Herriko frontoian lau gazte pala partidu bat jolasten. Taberna pareko parkean aita alabari errietan zabutik jaitsi nahi ez duelako. Udaletxeko kontzejupetik baloi hotsak. Horixe da edonork bere herrian irudikatu nahiko lukeena. Izan ere, umeen zalaparta entzuteak herria bizirik dagoenaren ziurtasuna ematen du. Aitzitik, gero eta errealitate arrotzagoa da landa eremuko zenbait herritan.
Egun, Euskal Herriko biztanleriaren %17,4a baino ez da bizi landa eremuan. Toki Administrazio eta Despopulazio sailaren txostenaren arabera, Nafarroako herrien laurdena husteko arrisku larrian dago. Hain zuzen, 272 herrietatik 77 dira despopulazio arriskuan daudenak. Arazoa, ordea, ez da berria; ez Euskal Herrian eta ezta mundu mailan ere. Urteak dira landaguneko herriek biztanleria galtzen dutela. Hiriak handitzen ari diren heinean, herri txikiak itzaltzen ari dira. Horixe da azken urteetan Aranok hartu duen joera.
1920.urtean 501 lagun ziren Aranon; orain, berriz, 116 baino ez. Populazio galera nabaria izan da azken urte hauetan. Hainbat faktorek eragin dute herriaren hustea: lanera kanpora atera beharrak, herrian bertan eskolarik ez izateak, etxebizitza berriak egiteko proiekturik ez egoteak, etab. Dena den, badira herrian geratzearen aldeko apustua egin dutenak ere. Horren adibide dugu Maitane Legarreta.
«Aranon jaio nintzen, bertakoa sentitzen naiz eta ez dut imajinatzen nire bizitza hemendik kanpo»
Maitane Legarreta Aranon jaio zen; eta, egun, bertan bizi da senarra eta alabarekin batera. Beti sentitu izan du herriarekiko lotura oso sendoa; «familia, lagunak eta osasuna eman dizkit Aranok». Hori horrela, ez du sekula herritik kanpo bizitzeko aukerari buruz hausnartu izan. «Jaiotetxean bertan bizitza berri bat egiteko aukera sortu zitzaigun; eta halaxe egitea erabaki genuen, buruari buelta gehiegi eman gabe».
Inguruko hainbat lagunek herria utzi eta hiri-eremuetarako bidea hartu dutenean, tristura sentitu izan duela aitortzen du. «Dena den, herrian bizi ala herritik kanpo egon, aranoarrak oso batuta egon gara beti. Urtean zehar egiten ditugun hainbat ospakizunetan, berriro ere elkartzeko aitzakia nahikoa badugu».
Barakaldotik Aranora
Sarritan, herritik alde egiten duten pertsonen istorioak entzutea tokatzen zaigu. Dena den, badira beren bizi-proiektua garatzeko hiritik landa-ingurunera begiratzen dutenak ere. Xabier Cuetok duela dozena bat urte egin zuen Barakaldotik Aranorako bidea. Geroztik, bertan bizi da emaztea duen Ainhoa Ansa eta bi semeekin. «Nire bikotekidea Aranokoa da; eta, herri txiki batean bizitzeko aukera, behin hura ezagututa planteatu nuen. Baina, ordura arte, ez zitzaidan behin ere burutik pasatu». Aranoarrek zelan hartu zuten galdetzean, «ondo» erantzun du dudarik egin gabe. «Egia esan, ez naiz kontziente harrera horretaz. Izan ere, ez nintzen egun batetik bestera Aranon bizitzen jarri. Ainhorekin hasi nintzenez geroztik, urtero joan izan naiz herriko ospakizunetara; eta, hortaz, herritarrekin banuen hartu-emana aurretiaz ere».
100.000 biztanle inguru dituen herri batean bizitzetik, 100 pasatxo dituen herri batera igaro zen Xabier. Hasiera batean, ez zen aldaketa samurra izan; edonola ere, segituan egokitu zela adierazi du. «Aranon dudan bizimodua oso bestelakoa da. Baserrian lan asko dago, hiri batean bizi denak ikusi eta imajina ezin ditzakenak. Esaterako, lehen harategira joan eta txerri-txuletak zuzenean erosten nituen; orain, berriz, emaitza horren atzean dagoen prozesua bizi dut». Baserrian ez dago atsedenik; lurrari lotuak eta lurrari emanak bizi dira. «Baratza egiteko lurra prestatu, belarra ebaki, negurako egurrak moztu, auzokide edota familiartekoei lagundu… ez daukagu aspertzeko astirik».
«Herriarengan sentitzen dudana, ondorengoek ere egitea nahiko nuke. Horretarako, herrian daukagun aberastasuna erakusten saiatzen gara; gure kultura eta gure balioak»
Herri txikietan ere bada bizitzarik
Zenbaitek herri txikietan ez dagoela bizitzarik pentsatuko dute. Baina aranoarrek argi dute hori ez dela horrela. Azken batean, herri txikiek —hiriek bezalaxe—, taberna, udaletxea, plaza edota frontoia izan dezakete; baina—hiriek bezalaxe— ezkutuan dituzten altxorrik garrantzitsuenak pertsonak dira. Herria maite eta zaintzen duten pertsonak; herriari nortasuna ematen diotenak. Eta, horretan dihardutenak herrian badauden bitartean, herriak bizitza izango du. «Aranon azken hamarkadetan jasandako hustearen aurrean, herritarrok elkartzeko eta herriari eusteko joera handiagoa hartu dugu. Lehen batuta baldin bageunden, orain are eta batuago gaudela sentitzen dut», adierazi du Legarretak.
Nortasun handiko herria da Arano, bertako kultura eta balioei gogor eusten diena. Herritarrek gogor egiten dute lan ohitura-zaharrek iraun dezaten eta ondorengoek ere jaso ditzaten. Musika, dantza eta otordu herrikoiak ez dira behin ere falta izaten urtean zehar egiten diren ospakizunetan. Horren adibide ditugu: trikitixa eta panderoaz girotutako karnabaletako puska biltzea, San Juan Gauean suaren epelean egiten den sardin jatea, Santiyutan—herriko fiestetan— antolatzen den egitarau anitza, San Roke eguneko txistulari topaketa, San Martin eguneko talo jatea edota Olentzero bizkarrean baserriz baserri egiten den kantu jira.
«Gustuko dut Aranok eskaintzen digun pribatutasun eta bizitza sozialaren arteko muga. Lasaitasuna behar dugunean, etxe inguruan gera gintezke inorrek enbarazurik egin gabe. Baina, esate baterako, asteburuetan, sozializatzeko gogo handiagoa dugunean, herriko tabernara edo frontoira joatea besterik ez daukagu», azaldu du Cuetok. Taberna itxita edukitzea tokatu zaienean, herriko frontoian afari-meriendak antolatu izan dituztela erantsi du aranoarrak. «Izan ere, haur zein heldu, hartu-eman handia daukagu guztion artean; hemen ez dago adin-mugarik elkarrekin ibiltzeko», erantsi du.
Xabier Cueto barakaldarrak 12 urte daramatza Aranon.
Maitane Legarreta Aranon jaio, hazi eta hezi da.
Errealitatearen bi aurpegiak
Taberna eta elkarte bat, frontoia, jolas-gune zabala; eta, baita egunean hainbatetan, desegoki, Hernanirekin eta Goizuetarekin lotzen duen autobusa. Eta, denda? Ez, ez da dendarik Aranon; ez eta osasun- edota hezkuntza-zerbitzurik ere. Behar horiek asetzeko Goizueta edota Gipuzkoarako bidea hartu ohi dute herritarrek. Kultura-eskaintzak ere, mugatuagoak dira. Hau irakurtzean, landa-inguruneko bizitzak eragozpenak baino ez dituela pentsatuko dute hainbatek. Xabierrek, ordea, argi du hori ez dela horrela: «Aranon gauza asko ikasi ditudan modura, beste batzuk desikastea ere tokatu zait; zerbitzu oro edonoiz eskura izatea, esaterako. Aitzitik, dezente gehiago da Aranok eman didana, kendu didana baino. Egia esan, ez dut ezer ere botatzen faltan».
«Aranon azken hamarkadetan jasandako hustearen aurrean, herritarrok elkartzeko eta herriari eusteko joera handiagoa hartu dugu. Lehen batuta baldin bageunden, orain are eta batuago gaudela sentitzen dut»
Lanera edota ikastera herri koxkorragoetara joaten dira; eta, hortaz, zerbitzuekiko eskuragarritasuna egunerokoan dutela azaldu du Legarretak. «Herri txikietan bizi garenok beste bizimodu mota bat daramagula esango nuke; bizi ohitura ezberdinak ditugu. Momentu konkretu batean zerbait faltaz gero, mundua ez da hor bukatzen. Beste pazientzia batekin hartzen ditugu gauzak. Estres gutxiagorekin bizi garela uste dut».
Lasaitasuna, naturarekiko gertutasuna eta familia-giroa dira Aranok herritarrei eskaintzen dizkien altxorrik preziatuenak. Zalantzarik egin gabe ziurtatu du Legarretak: «Mendian bertan bizi garen aldetik, ingurumenarekiko harreman estua dugu. Lasaitasuna ez ezik, askatasuna ere sentitzen dut Aranon». Bestalde, azpimarratu beharreko abantaila gehiago ere baditu Aranok Cuetoren ustean: «Herritarron gehiengoa baserrietan edota banakako etxeetan bizi garenez gero, etxeko atarian aparkatzeko aukera dugu egunero. Gainera, bizilagunek ez naute molestatzen; ezta nik haiek ere». Halaxe jarraitu du: «komuneko leihotik begiratu, eta onddo bat hiru metrora ikustea bezalakorik ez dago».
«Tokitan bizi zara!»
Nahi baino gehiagotan tokatu izan zaie aranoarrei esaldi hori entzutea; «gehiegitan», azpimarratzen du Legarretak. Geografikoki bakartuta dagoen herrian bizita, herritarrek ezinbestekoa dute kotxea erabiltzea oinarrizko beharrak asetzeko. Hala ere, errepidean egin beharreko bidaiak ez dira arazo haientzat. «Hemen jaio naizenez, hau da ikusi eta ikasi dudana beti. 20 minutu baino ez ditugu Hernanira; eta, sarritan, denbora gehiago joaten zaigu aparkalekua ezin topatu», adierazi du barrez Maitanek. «Gainera, gustura ere hartzen da batzuetan, norberarentzako momentutxoa baita», gehitu du.
Aranoar gaztetxoak, kalean jolasean.
Herri txiki batean bizitzeko erabakia hartzen den momentutik, errepidean egin beharreko joan-etorriak buruan eduki behar direla azaldu du Cuetok. «Aranotik Hernanira egin beharreko bidea, etxeko portaletik ateratzea bezala da niretzat. Hernanitik helmugara bitartean dudan bidaia soilik hartzen dut aintzat denbora kalkulatzerako orduan».
13 urte igaro ziren Aranon jaiotzarik gabe
Egun, hemezortzi urte azpiko 30 haur zein gazte bizi dira Aranon. Hala eta guztiz ere, azken hamarkadetan ez da beti izan hain oparoa herriaren gaztetasuna. Izan ere, duela 19 urte ume bat jaio zen arte, 13 urte zeramatzan Aranok jaiotzarik gabe. Cueto, alkateorde den heinean, egoeraren jakitun da; eta, horrela azaldu du: «Urte haietan zehar izandako hutsuneak, belaunaldien arteko salto bat eragin zuen. Orain, 19 urteren ostean, berriro ere azaleratuko dira etapa luze horren ondorioak. Azken finean, garai hartan jaio ez ziren haurrek 19 eta 32 urte bitartean izango lituzkete orain; hau da, seme-alabak izateko adinean egongo lirateke. Horrenbestez, litekeena da jaiotza-tasak behera egitea datozen urteetan».
Aranoko bizilagunek argi dute zein den herria bizirik mantentzeko erronka nagusia; 30 haur horiek herrian geratzea, hain zuzen. Legarretak irmoki jorratu du gaia: «Herriarengan sentitzen dudana, ondorengoek ere egitea nahiko nuke. Horretarako, herrian daukagun aberastasuna erakusten saiatzen gara; gure kultura eta gure balioak. Aranorekiko harrotasun sentimendua transmititzen diegu. Harrotasuna, ez harrokeria». Xabierrek eginiko hausnarketa ildo beretik joan da. Bere iritziz, herrimina sentitzea ezinbestekoa da, ume horiek handitzen direnean Aranon bizi nahi dut! esan dezaten. «Azken batean, unibertsitatera joateko garaia iritsiko zaie; eta, beraz, beste mundu bat ezagutuko dute, erosoa eta tentagarria dena. Hori horrela, gure lurrekiko lotura estua sortzea da herrian geratzeko giltza».
Itxialdiak utzitako arrastoak
COVID-19ak eragindako pandemiak gizartearen bizitza erritmoa zeharo aldatu du; baita lehentasun eta perspektibak ere. Itxialdian sentitutako estutasunaren ondoren, hirietako etxeek dituzten mugez jabetu gara. Barakaldon jaiotakoak garbi du pandemia beste modu batera bizi izan dutela aranoarrek; oro har, ondo eraman dutela adierazi du: «Etxetik atera gintezkeen, baita mendira joan ere inor topatu beharrik gabe. Zentzu horretan, ez dugu hiri bateko etxebizitza txiki bateko estutasuna jasan». Sarritan, landa-eremuari begiratzera eraman gaitu bizitako egoerak: naturarekiko hurbiltasuna duten etxe handiak eta aire freskoa arnastu ahal izateko eremu zabalak. «Jendeak herri txikietan bizitzearen inguruan zuen ikuspuntua moldatu duela uste dut. Herri txikiek eta naturak bestelako interes bat sortu dute», gehitu du Maitanek.
Mundua hankaz gora jarri duen pandemia honen aurrean, Arano husteko arriskuan dagoen herri soil bat baino askoz ere gehiago dela oroitu dute bertakoek. Herriak dituen indargune guztiez jabetzeko balio izan die itxialdiak; eta, beraz, herriaren etorkizuna bermatzeko lanean jarraitzeko indarra hartu dutela aipatu du Legarretak: «Azken urteetan kanpotik etortzen ari direnei esker, pixkanaka-pixkanaka haur gehiago dago herrian. Nolanahi ere, ez da nahikoa. Landa ingurunean ere, hirian aurki daitezkeen antzeko zerbitzuak lortzea garrantzitsua litzateke herri txikien erakargarritasuna areagotzeko». Cuetoren esanetan, «herriak duen inbertsio ahalmena eskasa da; eta, ondorioz, ezinbestekoa izango da instituzioen laguntza eta inplikazioa». Hori horrela izan dadin borroka egiteko prest daude aranoarrak; azken batean, kateak jarraipena izan nahi badu, ezinbestekoak dira lana, gogoa eta maitasuna.