Hileroko zitari hutsik egin gabe, hilabeteko azken asteartero bezala, Plenoan bildu zen herenegun Astigarragako Udala, baina oraingoan, telematikoki egin behar izan zuten bilkura, Koronabirusaren aurka ezarritako konfinamendu egoera dela-eta.
Hain zuzen, Plenoaren aurreneko puntuan adostu zuten alarma-egoera indarrean dagoen bitartean telematikoki egitea hurrengo bilerak; hala nola, elkargokideen organoen artekoak eta kontratazio mahaiarenak. Azken hau, apirilaren 16rako deitu da, goizeko 09:00etarako.
Erabateko adostasuna, Pagoaga eremuko aldaketari eta kultur etxearen izenaro dagokionean
Orokorrean, aho batez onartu ziren Plenoko gainerako puntuak ere: martxoaren 18ko akta, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean Ergobia auzoko Pagoaga eremuko Plan Berezia, eta kultur etxea berriaren izena.
HAPOan egindako aldaketaren inguruko Plan Bereziaren testu bategin hori azken Hirigintza Batzordean aurkeztu zela azaldu zuen Xabier Urdangarin alkateak, eta bertan onespena eman zitzaiola. Horrela, boletin ofizialean argitaratu eta Foru Aldundira bidaliko da orain, behin- -betiko onarpena emateko.
«Gure asmoa da ahalik eta normalen jarraitzea udal funtzionamenduarekin»
Kultur etxe berriaren izenari dagokionez ere, aho batez onartu zuten denek Erribera izena. Alkateak azaldu zuen bi galdeketa egin behar izan zirela herritarren artean, aurrenekoan batzuk, behin eta berriro bozkatzeko, sistemari iruzur egiteko modua bilatu eta bertan behera utzi behar izan zelako. Bigarrengoan hori kontrolatu egin zen, eta kulura batzordeak erabaki zuen 100 bototik gora jasoz gero, erabakia loteslea izango zela. 198 herritarrek bozkatu zuten; horietatik %57,9k Erribera izenaren alde, eta %42,1ek Manttoni izenaren alde.
Sagardotegien ordenantza eta lur urbanizaezinen zehaztapenari, aldaketak
Bildutako zinegotzien arteko desadostasun bakarra laugarren puntuan azaleratu zen: HAPOan aldaketa egitea proposatzen zuen puntuan, sagardotegien ordenantzari eta lur-urbanizaezinen zehaztapenari dagokionez.
EH Bilduren aldeko 7 botoekin eta PSE-EErenarekin onartu zen, baina EAJk kontra bozkatu zuen; kontrako botoak lau izan ziren, zinegotzietako batek ez baitzuen lortu Plenoarekin telematikoki bat egitea. Lehendik bidalitako prentsa oharrean azaldu zuten jeltzaleek kontrako botoaren zergatia: «Sagardotegiak haunditzea lursailaren neurriaren arabera egingo da, Astigarragako sagardotegiak hazi eta merkatura egokitzeko aukerarik eman gabe. Bilduk murrizketa larriak onartuko ditu, sagardotegien eraikuntza eta haunditze gaitasuna erdira jaitsiz».
Udala, neurri berrietara egokitzen
Azkenik, galdera eta erreguetarako azken puntuan, oposizioak «galderak hurrengorako» uzteko asmoa azaldu zuen, «egoera zein den ikusita».
Alkateak, bere aldetik, azaldu zuen igandean jarduera ekonomikoa bertan behera uzteko dekretua argitaratu ondoren, «Udaleko funtsezko zerbitzuak zein diren erabaki» dutela, eta horren arabera, lan egiteko moduak egokitu dituztela udaletxean ere. Dena den, azpimarratu zuen «asmoa udal funtzionamenduarekin ahalik eta normalen jarraitzea» dela, eta zalantzak argitu eta informazioa partekatzeko eskuragarri egongo dela.