Maiatzean iragarri zuen Astigarragako Udalak, ekimen ezberdinak jarriko zituela martxan, herriko establezimenduei laguntzeko; pandemiaren eraginez itxita edo fakturazio oso txikiarekin egon direnei, hain justu. Ekimen horietako bat, dirulaguntza zuzenena, dagoeneko bideratu dute, eta aste honetan bukatuko dituzte ordainketa guztiak, Xabier Urdangarin alkateak azaldu duenez.
Eta bigarrena ere, deskontu bonuena, martxan da atzotik. Guztion Azoka ekimenaren bitartez, %20ko deskontua duten bonoak eskuratu ditzakete herritarrek, Astigarragako establezimenduetan erabiltzeko.
10, 20, 50 eta 100 euroko bonoak eta 44 establezimendu aukeran, internet bidez
Asteazkenean aurkeztu zuten kanpaina, Astigarragako Udalak eta Astiko merkatari, ostalari eta zerbitzu establezimenduen elkarteak. Elkarlanean aritu dira ekimena bideratzen, eta prozesu horretan, komertzioen «jarrera positiboa» nabarmendu nahi izan du Udalak.
Deskontu bono horiek erosteko, plataforma bat jarri dute martxan interneten, helbide honetan: guztion.astigarraga.eus. Bertan ageri dira, parte hartuko duten 44 establezimenduak, sektore guztietakoak: «jatetxe eta tabernak, sagardotegiak, argazkilaritza, dekorazioa, elikadura, estetika eta ileapaindegiak, liburu eta paper dendak, makineria enologikoa eta osasuna daude tartean. Oso harrera ona izan du, eta aukera anitza izango dute bezeroek».
Aukeratutako establezimenduan, bonoaren kopurua aukeratu behar du erabiltzaileak, eta 10, 20, 50 eta 100 eurokoak daude aukeran. Establezimendu bakoitzak aukeratu du, dena den, horietatik zein eskaini. Eta erabiltzaileak, aukeratutako bonoaren %80a ordainduko du, eta Udalak jarriko du gainerakoa. Alegia, 100 euroko bonoa eskatuz gero, 80 euro ordaindu beharko dira; edo 50 eurokoa eskatuta, 40 euro. Horretarako, 300.000 euroko partida gorde du Astigarragako Udalak, eta beste horrenbeste, urrian egingo den bigarren txandarako. Horretan, gainera, ez dira sartuko bakarrik itxita egon diren establezimenduak, edo oso fakturazio txikia izan dutenak; nahi duten guztiak baizik.
Bonoa erabiltzeko, nahikoa izango da establezimendu horretara joan, eta mugikorrean erakustea; edo inprimatuta eramatea, bestela.
Badira hiru establezimendu, 44 horietatik aparte, alarma egoeran zabalik egon arren parte hartu nahi izan dutenak: «haien kasuan, beraiek jarriko dute %15eko deskontua, herritarren aldetik jasotako babesa eskertzeko». Zure ondoan zabalik bonoak deitu diete horiei.
Abuztuaren 31ra arte, 200 euroko mugarekin
Dagoeneko erabili daitezke deskontu bonoak, eta abuztuaren 31ra arte izango da epea. Nahi adina deskontu bono erosi daitezke, baina 200 eurokoa da muga, pertsona bakoitzeko. Adin mugarik ez dago, ordea: adin guztietako herritarrek sortu dezakete erabiltzailea, interneteko plataforma horretan, eta deskontu bonoak erosi. Aurreneko aldian bakarrik sortu beharko da kontua; hurrengoetan, saioa hastea nahikoa izango da.
Erosketa egin ondoren, norberaren kontuan agertuko dira bonoak, eta emailera ere bidaliko dute bonoa erosi izanaren ziurtagiria.
Bonoek, hori bai, erosketa bakarrerako balio dute; eta erosketaren balioa bonoa baino txikiagoa bada, ez dute dirua bueltatuko. Beraz, kasu horretan, hobea da bono txikiago bat erostea, momentuan erabiltzeko.
Guztion Azokaren plataforman sartzean, aukeratu behar da zein establezimendutako bonoa erosi, eta ondoren, bonoaren kopurua. Bertan ikusi daiteke, baita ere, kopuru bakoitzeko zenbat bono dauden oraindik. Erosketa berean, eskuratu daitezke establezimendu bereko nahi adina bono; baina bi establezimendu ezberdinetako bonoak erosteko, bi erosketa egin beharko dira.
«Jendea animatuta ikusi dugu, eta poza ematen du horrek»
Astikoko ordezkariek, aurkezpenean nabarmendu zuten «proiektu polita» dela martxan jarri dena, «funtzionatu dezakeena, teknologia berriek erraztuta». Baikor dira, beraz, ekimenak eman dezakeenaren inguruan: «jendea animatuta ikusi dugu, eta poza ematen du horrek». Eta komertzioak prest azaldu dira, bonoen funtzionamenduarekin laguntzeko, teknologia berriekin hain ondo moldatzen ez diren horien kasuan.
Lokal hutsen eskaparateei itxura atseginagoa emateko, argazkien biniloak
Herriko komertzio txikia biziberritzea da Guztion Azoka kanpainaren helburua; eta zentzu horrekin, beste ekimen bat ere jarri dute martxan, kanpainaren barruan; zehazki, lokal hutsekin lotutakoa.
«Lokal hutsak daude herrian, eta ematen dute itxura, herriko komertzio txikiak ez duela funtzionatzen. Hori aldatu nahi genuen, eta lokal horien jabeekin hitz eginda, proposatu genien eskaparateetan jartzea biniloak, argazkiekin, beste itxura bat emateko», azaldu zuen Xabier Urdangarin alkateak.
Pastain argazkilaritza denda arduratu da lan horretaz: «egun hauetan aritu gara argazkiak ateratzen, eta saiatu gara islatzen herriko komertzio giroa. Leloak erantsi dizkiegu argazkiei, bertako produktuak bertan kontsumitzeko mezuarekin lotuta. Herriko komertzianteak ageri dira bertan; herritarrentzat gertukoa den jendea, alegia», azaldu dute Pastainetik.
Argazki haundiak dira eskaparateetan jarri dituztenak, eta atentzioa ematen dute: «erabat itxuraldatzen dituzte».
Eta azkenik, aurkezpenean jakinarazi zuten, erosketarako poltsak ere banatuko dituztela, «jasangarritasunari begira».