Koronabirusak eragindako egoerak, kolokan jarri ditu udalekuak; bertan behera geratu dira asko, eta zalantzan daude beste hainbat. Xaguxar Aisialdi Taldeak, ordea, erabaki du udaleku irekiekin aurrera egitea.
«COVID-19ak sortu duen egoera dela eta, aurtengo udalekuak egokituko ditugu baldintza horietara», jakinarazi dute.
Hori horrela, lau txandatan egingo dituzte udalekuak, uztailean eta abuztuan. Bi astekoa izango da txanda bakoitza: aurrenekoa, ekainaren 29tik uztailaren 10era; bigarrena, uztailaren 13tik 24ra; hirugarrena, abuztuaren 3tik 14ra; eta laugarrena, abuztuaren 17tik 28ra.
Gainera, talde txikiagoak eta finkoagoak egingo dituzte, eta beharrezko segurtasun neurriak hartuko dituzte udalekuetan.
Goizeko ordutegian izango dira, 09:30etatik 13:30etara; eta egoeragatik, aurten ez dute irteerarik egingo. Gainera, nahi duenak, zaintza zerbitzua ere eskatu dezake goizeko 08:00etatik 09:30etara; baina jangela zerbitzurik ez da izango.
Izenematea aste honetan egin behar da, ostiralera bitarte, internet bidez: xaguxar.org/ 2020/06/udaleku-irekiak-2020. Eskainitako tokiak baino jende gehiago apuntatuz gero, Astigarragan erroldatuta daudenek izango dute lehentasuna, eta zozketa egingo dute ekainaren 15ean. Webgunean eta sare sozialetan argitaratuko dute zerrenda, egun horretan. Hori bai, haur bakoitzak txanda bat izango du bermatuta.
Zozketaren ondoren, behin betiko izenematea egiteko, ordainketa egin beharko da, ekainaren 16tik 19ra. Prezioa 60 eurokoa da txanda bakoitzeko, eta badira beherapenak: %20koa, izena emandako bi senideetako bati, edo familia ugariko haur bakoitzari. Ordainketa egiteko, Euskadiko Kutxako kontu honetan egin behar da ingresoa, haurraren izen-abizenak adierazita: 3035 0214 35 2140017089.
Informazio bilerarik ez dute egingo aurten, baina nahi duenak, eskura ditu emaila eta telefonoa (goizez), edozein zalantza argitzeko: info@xaguxar.org, edo 943 33 50 64.