Nahiz eta oraindik bereziki eremu arriskutsua ez izan, beste herri eta herrialdeetan gaixotasunaren hedapenak izan duen bilakaera ikusita, Astigarragako Udalak hainbat erabaki eta neurri hartu ditu koronabirusa zabaltzea ekiditeko.
Udal instalazio eta zerbitzu hauek itxi egin dira, berriz zabaltzeko erabakia hartu arte: kiroldegia, Gazte Informazio Puntua, Zarkumendegiko futbol zelaia, KZ Gunea, kultur etxea eta liburutegia, musika eskola, Gaztelekua, Galtzaur elkartea, Jolasberri - Arrobitxulo eta AEK.
Bertan behera geratzen dira martxoko kultur eta kirol agendako ekitaldi guztiak ere.
Herritarrei eskatzen diete, oinarrizko prebentzio neurriak eta jarraibideak betetzeko: eskuak maiz garbitu; eztula egiterakoan aho-sudurrak estali; paperezko mukizapiak erabili, eta erabili ondoren bota; jende pilaketak ekidin; gaixotasunaren sintomak izanez gero (sukarra, arnas-arazoak…), etxean geratu eta Osakidetzako telefono zenbakira deitu (900 20 30 50); sintomak edukiz gero ez izan kontakturik adinekoekin edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonekin; eta ez ibili leku publiko eta jendetsuetan.
Udalak Jarraipen Batzorde bat osatuko du, osasun-krisi honi jarraipena egiteko.
«Herriko elkarte eta herritarrei dei egiten dizuegu zentzuz eta arduraz jokatzeko, eta eskatzen dizuegu osasun agintaritzak emandako jarraibide eta gomendioak betetzeko», diote.
Neurri hauek zenbat denbora iraungo duten ez dago jakiterik oraingoz.