Ez dira egunik errazenak izaten ari, osasun alarma egoera ezarri zenetik, udaltzainentzat ere. Izan ere, konfinamendu agindua gehienek zintzo betetzen duten arren, badira errespetatzen ez dutenak, eta horrek tentsio momentuak sortzen ditu.
Hala onartu du Agustin Semperenak, Astigarragako udaltzain buruak: «aurreneko egunetan, batez ere aritu ginen jendeari erakusten, zer egin zezakeen eta zer ez. Baina dagoeneko jarri behar izan ditugu salaketa batzuk, badirelako batzuk ez dituztenak errespetatzen hartu diren neurriak. Beti dago tranpa egin nahi duen jendea. Tentsio pixka bat sortzen du horrek».
Dena den, uste du gehiengoa zintzo ari dela kasu egiten. Hori zaintzeko, etengabe ari dira herrian bueltaka, «ziurtatzeko jendea ez dabilela kalean arrazoirik gabe. Ezin gara aritu denei galdezka, nora dijoazen edo zertan ari diren; baina gaizki ari direla ikusten dugun horiei, atentzioa ematen diegu. Esate baterako, ikusten baditugu bi lagun elkarrekin paseatzen, egon behar ez duten toki batean. Baina kalearen erditik oinez dijoana, suposatzen dugu ondo dijoala, erosketak egitera edo lanera, ez bada bueltaka dabilela», dio.
«Txakurra ateratzearena da, une honetan, jendea okerren egiten ari dena»
Zentzu horretan, mezua helarazi diete herritarrei: «esan nahi diegu, ez saiatzeko tranparik egiten, beraien kontra dijoalako hori. Jende asko dago txakurrarekin ateratzen dena paseatzera. Txakurra ateratzeko baimena, ez da goiz osoan harekin kalean ibiltzeko edo paseo luzeak egiteko. Egin behar da atera etxe ondora, ahalik eta denbora gutxien egon, eta berriro etxera. Eta ez beste txakurrekin edota pertsonekin kontaktuan egon. Hori da, une honetan, jendea okerren egiten ari dena».
Osasun alarma egoera ezarri zenean, astero egin ohi duten bezala, bilera egin zuten Hernaniko ertzain etxean, inguruko herrietako udaltzain buruek. Eta bertan hitz egin zuten, jarraitu beharreko pausoen inguruan: «instrukzio berak dauzkagu denok, baina funtsean, eskatu zaiguna da zentzuz jokatzea», azaldu du Semperenak.
Ertzaintzarekin harremanetan daude uneoro, edozein zalantza dela ere; eta inguruko udaltzaingoekin, eguneroko partea elkarbanatzen dute, eguna nola joan den aditzera emateko. Gainerakoan, normaltasunez ari dira lanean, osasun zerbitzuek gomendatutako neurriak hartuta.