«Presazko» gai bat onartu behar zenez, ezohiko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordearen bilera egin zituen Astigarragako Udalak, asteartean. Telamatikoak izan ziren asteartean egin ziren batzarrak, «oraindik alarma egoerak indarrean jarraitzen duelako». Baina Udalak jakinarazi du, behin alarma egoera amaituta, «aurrez aurreko batzarrak egiten» hasiko direla.
Astearteko Osoko Bilkurara, gai zerrendan puntu bakarra eraman zuten, «presazkoa zena»: Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazteko zerbitzuaren kontratuan enpresa aldatzea, hain zuzen ere. Izan ere, apirileko Osoko Bilkuran, Grupo Dahye Developement Investment S.L. enpresari esleitu zitzaion kontratua, baina Astigarragako Udalak azaldu du, ez dituztela beharrezko baldintzak betetzen; hau da, «baldintza-agirian eskatutako gaitasun profesional edo teknikoko gutxieneko baldintzak dauzkanik ez du egiaztatzen». Hori kontutan izanik, Grupo Dahye Developement Investment S.L. enpresari Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazteko zerbitzu-kontratua ez esleitzea erabaki zuen asteartean, Osoko Bilkurak.
Eta honen ordez, Astigarragako Plan Orokorra idazteko zerbitzu kontratua Sabai Arkitektoak S.L.P. enpresari esleitzea onartu zuten, «295.000 euroan (BEZa barne hartu gabe), betiere beharrezko dokumentazioa, fidantza, eta abar aurkezten baditu», jakinarazi dutenez.
Tokiko Batzordean jorratu ziren gai «esanguratsuenak»
Hainbat gai «garrantzitsu» jorratu ziren Tokiko Batzordean; haien artean, DBHko ikastetxea eraikitzeko Udal Gobernua egiten ari den lanean «ezinbesteko urratsari buruz» jardun zuten, eta erabaki zen martxan jartzea, «Santiomendi eta Mendiaundi arteko goi-tentsioko dorreen tentsio ertaineko sare elektrikoa lurperatzeko proiektua eta lehiaketa». Gainera Xabier Urdangarin alkateak azaldu du, asmoa dela «urte amaierarako amaitzea, eta oraingoz bide onetik goazela esan genezake».
Bestalde, martxan jarri zen lehiaketa, Pumptrack pista eraikitzeko, 2018 urteko aurrekontu partehartzaileetan herritarrek aukeratu zutena. 83.435,55 euroan (BEZ barne) jarri dute martxan lehiaketa.
Aurreko enpresak eskatutako baldintzak betetzen ez dituela eta, Sabai Arkitektoak enpresari esleitu diote orain, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazteko zerbitzu kontratua.
Horrez gain, Erribera kultur etxeko hornikuntza prestatzen jarraitzen duela jakinarazi du Udalak, eta azaldu du, ikus-entzunezko ekipamendua apirilan esleitu zela, baina bosgarren lotearen (proiekzio-ekipoa) esleipena mahai gainean uztea erabaki zela, «Kelonik Digital S.L. enpresak aurkeztutako eskaintza, nabarmen baxua izateagatik, egingarria zen edo ez zehaztu arte». Ondoren, enpresak eskainitako prezioaren maila baxuaren justifikazioa aurkeztu zuen, eta dokumentazioa aztertu ondoren, «eskaintza onartu daitekeela» ikusi du Udalak. Hori dela eta, enpresa horri bosgarren lotea esleitzea erabaki zuen Tokiko Gobernu Batzordeak.
Horrekin batera, onartu zuten lehiaketa martxan jartzea, Erribera Kultur Etxeko liburutegi, sarrera, bulego eta areto batzuetarako altzariak eta ekipamendua hornitu eta instalatzeko.
Hiru elkarterekin dirulaguntza izendunen hitzarmanak «berritzea» ere onartu zen Tokiko Gobernu Batzordean: AEK euskaltegiarena, Herri Eskolako guraso elkartearena, eta Xaguxar Aisialdi taldearena.
Udari begira, erabaki gehiago
Udari begira, oraindik erabakiak hartzeko dauzkala jakinarazi du Astigarragako Udalak.
Igerilekuak ekainaren 29an irekiko dira, baina aldez aurretik hitzordua eskatuta, «aglomerazioak sahiesteko eta segurtasuna bermatze aldera».
Herriko festei dagokionez, oraindik ez dute ezer zehatzik erabaki. Ekainaren 25ean egingo dute horiei buruzko bilera, hain justu. Baina azaldu dute, «kultur ekintzak» egitea dela asmoa, beti aforoa kontrolatuz, distantziak mantenduz...