaforoak kolore laranjarekin jarraitzen du Hernanin.