Alarma egoera medio, bertan behera geratu dira oraingoz, Emakumeon Plazako muralerako argazki-saioak. Baina, bitartean, proposamena luzatu die Udaleko Berdintasun Sailak Astigarragako emakumeei, «etxetik bada ere, elkarren arteko harremana sendotzeko. Hala nola, elkar ezagutzeko, elkarri laguntzeko eta zuzenean bakoitzaren eta kolektibo gisa dituzten beharrak eta nahiak ezagutarazteko».
Bi bide proposatu ditu elkarrekin komunikatzeko.
Whatsapp taldea, zabalik
Batetik, emakumeen whatsapp taldea sortuko da. Bertan parte hartu dezakete aipatutako muralerako argazki saioetarako izena eman dutenek eta eman ez dutenek; denek. Parte hartzeko, baimen orria bete behar da (eskuragarri, www.astigarraga.eus webgunean) eta berdintasuna@astigarraga.eus helbidera bidali. Baimena jaso eta hurrengo egunetan jasoko da taldean sartzeko gonbidapena, whatsapp bidez.
Erabilera arauak ere zehaztu dira: Astigarragako emakumeentzako taldea izango da; berdintasuna eta indarkeria matxistarekin lotutako gaien inguruan informatzeko edo hitz egiteko bakarrik erabiliko da; eta iritzi eta ikuspegi guztiak errespetatuko dira, eta elkarren arteko ahizpatasuna eta begirunea sustatuko dira.
Bi talde feminista, aukeran
Bestalde, herrian bi talde feminista lanean ari direla ere gogorarazi du Berdintasun Sailak.
Harituz elkarteak, Matazak indarkeria sexistaren aurka proiektua dauka martxan, eta asteartero elkartzen da kultur etxean, 16:30etatik 19:30etara. Harremanetarako: familiamadejas@gmail.com helbidea edo 630 678 474 (Isa) telefonoa erabili daitezke.
Bestalde, 2019 urtean sortutako Aztifemiak taldea dago, herrian feminismoa sustatzeko eta lantzeko hainbat ekimen esku artean dituena. Harremanetan jartzeko: aztifemiak@gmail.com.