Egunero, arrisku haundieneko espazioak desinfektatzeko lanak

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 25a, 00:00

Egunero egingo dituzte desinfekzio lanak.

Galtzadak urarekin kamioi bidez garbituko dira garbikari tentsioaktiboa erabiliz eta desinfektatzailea aplikatu da lurrun bidez.

Astigarragako Udalak laster arrisku haundieneko espazio publikoak desinfektatzeko lanak jarriko ditu martxan. Lan horiek egunero egingo dira. Herritarrek espazio publikoetan ibiltzeko duten debekua kontuan hartuta (baimendutako jardueretarako ez bada). Udalak arrisku haundieneko eremuak zehaztu ditu, hala nola: anbulatorioaren ingurua eta Errekatxoko zubia, etxebizitza tutelatuen ingurua, herritar gehien ibiltzen den eremu eta pasabideak (farmazia eta janari denden inguruak, joan-etorri gehien duten kale eta pasabideak…).

 

Jarraibideen arabera egingo dira lanak

Desinfektatzeko lanak egingo dira osasun agintaritzak emandako jarraibideen arabera. Osagarri diren bi ekintza burutuko dira: lehenik, galtzadak urarekin kamioi bidez garbituko dira garbikari tentsioaktiboa erabiliz.

Ondoren,  desinfektatzailea aplikatuko zaie lurrun bidez eremu publikoetako osagai hauei: hondakinen edukiontziak, markesinak, lehenago aipatutako arrisku eremuetako hiri altzariak eta, oro har, gaixotasuna transmititzeko arriskua sor dezaketen bestelako osagaiak.

Horrekin batera, ahal den neurrian, koronabirus positiboa eman duten pertsonen etxepe edo portalak desinfektatzeko lanak egingo ditu udalak (horrela eskatzen zaionean).

Desinfektatzailearen fabrikatzailearen bi ohar izan behar dira kontuan: batetik, desinfektatzaileak 24 ordu egiten ditu aktibatuta; bestetik, aplikatu eta lehen 10 minutuetan ez dira ukitu behar tratatutako azalera eta osagaiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!