Martxoak 21ean bizilagun baten kexa jaso zuen Astigarragako Udaltzaingoak, Kale Nagusiko balkoietako musika eta abestiek sortzen zioten kaltea adieraziz. Hori ikusita Udaltzainek, prebentzio neurri gisa, auzotarrei eskatu zieten isiltzeko eta musika alde batera uzteko. Egoera horren aurrean Udalak adierazi du udal ordenantzaren 22 eta 45. artikuluek zehazten dituzte gisa horretako jarduerak, hala nola, etxebizitaren barruan nahiz kanpoan musika jo edo zarata egitea.
«Balkoietan musika jo, jarri, abestu edo bestelako elkartasun ekimenak (txalo zaparradak, kazeroladak...) burutu ahalko dira betiere aipatutako mugak gainditzen ez badira. Isiltasuna gorde behar da 22:00-08:00 bitartean astegunez eta 22:00-10:00 asteburuz».
«Atsedena eta jarduerak uztartu behar dira»
Horrelako jarduera kolektiboek sor dezaketen zarata elkarri gehitzen zaionez, «gomendatzen dugu itxialdian egiten diren musika, kantu eta bestelako ekimenak 20:00-21:00 bitartean egitea (nahiz eta berez aipatutako zarata mugak gainditzen ez diren bitartean egun osoan egin ahal izan), jarduera horiek eta bizilagunen atsedena uztartzeko».
«Koronabirusari aurre egiteko alarma egoera eta itxialdia dela eta, iluntzean ekimen politak sortu dira, elkartasuna adierazteko, komunitate baten parte garela erakusteko, elkar animatzeko eta itxialdian etenaldi bat egiteko» dio Udalak.