Ez zen ohiko San Isidro eguna izan, joan den ostiralekoa, Astigarragan. Baina ospatu nahi izan zuten, nola edo hala, baserritarrak omentzeko jaia.
Eta baita egin ere. Batetik, bertso saioa izan zen interneten, zuzenean, Onintza Enbeita, Nerea Elustondo, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek Astigarragako San Isidrori eskainitakoa, Agin Laburu astigartarra gai-jartzaile zela. Saio hori, astigarraga.eus web orrian ikusi daiteke orain, Aktualitatea ataleko Albisteak txokoan sartuta. Ordubete pasatxoko saioan, denetik izan zuten hizpide bertsolariek: Foru Plazako eta Zamalbideko San Isidro, idi probak eta animalistak, apustuak, baserritarrei omenaldia eta emakumeen papera, festaren ondorengo ohiko afaria Lizeaga sagardotegian...
Baserritarren omenezko bideoa, Udalak eta Goldeak
Bertso saioa antolatu ez ezik, beste zenbait ekintza ere prestatu zituzten ostiralean Astigarragako Udalak eta Goldea Elkarteak, San Isidro egunerako. Horrela, bideo bat osatu zuten, herriko baserritarren omenez; eta bertan ageri dira Lagatxagako Mari Carmen eta Antonio; Lizardi Loreakeko Lourdes, Estitxu eta Jasone; Elio-Eneko Inaxio; Larrabiko Juani eta Josetxo; Plazetxeko Jabier eta Egoitz; Taulako Elena eta Delfin; Astibaratzeko Egoitz; eta Lizardiko Jabi. Bideo hori ere, ikusgai dago astigarraga.eus web orrian, Albisteen txokoan.
Gainera, egunean bertan, udaletxeko fatxada bereziki apaindu zuen Udalak, San Isidro eguna ospatzeko, eta hala egiteko eskatu zien Herri Eskolako ikasleei ere, etxeko leiho eta balkoietan: barazkiak, otarrak, baserriko tresnak, marrazkiak... ipini zituzten. Eta Foru Plazan, azkenik, barazkiekin egindako figuren erakusketa jarri zuten.