Erreportajeak

«Espainiako Gobernuak oraingoz ez du laguntzarik bideratu, beraz lana behar dugu»

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 9a, 00:00

Luba, Marina Pysarevska, Miroslava Pysarevska, Irina Krianovitx, Platon Kurianovitx, Ivan Kurianovitx, Valentina Dontsova, Evhennia Zhadko Dontsova, Snizhana Pavliuxina, Mark Pavliuxin eta Hlib Pavliuxin.

Duela hilabete Aranora etorri ziren lau familiek asteazkenean izan zuten bilera telematikoa Nafarroako Gobernuko Inmigrazio sailarekin. Helburua familien egoera nolakoa den eta zer bide jarraitu dezaketen argitzea zen. Hemendik aurrera zer aukera eta zer pauso eman ditzazketen argitzeaz gain, euren zalantzak argitzeko ere balio izan zuen bilera telematikoak.

Aranoko udaletxean bildu ziren Joxan Ruiz alkatea, Luba aranoar-ukrainiar herrikidea eta herrian bizi diren lau emakume, sei haur eta nerabea. Lubaren bitartez iritsi ziren bertara, lau familiak. «Gerra hasi zenean, Lubari deitu nion, elkartasuna adierazteko, eta galdetzeko zer moduz zegoen, eta nola zeuden bere familia eta gertukoak», kontatu du Joxan Ruiz alkateak: «eta esan nion, edozertan laguntzeko aukerarik bagenuen, esateko». Bueltan deitu zion Lubak: bere inguruko hiru familia bidean ziren, eta Aranon ba ote zegoen etxerik haientzat? «Bila hasi ginen berehala, eta aurkitu genuen pisu bat, Aranoko gizon batena, libratzera zijoana. Hiru hilabeterako utzi digu».

Horrek ez ditu zalantzak aldentzen. Eta gero zer? Galdetzen dute Snizhana Pavliuxinak, Marina Pysarevskak, Valentina Dontsovak eta Irina Kurianovitxek. «Guk nahi duguna lan egitea da. Lanean hastea». Beraien egoera legala zein den, laguntzak izango dituzten edo ez eta izatekotan noiz iritsiko diren jakin nahi zuten. Internet bidez gazteleraz ari dira ikasten. «Hizkuntza beharrezkoa baita. Oso azkar ari dira ikasten».

 

Familiak Aranoko Udalean, Joxan Ruiz alkatearekin.
 

Lehen Mailako Harreta Programak aterpetxe batera edo hotel batera bideratuko lituzke

Legalki beraien egoera zein den jakin nahi zuten. Nafarroako Gobernutik azaldu zutenez oraingoz Espainiako Gobernuak ez du jarri laguntzarik martxan. «Denak gastuak dira beraientzat. Ez dute diru sarrerarik». «Poloniako Gobernuak jarri ditu martxan laguntzak», aipatu zuten emakume ukrainiarrek. Momentu honetan, «Espainian ez dago laguntzarik Ukrainatik datozen familientzako». 

Horrek ataka betan jartzen ditu lau familiak. Inmigrazio sailetik planteatu zen beste aukera, Lehen Mailako Harreta Programan sartzea da. «Honen bitartez laguntza izango lukete, baina hori bai, Arano utzita. Hotel batean edo aterpetxe batera joango lirateke. Programa honetan, ostatua eta oinarrizko premiak daude babestuta eta lana murriztuta dago, bi orduz gehienez». 

Nafarroako Gobernuak lana bilatzen laguntzen duen galdetu zuten lau emakumeek. Zuzenean ez, «bideratu egin ditzazkegu tramiteak beste departamenduetara».

Administrazio kontuekin ere lagundu diete lau familiei. Gizarte Zerbitzuekin eta Gurutze Gorriarekin izan zuten aurreneko kontaktua, eta Udaleko tramiteak burutu ondoren, Iruñeara joan ziren, Nafarroako Gobernuko Inmigrazio Sailera, NIEa (Atzerritarren Nortasun Agiria) eskuratzeko, babestutako behin behineko baimena jasota.

Hori horrela, osasungintza ziurtatuta daukate, eta haurrak eskolara joan daitezke dagoeneko, eta bi aste egin dituzte Goizuetako Xalto eskolan: «oso kontentu daude, eta ikaragarri ari dira ikasten. Bigarren egunean herrira bueltatu, eta euskerazko zenbakiak arrapaladan kontatzen zizkiguten». 14 urteko nerabea online ari da ikasketak jarraitzen. «Ukrainako eskolak itxita daude, baina gazteak online ari dira ikasturtea jarraitzen». Nafarroako Gobernuko Inmigrazio saileko arduradunak aipatu zuenez: «Foru Erkidegoko eskoletan online ikasketa horiek jarraitzeko programa jarriko dute martxan, bertako ikasleekin erlazionatu ahal izateko».

Oso gustora daude Goizuetako eskolan. «Arazo txikia bi urte eta hamar hilabeteko haurrarekin izan da. Ezin izan da eskolatu adinarengatik. Amak lanean hasi nahi balu ezingo luke». Hizkuntzaren eraginez dagokien maila baino urte bete beherago daude, baina Joxan Ruizek Nafarroako Inmigrazio sailari aipatu bezala, «arratsaldez klaseak hartzen dituzte bere kabuz». 

 

Laguntzak dauden beste herrialde batera joatea da beste aukera, baina hemengo lan eta bizileku baimenari uko egin ostean

NIEak eskubide batzuk ematen dizkie, baina ez ditu guztiz babesten. «Atzerrira joan gaitezkeen jakin nahi dugu», galdentzen zuten bileran. Alde batetik NIEk ematen dien babesa dago eta beste gai ezberdina dirulaguntzena da. Inmigrazio sailetik diotenez, «beraien egoera legalak momentu honetan ez die aukera ematen beste herrialde batera bidaiatzeko, aurretik NIEari ez badute uko egiten. Lan eta bizileku baimena Espainian dute urte osorako, gerra amaitu edo ez. Hori ukatu dezakete eta orduan bai beste herrialde batera joan daitezke eta han eskatu lan eta bizileku baimena».

Inmigrazio sailetik gomendioa da, «Espainian geratzea. Momentu honetan ez dago laguntzarik, baina pena litzateke laguntza etortzea beste herrialde batera joan direnean».

Aranon kutxa komun bat dute. «Aranoarrek dirua uzten dute eta bildutakoarekin egiten ditugu erosketak», aipatzen du Joxan Ruiz alkateak. «Horregatik ari gara beste irtenbide batzuk bilatzen, Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuan dagoen poltsaren laguntza esaterako, elikagaien bankuan ere izena eman dugu eta bideratuta dago. Hala ere, kontuan hartu behar da lau familia direla eta gastu asko. Beraien beharretara adi gaude, baina egoera luzatze bada elkartasuna mantentzea ere zaila da».

Horregatik, helduentzat, lan munduan sartzea da derrigorrezko pausoa: «baina egoera oso berezia da. Bakarrik daude familia zaintzeko, eta behar dugu beraien bizi antolaketara egokitutako lanpostuak izatea. Gipuzkoako Ostalaritza Elkartean izan ginen, zuzendariarekin; eta esan zigun nahikoa lan badagoela Aste Santuan. Baina noski, tokatzen bazaie taberna batean Donostian edo Hernanin, arratsaldetik gauera... Hasteko, hara joan beharra daukate; eta gainera, familia bat daukate zaintzeko. Horregatik, saiatzen ari gara enpresa haundiekin harremanetan jartzen, ikusteko ea posible den goizeko txandan edo lanaldi murriztuan aritzea», dio alkateak.

Ukrainan lanpostu onak zituzten herritarrak dira, «egun batetik bestera dena galdu dutenak. Batzuek, Ukrainan zeukaten etxea saldu dute lau pezetatan; pentsa, etxea salduta lortu duten diruarekin, ez zaie iristen hemen etxe baten alokairuaren fiantza ordaintzeko ere». Gainera, alkateak dio hona etorri eta laguntza jasotzea ere «kolpekoa» izan dela haientzat: «hasieran lotsa ematen zien eskatzeak. Hori ere kudeatu egin behar da. Ikusi dute herriak elkartasunez lagundu nahi izan diela, baina behar dute sentitu, beraien lanaren bitartez lortzen dituztela gauza batzuk. Erosteko aukera izan, haurrei zerbait eman...».

  

«Aranon nahi dugu geratu eta lanean hasi»

Beraien ideia Aranon geratzea da edota inguruan. Etxe bila ere ari dira dagoeneko: «hiru hilabete azkar pasatzen dira, eta inguruan alokatzeko etxeak bilatzen ari gara», dio alkateak. «Batzuek esperantza daukate, hiru hilabetetan Ukrainara bueltatzeko; baina beste batzuek oso zaila ikusten dute bueltatzea, han ez zaielako ezer geratu. Bi familia etxebizitza bat bilatzen saiatzen ari dira Goizuetan. Xalton jarraituko lukete. Honela bi familia Goizuetan eta beste bi Aranon egongo lirateke».

Bitartean, ahal duten guztian lagunduko diete aranoarrek: «laguntza eskatu digute, eta ahal izan dugun neurrian eman diegu. Munduan badaude gatazka pila bat, eta beste edozein tokitatik etorriko balitzaizkigu laguntza eske, berdin-berdin lagunduko genieke, guri egoera horretan egonda gustatuko litzaigukeen moduan.

Beraien perfila ikasketa altukoa da, baina lanean hasteko prest daude behar den lanpostuan. Beraiek dira erabaki behar dutenak zer pauso eman nahi dituzten. «Helburua lana bilatzea da. Luzatzen denean egoera zaildu egiten da eta horri eman behar zaio irtenbidea», azpimarratzen du Joxan Ruizek.  Maiatzean beste bilera bat antolatu dute Inmigrazio sailarekin egoerak izan duen garapena jakiteko.  

 

Irakasleak, pianojolea eta estetizista

Snizhana Pavliuxina (Gorlovka-Donetsk) Marina Pysarevska (Zaporizhia), Valentina Dontsova, Irina Kurianovitx (Slaviansk-Donestk) seme-alabekin iritsi dira Aranora. Zaporizhiakoa da Marina Pysarevska eta bertan estetika zentro batean egiten zuen lana. «Hemen ere lan horretan aritzea asko gustatuko litzaidake, nahiz eta irekita nago beste lanbide batzuetara». 

Marina Pysarevska.
 

Valentina Dontsova pianojolea da eta musikari askorekin aritu da Ukrainan kontzertuak eta musika emanaldietan. «Abestu edota dantzatzen den ikuskizunetan pianoarekin laguntzen dut. Musikaria, pianojolea, naiz», dio Ukrainako erdialdean, Kievetik 350 kilometrora, bizi zen musikariak.

Valentina Dontsova eta Evhennia Dontsova.
 

Irina Kurianovitx Slavianskeko eskola batean zuzendari ordea zen eta gainera ingelesezko irakaslea da. Umeekin lan egin du eta lan horretan esperientzi haundia du. 

Irina Kurianovitx
 

Hiru familia hauek Poloniara pasa ziren, baina ia astebetez geratu ziren harrapatuta. Eta bitarte horretan, beste familia baten berri izan zuen Lubak, ordurako Oiartzunen zegoena, baina lo egiteko tokirik ez zeukana. «Eta esan genien etortzeko berehala». Martxoaren 8a zen, eta arratsalde hartan iritsi ziren, emakume bat eta bi ume. Hiru logela eta egongela dauzka etxeak, eta beraz, laugarren familia horrentzako egokitu zuten egongela. «Lekua ez da haundia, baina oso gustura daude beraiek». Lau egun beranduago iritsi ziren, azkenean, beste hiru familiak.

Aurretik iritsi zen Snizhana Pavliuxina. Gorlovkatik (Donestk) Kharkovera alde egin zuen 2014 Donbaseko gatazka hasi zenean eta otsaila amaieran Kharkovetik ihes egin zuen. «Matematika eta fisika irakaslea naiz, baina edozer lan egiteko prest nago». Denbora gutxi igaro da iritsi zirenetik, baina beharra ere haundia da. «Paperak lortu, hizkuntza berriarekin hasi eta lan merkatuan txertatu behar da. Baliogarriak direla sentitu behar dute», dio Ruizek.

Snizhana Pavliuxina

 

«Laguntza asko jaso dutela diote neskek»

Egoera horretan, haiei laguntza emateko herritarrak ez zuten dudarik egin eta «neskek laguntza asko jaso dutela sentitzen dute», dio Lubak. «Herri bilera bat egin genuen, eta antolatzen hasi ginen, erabakiz zer egin genezakeen, laguntzeko. Herria eta herritarrak ezagutzen hasi dira, eta konturatu dira herria antolatu dela beraiei laguntzeko».

Lasaitasunaz gain, etxea eta janaria dituzte oinarrizko beharrak; baina horrekin batera «konexioa» ere behar dute, interneta: «bere familiarekin eta bere herriarekin konektatuta egon behar dute, jakiteko zer ari den gertatzen beraien inguruan».

Denak dituzte gurasoak gatazka gunean eta senarra ere bai kasuren batean. Anaia Ukrainan eta arreba Errusian duenik ere bada. Burua bertan jartzerakoan malkoak nahita nahiez erortzen zaizkie aurpegi masailetatik. «Beti gaude gurasoak nola dauden jakin nahian», aipatzen du Lubak.

Herritarrek erakutsi duten borondatea goraipatu du alkateak: «denek lagundu dute, gauza batean ez bada bestean. Aurorarenean, ogia banatzen duen tokian, kaxa bat ere jarri dute, dirua emateko; eta horrekin, asteroko erosketak ordaintzen dituzte».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!