Aste honetan izango dute odola emateko aurreneko zita astigartarrek, osasun alarma egoera hasi zenetik. Eta gainerako herrietan bezala, neurri bereziak hartuta egingo dute, Astigarragako Odol Emaileen elkarteak aurreratu duenez.
Etzi izango da hori, asteazkenarekin, arratsaldeko 18:30etatik 20:30etara. Ez dute anbulatorioan egingo oraingo txandan, Astigarragako Herri Eskolako aretoan baizik; atzeko aldetik sartuta, hain justu.
«COVID-19aren egoera dela eta, neurri bereziak hartu behar izan ditugu, protokoloa betetzeko. Baina garai honetan ere, odola ezinbestekoa dugu bizitzak salbatzen jarraitzeko», nabarmendu dute Odol Emaileen elkartetik.
Odola emateko, aldez aurretik hitzordua hartu behar
Neurri horietako bat izango da, odola ematera joan aurretik, hitzordua hartu beharko dela, asteazken goizean bertan. Horretarako, telefonoz deitu behar da, 943 00 78 88 zenbakira, goizeko 08:30etatik 13:30etara. «Ezinbestekoa da hitzordua hartzea, jendea ez pilatzeko», azaldu dute.
Argitu dutenez, Astigarragako Udalaren laguntza izan dute deialdia antolatzeko, eta Gipuzkoako Odol Emaileen elkartearekin koordinatuta egin dute odola emateko deialdi berezia. Eta bertaratzeko deia luzatu diete herritar guztiei: «zabaldu deialdia, eta animatu zaitezte bizitza ematera! 40 odol emate behar dira», nabarmendu dute.
Otsailaren 20an izan zuten odola emateko aukera azkenekoz astigartarrek, ohi bezala anbulatorioan. Urtean hiru deialdi izaten dituzte, otsailean, ekainean eta urrian; eta orain, egoera berezian bada ere, ez diote hitzorduari hutsik egingo.