Udala

Txakurren paseoak arautzeko Udal dekretua indargabetu du alkateak

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 3a, 00:00

Estatuko Segurtasunerako Idazkaritzak adierazi duenez, dekretu horiek ezin dituzte mugatu alarma-egoera arautzen duten arauak.

Astigarragako alkateak apirilaren 1ean 285/2020 DEKRETUA onartu zuen, alarma egoeran txakurren paseoak egiteko jarraibideak ezartzeko. Hainbat udalek onartu dituzte gisa horretako dekretuak, baina Estatuko Segurtasunerako Idazkaritzak adierazi duenez, dekretu horiek ezin dituzte mugatu alarma egoera arautzen duten arauak.


Astigarragan onartutako dekretuak paseo kopurua eta denbora mugatzen ditu eta udalak ezin du hori egin. Ondorioz, bertan behera geratu da aipatutako dekretua eta, beraz, aplikatu behar da alarma egoeraren araubideak:  Paseo laburrak egin, animaliaren behar fisiologikoak egiteko beharrezkoa den denbora soilik.


Saihestu kontaktua beste animaliekin eta pertsonekin.
Garbikaria duen ur botila eraman, txakurrak txiza egin ondoren ingurua garbitzeko (asfaltoa edo espaloia); txakur kaka jasotzeko poltsak erabili.


Bestetik, Udalak Ertzaintzari kontsulta egin dio jarraibide horien gainean eta honako erantzuna jaso du: Maskota kalera atera dezaket? Bai, banaka, ezinbestekoa den denboran eta etxebizitzatik hurbil.

 

Ibai parkea itxita geratzen da

Ibai parkeari dagokionez, udalak martxoaren 26an erabaki zuen Ibai parkea ixtea. Ondoren, apirilaren 1eko 285/2020 DEKRETUAren bidez erabaki zuen eremu bat ezartzea txakurrekin bertan ibiltzeko. Udal dekretua indarrik gabe geratu denez, eremua itxita geratu da. Une honetan Ibai parkea itxita dago.

Gai horren inguruan Ertzaintzari kontsulta egin dio Udalak Ibai parkea derrigorrez itxi behar den ala ez galdetzeko eta erantzun idatziaren zain dago. Amaitzeko, gai honen inguruan sortu den nahaspila dela eta barkamena eskatu nahi die gai honetan inplikatutako herritarroi. Udal dekretuarekin bi helburu lortu nahi ziren: batetik alarma-egoeraren araubidea gehiago zehaztu eta txakur jabeei segurtasuna eman zer egin eta zer ez egin jakiteko.  Bestetik, txakurren paseoen inguruan gertatutako arau-hausteak mugatu. «Bistan denez, azken egunotan gaiak okerrera egin du eta ez dugu kudeatzen asmatu. Ahaleginean jarraituko dugu lanean gai hori ahalik eta ondoen bideratzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!