Erreportajeak

«Herritarren segurtasuna bermatzeko, premiazkoa da mendiko pistetako obrak gauzatzea»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 2a, 00:00

Joxan Ruiz, Aranoko alkatea Suroko pistan, asteazkenean Nafar Gobernuari aurkeztutako proiektua eskuetan duela.

2023ko maiatzean izandako uholdeen ondorioz, Aranoko mendiko pistak egoera «kaltegarrian» gelditu ziren eta konpontzeko prozesuan da Aranoko Udala. Asteazkenean aurkeztu zuen Nafar Gobernuan 2023an izandako uholdeek eragindako kalteen konponketen proiektua: «mendiko pistak oso garrantzitsuak dira, eta honekin jarri beharra daukagu, baina horretarako finantziazioa behar dugu».

2023ko maiatzaren 20a gogoan izanen dute aranoarrek; egun hartan, goizeko 02:00etatik 04:00etara bitartean, bi orduz etenik gabe egin baitzuen euria, eta horrek mugarri bat jarri zuen Aranon. Euri jasagatik, luiziak sortu ziren errepideetan, hauek hondatuta gelditu ziren eta haietako batzuk, berriz, desagertuta. Urte bat beteko da maiatzean, uholdeen ezbeharra gertatu zenetik, eta Joxan Ruizek, Aranoko alkateak, dio «nola edo hala» ari direla moldatzen: «bideak egoera txarrean daude, baina landu ditugu zenbait eremu eta erabilgarri daude». 

«Erabilgarri egoteak ez du esan nahi horrela utziko ditugunik», azaldu du Ruizek. Beraz, bide horiek konpontzeko prozesuan daudela ziurtatu nahi izan die Aranoko alkateak herritarrei. Izan ere, asteazkenean aurkeztu zuen Aranoko Udalak Nafar Gobernuan, 2023ko maiatzaren 20an izandako uholdeek eragindako kalteen konponketen proiektua. Horrenbestez, proiektuaren xehetasunak eman dizkio Aranoko alkateak Kronikari, Benta Berri elkartean bilduta.

Ruizek urtebete atzera egin du, eta errepasoa eman dio auzoko bideetan egin ziren obra txikiei: «Sortutako kalteetako batzuk konpondu zituzten, errepide orokorra adibidez, oso ondo gainera, Mariezkurrenak oso lan ona egin zuen. Baina herriko bideak txikituta gelditu ziren uholdeen eraginez, eta baserrietarako bideak egoera kaltegarrian, esaterako Suro auzorako bidea, Presarako bidea, Ipiñarko bidea, Arolako bidea…. Eta gehiago». 

Aranoko Udalak ia urte bete pasa du dirulaguntzak eskatzen eta finantziazio bideak bilatzen; eta azkenean argi izpi txiki bat ikusi dutela dio Ruizek: «Aranoko Udala ttikia da eta finantziazio gutxi daukagu. Beraz, diru laguntzak behar ditugu dauzkagun arazoak konpontzeko, eta kostata baina lortu dugu. Administrazio lokaletik, emergentziako partida bat zegoen PILetik (Tokiko inbertsio-plana). Partida honek, onartu zuen etxebizitzetara zijoazten pisten konponketa. Beraz, Aranon kaltetuak izan diren etxebizitzetarako pistei soluzio bat emango zaie. Hala ere, onartu ziguten, baina aurrekontuaren %75a ordainduz, BEZ-a gabe. Aranoko Udalak ezin dio aurre egin geratzen den kantitate horri, ez daukagulako nahikoa diru». Beraz, egoera horri irtenbidea emate aldera, 2023ko urte amaieran, Nafarroko Gobernuak (sagrarioen azpiegiturak) atera zuen dirulaguntza partida eta finantzazio linea bat. Linea honek, mendietako pistak ere sartzen zituen bere baitan, eta %90eko laguntza eskaintzen zuen».

Bi dirulaguntza hauek, beraz, «bateragarriak» direla ziurtatu du Aranoko alkateak. Horregatik, Aranoko Udalak bietera jo du «eta biak lortu ere». Bi dirulaguntza hauekin, «Aranoko Udalak aurre egin diezaioke ordaintzeko gelditzen zaion zatiari». 

Une honetan, Aranoko Udalak bi dirulaguntza horietatik zati bat jaso du, eta horregatik, «oraindik ezin dugu mendiko pistak eraberritzen hasi. Orain zentratu gara eskoileratan, base bat izateko, oinarri sendo bat izan dezaten etxeetara doazen pistek», azaldu du Ruizek. 

Suro auzoko pistan dagoeneko egin dituzte obrak, eskoilerak jarriz.

 

Ruizek dio Aranoko Udalak dagoeneko eskuhartu duela obra batean, Suro auzora doan bidean, hain zuzen ere, «beharra» zegoelako: «2023tik ona, bideek okerrera egin dute, orduan, zona batzuetan momentua heldu zen pistetan oinarri sendo bat jartzeko, bestela okerren bat geratzeko arriskua zegoen. Horregatik, erabaki genuen Aranoko auzo bateko pista batean eskoilerak jartzea, Suro auzoan Sagrarioen azpiegiturak emandako dirulaguntzekin». Duela hilabete gauzatu zuten obra hau, 74.000 euroko kostuarekin. «Beraz, esan daiteke bi proiektu egin ditugula. Guk gure aldetik egin duguna, Suro auzoko obra; eta bestea, asteazkenean aurkeztu genuen proiektu haundia, aurrekontu potoloa duena, 700.000 euro ingurukoa (Suro auzoko obra barne), oinarri sendo bat jartzeko proiektua, hain zuzen ere». Aranoko alkateak aurreratu du baserrietara joateko bideetan egingo dituzten obrak eskoileretan oinarrituko direla: «Sendotasuna ematen diolako bideari eta pista guztiei. Aranoko Udalari tokatuko zaio jartzea 40.000 euro inguru. Gure aurrekontuak ikusita, inbertsiorik gabe geldituko gara, Udal aurrekontuetan aurreikusitako inbertsioak konponketa hauetan inbertituko baitira».

«Sekulako obra» datorkio Aranori, «gu ez gara Hernani edota Leitza. Arano ttikia da. Esan nahi dut, obra bat egiteko leku ‘egokiagoa’ da beti herri bat non materialak garraiatzeko erraztasunak dituen, eta Aranoren kasuan, ez da horrela. Obrak egin behar diren pistak oso urruti daude, materiala haraino garraiatu behar da, beraz, orain tokatuko zaigu konponketa horietan zentratzea, behin dirua jasotzen dugunean». 2025erako bukatu behar omen dituzte obrak, eta hauek justifikatu.

Aranoko Udalak argi du herritarren segurtasuna bermatzea dela bere zeregin nagusietako bat, eta horregatik direla «premiazkoak» mendiko pistetako obrak: «Une honetan, gaude egoera ezegonkor batean, izan ere, baserrietarako bideak 2023ko maiatzeko uholdeen eraginez oso egoera kaltegarrian daude, eta Aranoko Udalak bermatu behar du herritarren segurtasuna eta etxeetara zerbitzuak iristen direla, izan suhiltzaileak, anbulantzia... Beraz, mendiko pistak oso garrantzitsuak dira, eta honekin jarri beharra daukagu, baina horretarako dirua jaso behar dugu». Aurreikuspenak ere egin ditu Ruizek, eta dio, «dena bere bidetik badoa» obrak udaberria pasa ostean hasiko direla, udara partean.

 

Aranoko baserrietarako pistetan, obrak

Guztira zazpi dira konponduko dituzten pistak, eta bide hauetan egingo dituzten obrak izanen dira: eraispenak eta lur-mugimenduak; eskoilerak sortu, fabrikako obrak, kaltetutako zerbitzuak eta zoruak eta zoladurak. Obra guzti hauek eginen dituzte presarako bidean, Ipiñabarreko bidean, Arolarako bidean, Larratxuriko bidean, eta Txurdangiko bidean. Suroko bidea, dagoeneko egina dute.

Obrak eta urte betean gertatutakoak kontatzen, herritarrak goraipatu ditu Ruizek, haien jarrera zorionduz: «Aranoarrek egoera honi aurre egiteko sekulako kapazitatea izan dute. Bideak oso egoera txarrean daude, eta Aranoko Udalaren izenean diot nahiko genukeela berehala konpondu, premiazkoa dagoelako, baina dirurik ez dugu jaso oraindik. Herritarrek onartu dute lanean ari garela, burokrazia lanetan, eta behin dirua jasota, buru belarri jarriko garela horretan. Eta alde horretatik, eskertuta gaude».

Presarako bidean eskoillerak jarriko dituzte, pasabidea segurua izan dadin. Une honetan, egoera honetan dago.


Irakurri poligonoko sarbidean ere, kalteak

Eskuartean dituzten proiektuetatik kanpo badago ere, Pagoagatik Aranora bidean, Irakurri poligonora sartzeko sarbideko egoerari buruz ere jardun du Ruizek, «sarbide hori oso zabala da. Eremu hori erabiltzen dute garraio publikoek, hala nola, autobus eskolarrek eta Goizuetako autobusak, buelta emateko. Iazko maiatzean, sekulako txikizioak gertatu ziren bertan uholdeen poderioz, eta kontua da, eremu hori dela zati bat Gipuzkoarena eta bestea, Nafarrokoa. Hor dago arazo larri bat, eta arriskutsua izan daiteke. Uholdeak daudenean, bertan dauden tuboak lehertu egiten dira, eta gertatzen da, ura errepide azpiko tuboetatik ateratzen dela; horrek eragingo du errepidea apurtzea, uraren indarraren poderioz». Horregatik, Aranoko Udalak dio, Hernanirekin bat egitea dela bidea: «modu honetara, administrazioei irtenbide bat eskatu geniezaieke. Bion ardura baita eremu hori, Hernanirena eta Aranorena».

 

Irakurri poligonoaren sarbideko eremu kaltetua, uholdeen eraginez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!