San Isidro jaia ez da ospatuko Astigarragan, ez behintzat aurreikusita zegoen datan. Maiatzaren 15ean zen egitekoa, baina bertan behera utzi du Goldea elkarteak, Koronabirusaren eraginez indarrean dagoen osasun alarma egoera dela eta.
«Erabaki hau hartzea ez zaigu erraza egin, baina osasun publikoko eta segurtasuneko baldintzak ez dira bermatzen, egun horretarako. Erabakia hartzeko, kontutan izan ditugu Udalaren gomendioak, jai eguneko partehartzaileen eta laguntzaileen balorazioak, eta herriko eragile eta taldeen iritziak», azaldu du Goldea elkarteak.
Edozein kasutan, badauka esperantza, aurten egin ahal izateko baserritarren festa bere osotasunean: «datozen asteotan alarma egoerak izango duen bilakaeraren arabera, udara hasieran egiteko itxaropena daukagu. Hori guztia, herriko ordezkariekin, elkarteekin eta eragileekin koordinatuta, eta herriari bizia eman diezaiogun, guztion artean», jakinarazi du. «Espero dugu, hartu behar izan dugun erabakia ulertu eta babestuko duzuela».