Mendi inguruetako herri txiki askoren joerari ezin kontra egin, beherantza egin du Aranoko biztanleriak ere, azkeneko bi hamarkadetan. 144 biztanle ziren 2001ean, eta bi gehiago 2002an (146); baina ordutik, behera egin du bizilagun kopuruak, 2021ean 114 izateraino. Dena den, azkeneko urteetako datuei erreparatuta, badu berpizkunde baten traza. 2015ean jo zuen behea, 108 biztanlerekin; eta ordutik gorantza egin du pixka bat.
Bada beste datu bat ere, herria biziberritzeko bidean pozgarria: gora egin du 20 urtetik beherako gaztetxoen kopuruak, azkeneko urteotan. Horrela, 2007an bederatzi bakarrik izatetik, 2021ean 20 izatera pasa da.
Kontrakoa da joera, 20-59 urte bitartekoetan, eta horretan gertatu da beherakada nabarmena: 88 izatetik 57 izatera pasa dira bi hamarkadatan. 60 urtetik gorakoen kopurua, berriz, mantendu egin da, gutxi gorabehera: 41 ziren 2003an, eta 2021ean 37.
Heriotza kopurua, gainera, jaiotzen bikoitza izan da Aranon, 2001-2021 epean: 18 jaiotza, eta 36 heriotza.