Kronikaren bisita jaso duenerako, bukatuta dauzka gaurko lanak Aurora Perurenak. Eguerdiko 12:00etan elkartu gara berarekin, taberna itxurako etxe batean, Gure ametsan. Hori ez da harritzekoa, noski, duela hamarkada bat arte izan baitzen taberna, Aranoko goiko herriko sarreran dagoen eraikina.
Hitzordua baino pixka bat lehenago, ordea, okindegi baten itxura zuen Gure ametsak. Pandemia garaiarekin batera hasi zen Aurora, ogi saltzaile inprobisatuaren lanak egiten: «banatzaileak Kontzeju tabernan uzten zuen ogia egunero, eta herritarrek bertatik hartu. Baina pandemiarekin, taberna itxi behar izan zuten, eta gure artean komentatu genuen, norbaitek hartu beharko zuela ardura. Nik arratsaldez egiten nuen lan, Altzako zahar etxean; eta nire burua eskaini nuen, ogiaren banaketa egiteko. Joan den urtean jubilatu egin nintzen, gainera».
Ordutik, ogiaren banatzailearena da, egunero, ikusten duen aurreneko aurpegia: «goizeko 08:30ak aldera etortzen da Sulabeko banatzailea; asteburuetan ordu laurden beranduago. Nik hartzen ditut ogi guztiak, baita tabernakoak ere. Eta hementxe edukitzen ditut, bakoitzarena prestatuta, herritarrak bila etorri bitartean. Ez da denbora asko izaten». 11:00ak alderako izaten du bukatuta, banaketa. Eta norbaitek bila pasatzerik ez duenean, atean zintzilik uzten dio ogia, poltsa batean: «hala ere, saiatzen naiz atean ez uzten, bereziki eguraldi txarra denean, ez bustitzeko. Galdetzen diet noiz pasako diren, eta etortzen diren garairako prestatzen diet ogia. Ez gara asko, eta erraz konpontzen gara».
12 bat etxe izango dira Aranon, egunero ogia eskatzen dutenak: «ez da ogi asko izaten»; eta dagoeneko buruz daki Aurorak, bakoitzak zer eskatzen duen. Asteburuak izaten dira bereziagoak: «batzuek, kapritxoso xamarrak garenok, kruasanak eskatzen ditugu. Egun horretan goiz etortzen dira, kruasanak eskatu dituztenak!», kontatu du barrez.
Ez gara asteburuan elkartu Aurorarekin, asteartean baizik; baina berezia izan da gaur goizeko azkeneko banaketa ere: «martxoaren 8a izanik, emakumeen afaria egingo dugu. Eta afarirako hiru ogiak izan dira hartu dituzten azkenak».
«Denak balira ni bezalako ogi janzaleak, ez legoke zerbitzua galtzeko arriskurik!»
Banatzailea egunero herrira joatearen garrantzia azpimarratu du Aurora Perurenak: «garai batean, jende gehiagok eskatzen zuen ogia. Orain, askok kanpoan egiten dute lan, eta arratsalde erdian edo gauean etortzen badira etxera, beste herri batean erosten dute». Eta horrek, bere arriskua daukala uste du Aurorak: «zerbitzu hau izatea oso ona da, eta pena litzateke galtzea. Noski, hartu ditzakezu dozena erdi bat ogi, Hernanin adibidez; izozkailuan sartu, eta behar duzun heinean atera. Baina eguneko ogia gauza ederra izaten da! Ni bezalako ogi janzaleak izango balira denak, ez litzateke zerbitzua galtzeko arriskurik izango!».
Solasaldi osoan zehar, belarria zorrotz izan du Aurorak. Eta orain bai, ia 12:30ak direnean, bozina hotsak sartu dira Gure ametsako leihotik. «Hara! Hemen da Juan, arrain saltzailea», argitu du Aurorak. Etxearen ataritik gertu egin du geldialdia Juan Elizalde eratsundarrak, bere kamioi-hozkailuarekin, eguneko arraia dakarrela. Gaur ez du arrairik hartuko Aurorak («ez naiz oso arraizalea», aitortu digu), baina abixua emango dio arrai saltzaileari, zuzenean plazara igo dadin.
Aurora Perurena:
«Hartu ditzakezu dozena erdi bat ogi Hernanin, izozkailuan sartu, eta behar duzun heinean atera; baina eguneko ogia gauza ederra izaten da!»
19 urte, herri txikietara arraia eramaten
Asteartero etortzen da Juan Elizalde Aranora, aspalditik. «19 urte dira hasi nintzela, 2003ko martxoan. Ibilbide jakin bat egiten dut egunero, txandatuz. Gaur hemen akitzen dut ibilbidea. Ereñotzun izan naiz, hona etorri aurretik. Astean bitan pasatzen naiz Ereñotzutik, ostiraletan ere egiten baitut bisita, Goizuetara bidean». Azkeneko horretan, bera hasi baino urtebete lehenago itxi zuten arrandegia, Aranora ere igotzen zena, arraia banatzera.
Gainerakoan, Malerrekan edota Sakanan barrena ibiltzen da eratsundarra, eta Belauntzatik Leitzarako bidea ere egiten du. «Arrandegirik ez den lekuetan aritzen naiz saltzen. Arrandegia herrian bertan izatea erosoa da, baina leku batzuetan, hauxe litzateke erosotasuna. Herri haundietan, batzuek urruti xamar izaten dute arrandegia, eta guk atariraino ekartzen dugu. Kontua da, dena eskura daukagunean ez dugula baloratzen, eta galtzen dugunean konturatzen garela. Gauza guztiekin gertatzen da hori», dio Juanek.
Betidanik ezagutu du hori, berak: «Eratsunen ez dugu inoiz izan arrandegirik. Joaten zen motokarro horietako bat, hiru gurpilekoa; eta berak eramaten zuen arraia. Orain dela 50 urteko kontua da hori. Gogoan dut trukea egiten zuela. Arraia eraman, eta gaztainak jasotzen zituen bueltan. Esaten zuten, bazela emakume bat ere, Ezkurratik Eratsunera arraia eramaten zuena, buru gainean».
Baso lanetan aritua zen Juan Elizalde, herriz herriko arrai salmentan hasi aurretik: «nola iritsi naizen honetara? Eroaldiak eman zidan, eta horixe atera zen! Karakolak izan nituen garai batean, terrenoa jarrita. Egun erdian egiten nituen karakolen lanak, eta pentsatu nuen beste egun erdian ere zerbait egin beharko nuela. Horrela hasi nintzen arraia saltzen, eta karakolak utzi nituen gerora», kontatu du.
Gipuzkoan saltzen du gehiago, «arrai gehiago jaten dute. Hemen Nafarroan, haragia dugu gustukoago», dio Juanek. Dena den, Aranon «erosle finak» dituela nabarmendu du: «astero etortzen dira erostera, eta estimatzekoa da. Herri txikiak hustutzen ari dira, eta behera dijoa salmenta ere. Kanpora bizitzera ez dijoazten gazteek ere, lan egin behar dute, eta ez daude herrian, erosteko. Ez da erraza. Aurrera egiteko, saldu egin behar izaten da...».
Ez da beste bozina hotsik izango gaur, asteartea izanik, Aranon. Baina ostiral eguerdian bai, berriro erakarriko du aranoarren arreta, bozinak. Ezberdina izango da soinua, ordea: «guztiok jotzen dugu bozina, iristean, abixatzeko. Fruta saltzaileak, harakinak, butaneroak... Baina bakoitzak bozina ezberdin bat izaten du, eta herrikoak berehala konturatzen dira, nor garen».
Juan Ramon Lizarraga harakinaren kotxeko bozina izango da ostiral eguerdikoa. Astean zehar enkarguz jasotako haragia eramaten die herritarrei, etxeko atarira berak ere. Hori ere ezagun du Juan Elizaldek: «Eratsunen ere ez daukagu harategirik, eta harakina joaten da, Aranon bezalaxe. Okina ere, berdin. Horrela bizi gara herri txikietan; hori da gure errealitatea. Baina izaten dugu zerbitzu franko!», nabarmendu du.
Juan Elizalde:
«Erosle finak dauzkat Aranon, astero etortzen direnak. Baina herri txikiak hustutzen ari dira, eta behera dijoa salmenta ere. Ez da erraza, eta aurrera egiteko, saldu behar izaten da...»
«Hasieratik iruditu zitzaidan oso garrantzitsua, Aranon zerbitzu hori ematea»
2020ko martxoan hartu zuen Goizuetako harategia Juan Ramon Lizarragak, Ximon Apezetxeari erreleboa emanez. Eta berehala hasi zen Aranora ere bisita egiten, ostiralero, enkarguak eramatera: «hasieratik iruditu zitzaidan oso garrantzitsua, Aranon zerbitzu hori ematea; kontutan hartuta, era berean, salmenta haunditzea ere bazela hori. Baina horrelako zerbitzuak beharrezkoak dira, dendarik ez den herri txikietan».
Ostiral eguerdian igotzen da Aranora, jasotako enkarguak eramatera: «whatsapp talde bat sortu genuen, eta bertan apuntatu zen, nahi zuen jendea. Nik ostiralero gogorarazten diet, egun horretan Aranora joatekoa naizela. Eskaerak egiteko ez dute asko erabiltzen taldea; telefonoz deitzen dute, edo nire whatsappera bidaltzen dizkidate zuzenean. Eskaerak prestatu, eta Goizuetatik abitzera nijoanean idazten diet berriro taldera, jakinarazteko. Horrela, badakite ordu laurden barru iritsiko naizela herrira». Suron egiten du aurreneko geldialdia, Goiko Herrin zain dituenengana igotzen da segidan, eta Beheko Herrira sartzen da jaisterakoan.
«Pozik» dago harakina, aranoarrek zerbitzuari ematen dioten erantzunarekin: «herri txikia da, baina ez dute gutxik eskatzen, eta erosketa politak izaten dira. Eskaerak egiten dituztenek, kontzientziazio maila badaukate, zerbitzu hori ona dela eta mantentzea onuragarria dela beraientzat». Aste osorako erosten dute haragia batzuek, egun batzuetarako besteek. «Jendea kanpora joaten da lanera, eta Hernanin edo inguruetan, komertzio asko daukate. Egiten dituzte erosketak, horietan ere. Baina kontziente badira zerbitzu hau daukatela herrian, eta baliatu egin behar dutela, eskertzekoa da. Baloratzen dute zerbitzu hau izatea, eta eskerrak eman nahi dizkiet horregatik», dio Juan Ramonek.
Leitzarra da bera, eta gertutik ezagutu du, herrian zerbitzuak galtzea zer den: «komertzio batzuk ari dira ixten Leitzan. Bageneukan elektrizitate denda bat, adibidez; eta itxi dutenean, ohartu gara zein mesede egiten zigun. Ikusten dugu merkatal zentro haundi batean merkeago dagoela hau eta bestea, eta horietan erosten dugu, ohartu gabe ez dela bakarrik prezioa, baizik eta ondoren ematen dizuten zerbitzua, konpontzeko garaian adibidez. Oso erraz jartzen digute zentro haundietan erosteko, eta ari dira herri txikiak eta herri haundiagoetako alde zaharrak hustutzen».
Horregatik, herrian bertan erostearen onurez kontziente izatearen beharra nabarmendu du harakinak: «nik negozio bat daukat, eta erraza da nik hori esatea; baina objektiboki pentsatzen dut horrela. Ohartu behar dugu, negozio bat izateaz gain, zerbitzu garrantzitsu bat ere badela herriarentzat. Goizuetan, adibidez, bi denda, harategia, banketxea, farmazia, osasun etxea... Oinarrizko gauzak herrian bertan dauzkate, eta hori galduko balitz, nahiko hutsik geratuko litzateke».
Edonola ere, badaki «zaila» dela, horri daukan balioa ematea, «hortik kanpo estimulo pila bat dauzkagulako. Hipermerkatuetan eta merkatal zentro haundietan egiten dira erosketak. Baina kontutan hartu beharko genuke, herrian erostea onuragarria dela. Denak gara pixka bat egoistak, eta errazenera jotzen dugu askotan; baina horrelako zerbitzu bat galtzen denean, konturatzen gara zer geneukan. Zaindu egin beharko genituzke».
Juan Ramon Lizarraga:
«Ohartu behar dugu, negozio bat izateaz gain, zerbitzu garrantzitsu bat direla dendak, herri txikietan. Erraza da nik esatea, baina horrela pentsatzen dut objektiboki ere»
«Garai batean, hiru denda geneuzkan Aranon; nostalgia puntu bat ere ematen dit»
Aranora bertara igotzen diren saltzaileen lana jarri nahi izan du balioan, Aurora Perurenak ere. «Oso eskertzekoa da egiten dutena, eta tratu ona daukagu beraiekin. Oso gustura gaude».
«Garai batean, hiru denda geneuzkan Aranon; Rokerena izan zen ixten azkenekoa, duela 17 edo 18 urte beharbada. Nik bizitza guztian ezagutu dut denda, etxe aurrean. Baina orain baino askoz ere jende gehiago bizi ginen orduan. Denetatik izaten zen bertan: janaria, olioa, ardoa, alpargatak... Nostalgia puntu bat ere ematen dit batzuetan», aitortu du Aurorak.
Dendarik ez daukate gaur egun herrian, «baina zerbitzu faltarik ere ez daukagu. Eta supermerkatura joateko, Ereñotzu eta Goizueta hortxe dauzkagu».
Herritik mugitzeko zailtasunak dituenak ere, jaso izan du laguntza. Pandemia garaian, esaterako, aguazila aritu zen herritar batzuei erosketak eramaten.
Garaietara egokitu behar dute aranoarrek, ezinbestean. Eta teknologia berriek ere badaukate bere tokia, harakinarekin daukaten whatsapp taldea bezala: «ni ez naiz batere moldatzen teknologia horiekin, baina haragia erosteko, talde horretan eskatzen du bakoitzak, nahi duena. Eta ez baduzu nahi besteek jakitea zer eskatu duzun, telefonoz deitzen diozu harakinari!». Egindako enkargua eramaten die harakinak, ostiral eguerdian; eta datorrenean ezin badute herrian egon, teknologia berriekin baino, lege zaharrean moldatzen dira: «auzokoari abixatzen diozu, berak hartzeko zurea. Horrela konpontzen gara».
Ximon Apezetxeak, Goizuetako aurreko harakinak, eramaten zien haragia bere garaian: «baina azkeneko urteetan utzi egin zuen. Eta Juan Ramonek harategia hartu zuenean, berriro hasi zen zerbitzua eskaintzen. Asko eskertzen dugu hori», dio Aurorak.
Bozina hotsek betetzen dute Aranon, aspalditik, dendek utzitako hutsunea. Erosketa ohituren bilakaerak markatuko du bere biziraupena. «Pena litzateke hori galtzea», errepikatu du Aurorak, agurtu aurretik.