Inaugurazioa

Herritarrei ofizialki irekia, Ibai Parkea

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 30a, 00:00
Maria Jose Lacadena eskulturgilea eta emakume gobadariak: MIren Santa Kruz, Sabina Arruabarrena, Manoli Zabalegi eta Miren Perez.

Azken asteetan atzeratu ondoren, atzo inauguratu zuten ofizialki Ibai Parkea. Bertan izan ziren haurrak zirela andre gobadariei laguntzen ibili ziren emakumeak, MªJose Lacadena eskulturaren egilea, Node dantza taldea, Herri Eskolako haur talde bat eta udal ordezkariak.

Azkenik ireki zaie Ibai Parkea herritarrei. Azken egunetako euriak medio, atzeratu egin behar izan da irekiera ekitaldia, eta atzo egin zen, azkenean.

Bertan, era berean, Andre Gobadaria eskultura ere inauguratu zen, eta okasioa aprobetxatu zen gobadari lanetan ibilitako emakumeak omentzeko.

«Urumea errioari lotuta, Astigarraga»

Ekitaldiari hasiera Xabier Urdangarin alkateak eman zion. Gogoratu zuen «Astigarraga beti egon dela Urumea errioari lotuta», eta horren adibide jarri zuen sagardoa Donostiaraino eramateko errioa erabili izana. Era berean, nabarmendu zuen datorren asteko Sagardo Apuruan, ostiralarekin, berriro ere garai batean bezala eramango dutela sagardoa Astigarragatik Donostiara, bertan abenduaren 6tik 9ra egingo den festara. Bestalde, kontuan izan zituen, baita ere, erriberaratan lanean aritzen ziren baserritarrak.

Baina horietan denetan, gizonak aritzen ziren gehienbat, lanean, eta oraingoan, emakumeei aitortza egin nahi izan zaie. Horrela, Estitxu Neira zinegotzi eta komunikazio arduradunak azpimarratu zituen andre gobadariek «hankak belaunetaraino errioan sartuta» egiten zituzten lanak, eta haiei omenaldia egiteko Ibai Parkean jarritako eskultura. Era berean, bertaratutako emakumeak «andre gobadari horien guztien ordezkari gisa» omendu zituzten: Miren Santa Kruz, Sabina Arruabarrena, Manoli Zabalegi eta Miren Perez.

Arima garbitzaileak

Maria Jose Lacadena eskulturagilea ere atzoko inaugurazio ekitaldian izan zen. Gogoratu zuen andre gobadarien garai bateko argazkiak ikustean erabaki zuela haiei omenaldia egin behar zitzaiela, eta Udalari eskertu zion eskultura egiteko aukera eman izana. Erabilitako elementuak zein ziren ere azaldu zuen, eta eskultura inguruan integratu nahi izan zuela. 

Bestalde, garai batean emakume haiek egindako lanak goraipatu zituen, eta garbitzaile haiek «arima ere garbitzen» zutela aipatu zuen.

Dantzaren bidez andre gobadarien lana ekarri zen gogora.

 

Agurra, bertsotan

Emakume gobadarien ordezkari gisa bertaratu ziren lau emakumeek Astigarragako Herri Eskolako ikasleen eskutik jaso zituzten lore-sortak, eta Node dantza taldearen emanaldiarekin gozatu ahal izan zuten.

Ekitaldia bukatzeko, Herri Eskolako ikasleek bertso parea kantatu zuten, emakume gobadarien omenez.

Aurrerantzean, Ibai Parkea irekita egongo da, ta eskulturarekin batera, andre gobadarien lanaren berri jasotzen duen panela eta argazki sorta ere ikusi ahal izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!