Ateak irekiko ditu gaur Udal Liburutegiak, «Eusko Jaurlaritzak ezarritako protokoloa jarraituta»; besteak beste, pertsonen arteko bi metroko distantziak mantentzea, maskarak erabiltzea, sartzean eskuak garbitzea eta banaka sartzea, 14 urtetik beherakoak edo menpekotasunen bat dutenak direnak izan ezik.
Bi zerbitzu emango ditu librutegiak oraingoz: liburuak maileguan hartzea, eta ikasteko gunea erabiltzea.
Goiz eta arratsaldez, irekita
Liburutegira joan aurretik maileguan hartu nahi den liburua katalogoan bilatzeko eskatu da, eta ondoren, hitzordua hartzeko, 943 33 11 92 telefonoan edo infoliburutegia@astigarraga.eus posta elektronikoan. Liburua prest izango da mostradorean. Bazkide txartel bakoitzarekin lau dokumentu hartu ahal izango dira; liburu, CD edo DVDak. Materiala bueltatzeko, liburutegiko postontzia eta eskura jarriko diren kaxak erabili beharko dira, eta 15 egunez gordeko dira kutsatzea saihesteko. Mailegurako ordutegia 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etarakoa izango da.
Bertara joan badaiteke ere, eLiburutegia webgunea erabiltzeko aholkatu da, liburuak eta filmak online eskuratzeko. Bertaratu ezin dutenei, berriz, etxeko zerbitzua eskainiko zaie.
Ikasteko gelari dagokionez, 17 urtetik gorakoek erabili ahal izango dute, 09:00etatik 13:30etara eta 15:00etatik 19:30etara, uztailaren 7ra arte, eta hitzordua eskatuta.