PSE-EE

«Merkataritzaz gain, familiek ere lehentasuna izan behar dute»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 31a, 00:00

Mikel Duran, PSE-EEko bozeramailea pozik agertu da, «PSE-EEren eskariari esker, 135.000 euro gehitu zazikielako 400.000 euroko laguntzei».

Astearteko Plenoan aho batez onartu zen Koronabirusak eragindako ondorioei aurre egiteko Udal Plana, eta PSE-EE pozik agertu da horregatik. Baina «familiek lehentasuna» izan behar dutela azpimarratu du.

Eremu pribatuari, arreta publikoa
Udal Plan horrek hainbat diru-laguntza jasotzen ditu, besteak beste, merkataritza eta ostalaritzari bideratutakoak. Baina, horrez gain, familiei laguntzeko partida bat ere gehitu da, «PSE-EEren eskariari esker».

Hain zuzen, Mikel Duran, Astigarragako PSE-EEko bozeramaileak azaldu du «eremu pribatuari badagokio ere, arreta publikoa merezi» dutela, «kontziliazioaren aldeko proposamenek». Duranen hitzetan, «eskolaratze adineko umeak dauzkaten familiek telelanean egin behar izan diote aurre konfinamendu luze honi, eta haurrek ezin zuten ez eskolara joan, ez eta aiton-amonekin geratu ere, kolektibo zaurgarriena eta sintoma larrienak izan zitzakeena zelako. Egoera hau kritikoago bihurtuko da enpresek eskatzen dutenean, batzuk dagoeneko egin duten bezala, aurrez aurreko lanera bueltatzeko, eta are larriagoa izango da guraso bakarreko familietan».

Horregatik, Duranek nabarmendu du «PSE-EEren eskaerari esker Udalaren 400.000 euroko laguntzei 135.000 euro gehitu» izana, «bideratuko direnak zaintzara, Udaleku zerbitzuak laguntzera edota feminizatutako sektoreetarako kontratazio programak bultzatzera».

Azken horri lotuta, bozeramaile sozialista arduratuta agertu da telelanean aritzeko ezintasunak izan ditzakeen ondorioekin, «bereziki, emakume langileen kolektiboaren kasuan, askotan, haien lan ibilbideari uko egitera behartuta egoten baitira, familiaren zaintza ez baztertzeko».

Telelanari lehentasuna, aurrerantzean
Duranek nabarmendu du «tokiko merkataritza eta ostalaritza, hala nola enpresak ere, babestea garrantzitsua» dela, baina «familiek lehentasuna izan behar» dutela dio. 

Horrez gain, gehitu du Pedro Sanchezen gobernuak ezarritako alarma-egoera bukatzean, «telelanak enpresentzako lehentasuna» izango duela, nahiz eta «ez diren mantentzera derrigortuta egongo». Dena den, kasu askotan langileek «normaltasunez eta eraginkortasunez» egin dutela azpimarratu nahi izan du.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!