Konfinamenduan ere, ehuntzen jarraitzeko deia luzatu die Harituz elkarteak herritarrei, Matazak Indarkeria Sexistaren Aurka proiektuarekin; konfinamendu egoeran ere, indarkeria sexista presente dagoelako, eta hartutako neurria «emakume askorentzat arriskutsua» delako.
«Genero indarkeriaren biktima diren emakumeek ere jasaten dute muturreko zaurgarritasuna, erasotzaileekin espazio bera konpartitu behar baitute egun osoan. Arrisku hori areagotu egiten da erasotzailea gertu izanda, laguntza eskatzeko edo salaketak aurkezteko zailtasunengatik». Eta prostituzio egoeran dauden emakumeek ere, «sexualki esplotatuta jarraitzen dute, eta kutsatzeko arrisku haundiagoa dute».
Bufanda zatiak balkoietan, babesa erakusteko
Hori horrela, indarkeria sexistak ikusarazteko eta salatzeko, bufanda zatiak ehuntzea proposatu du Harituzek: 30 zentimetroko zabalera duten piezak, eta nahi den luzerakoak. Horiek balkoietatik zintzilikatuko dituzte, «emakume horiei bakarrik ez daudela erakusteko».
Nabarmendu dute, gainera, funtsezkoa dela biktimaren inguruan daudenak, senide, bizilagun eta lagunak, adi egotea.
Konfinamenduaren ondoren, topaketa bat antolatuko dute Matazak proiektuaren barruan, eta ehundutako zatiak elkar josiko dituzte, «indarkeria sexisten aurkako loturarik haundiena eta mundialena lortzeko».