«Herri batek instalazio eta azpiegitura egokiak behar ditu, bere onurarako eta herriaren etorkizuna bermatzeko. Eta era berean, erreken eta uraren osasuna zaindu behar dugu, urreak baino gehiago balio duelako», azaldu du Joxan Ruizek, Aranoko alkateak, bi premisa horietan lagunduko duen obra hastear denean. «Maiatzean edo ekainean» hasiko dira araztegi berria egiten Aranon, eta urte bukaerarako egonen da martxan, bost hilabeteko iraupena aurreikusi baitute.
Ez da atzo goizeko kontua, araztegi berriaren beharra; ezta joan den urtekoa ere. «Orain dela bederatzi urte, Herri Aiherriz taldearekin Udalean sartu ginenean, konturatu ginen Aranoko uren saneamendu sarea ez zegoela ondo, eta Nilsari eskatu genion egin zitzala berritze eta mantenu lanak, beraiena delako ardura», dio Joxan Ruizek. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa da Nilsa, ur hondakinen depurazioaz arduratzen dena, eta baita horretarako azpiegiturak sortzeaz eta mantenuaz ere.
«Guk herrian bageneukan araztegi bat, baina ikusi genuen ez zegoela funtzionamenduan. Ez zen ezer iristen bertara. Baziren 20-25 urte, mantenu lanik ez zutela egin bertan. Eta herriko azpiegitura oso exkaxa zela ikusita, eskaera egin genuen». Horri erantzunez, azpiegituretan egin beharreko lanen zerrenda batean sartu zuen Aranoko ur saneamenduaren arazoa Nilsak: «hasieran 17garren tokian geunden, eta urtero-urtero, lanak egin dituzten heinean, zerrendan gora egin dugu». Horrela, duela bi urte inguru jakinarazi zion Nilsak, Aranoko Udalari, araztegi berria egingo zuela.
«Orain arte, ur hondakinak bidean geratzen ziren; desenkajatuta eta zulatuta zeuden hodiak»
Latxeko errekaren ondoan zegoen araztegi zaharra, «oso toki txarrean», irisgarritasunari dagokionez. Gainera, bazegoen zubi bat bertan, baina urak eraman zuen, eta horrek are gehiago zaildu zuen bertara iristea. «Horregatik, ez diote kasurik egin araztegiari, azkeneko urte luzetan. Ez ziren hustutzera etortzen, eta oso egoera txarrean zegoen. Hodia dijoan tokia ez zuten desbrozatzen, adibidez; eta ez baduzu garbitzen, zainek txikitu egiten dute hodia».
Horri gehitu behar zaio, bertako lurrak oso malkarrak izatearen eragina: «ez dira lur egonkorrak, eta orain dela lau urte inguru, izan genuen magalaren mugimendu bat adibidez. Horrek guztiak mugitu eta desenkajatu egiten du dena. Araztegi zaharra egitean, jarri zituzten hormigoizko hodi batzuk, metro batekoak, ura bertara eramateko. Baina horiek zulatuta eta desenkajatuta daude. Beraz, orain arte, ur hondakinak errekara dijoaz zuzenean... iristen badira. Han eta hemen galtzen joaten da, eta dena geratzen da bidean».
Araztegi berria jarriko duten tokia (argazkiaren erdian), Beheko Herrirako bidegurutzetik ikusita.
Araztegi berria, Lorentxoren bordako bidearen ondoan
Dagoeneko ez dago araztegi zaharrik, Latxeko errekaren ondoan. Baina bai hodi berri bat, ur garbia bideratuko duena araztegi berritik errekara. «Sekulako ingeniaritza lana egin dute. Beheko aldetik hasi dira, errekatik; eta presiozko ur txorro batekin zulatu dute harkaitza, eta egin dute zuloa behetik gora. Ondoren, sartu dute hodia goiko aldetik, soldatuta, oso-osorik».
Lanen aurreneko fasea izan da hori, dagoeneko burutu dutena. Baina orain eginen dute lan potoloena: araztegia bera, Goiko Herriaren eta Beheko Herriaren arteko lotura, eta Beheko Herritik araztegirako hustubidea.
«Proiektua idazten bukatu dute dagoeneko, eta obrak esleitzeko momentua da orain. Pentsatzen dugu, maiatzean edo ekainean hasiko direla lanean. Urteko sasoi lehorrena baliatuko dute horretarako. Izan ere, ikusita magala nolakoa den, eguraldi txarrarekin ez da komeni makina haundiak sartzea, inguru horretan». Horrela, urrirako edo azarorako egongo da prest araztegia; eta urte bukaerarako, martxan.
Errekaren ondoan ez, nabarmen gorago egonen da araztegi berria: Sagarbakoitzeko eremuan jarriko dute, Lorentxoren bordako bidearen ondoan: errepide nagusitik hormigoizko pista hartu, eta ezkerrera biratu ondoren, 200 metro aurrerago. Eskuinean, malkarraren goikaldean, dagoeneko ikusi daiteke errekara dijoan hustubidearen hasiera. Ezkerrean, berriz, bidexka bat abiatzen da gorantza, eta horren ondo-ondoan egonen da araztegia, laster.
Hori baino lehenago eginen dute araztegira sarbidea, dena den. Pista zati berri bat eginen dute, Lorentxoren bordako bidetik Sagarbakoitzera, kamioiak sartu ahal izateko: «lanak egin bitartean, kamioi dezente ibiliko dira, eta udara mugitua izanen dugula pentsatzen dut. Tarteka, pazientzia pixka bat izan beharko dugu», azaldu du alkateak. Araztegia egiteko, gainera, 10.000 metro kubiko lur atera beharko dute bertatik, eta aztertzen ari dira non bota horiek.
«Hortik aurrera, gainean egon beharko dugu, pistak eta lurrak utzi ditzaten orain dauden bezalaxe», azaldu du Joxan Ruizek: «baina egia esan, hustubidea egin duen enpresak, bazter guztiak oso txukun utzi ditu. Horretan ez daukagu kexarik».
«Kalitate onekoa izanen da Latxeko errekako ura, Heinekenek garagardo fabrika bertan jarri zuenerako... Eta horrela mantendu behar dugu»
Herriko saneamendu sarearen konponketa, Udalak
Nilsak ez ezik, Aranoko Udalak ere egin du lanik dagoeneko. Izan ere, araztegia eraikitzeko baldintzetako bat zen, Udalak herriko uraren saneamendu sarea konpondu behar zuela. «Eta joan den urtean, horretarako erabili genituen jasotako erabilera askeko dirulaguntza guztiak». Goiko Herriko zein Beheko Herriko saneamendu sare osoa berritu dute, eta teknika berri batekin egin dute, gainera: «Tubostudio enpresari eskatu genion azterketa bat, eta erabaki zuten onena zela tuberia guztiak barrutik forratzea, manga bidezko teknika batekin. Horrela, ez ditugu kaleak altxatu behar izan, azpitik konpondu dira tuberia guztiak. Herriarentzako izan da erosoagoa eta merkeagoa».
Lan hori eginda, Nilsari dagokio orain, bere zatia egitea. Beraiek eginen dute Goiko Herria eta Beheko Herria lotzeko lana ere, nahiz eta herriguneko zatia izan. Beheko Herrin hasiko da, ur hondakinak araztegira eramanen dituen hustubidea, eta beste etxe eta baserri batzuetako hondakinak ere bilduko ditu bitarte horretan. Guztira, 420 metrokoa izanen da hustubide hori. Araztegitik, berriz, 120 metroko beste hustubide bat aterako da, Lorentxoren bordako bidera iritsiko dena, ur garbia errekara bideratuko duen hustubidearekin bat egiteko; dagoeneko egina dagoen horrekin, hain justu.
Araztegi berria izanen denaren planoa, Nilsak aurkeztutako proiektuan.
Araztegia, argindarrik gabe
Ez da «konplexua» izanen, Aranoko araztegi berria. «Ez du argindarrik beharko, dekantazio bidezkoa izanen baita soilik. Nahiko xinplea izanen da. Baina kontua da, herriko saneamenduko ur hondakinak filtratu eta Latxeko errekara garbi joatea ura, horixe da helburua», azaldu du Joxan Ruizek.
Proiektuan jasotzen denez, 47 metroko luzera eta 10-15 metroko zabalera izanen du araztegiaren guneak. Bertan, hainbat elementu egonen dira, uren depurazioa egiteko: sarrerako arketa, lehen mailako IMHOFFa, bakterio ohea, bigarren mailako IMHOFFa, eta irteera arketa. Batazbesteko, segunduko 0,28 litroko emaria izan dezake araztegiak, eta gehienez ere, segunduko 0,67 litrokoa.
«Ikusten ez den azpiegitura bat da, baina behar-beharrezkoa»
470.611,86 euroko aurrekontua izanen du araztegiaren obrak, Nilsak aurreratu zuenez. «Eta horri gehitu behar zaio, Udalak bere gain hartu duen gastua, herriko saneamendua berritzeko; eta aurreko fasean errekara doan hustubidea egiten gastatu dutena. Guztira, beharbada 600.000 euro baino gehiago izanen dira. Noski, nahiko genuke frontoi estali berri bat egin, gehiago ikusten dena eta jendeari gustatuko zaiona. Ikusten ez den azpiegitura bat da araztegia, baina behar-beharrezkoa. Oinarrizko azpiegitura hauei garrantzia eman behar diegu».
«Araztegi zaharra ez zegoen martxan aspalditik. Baziren 20-25 urte, mantenu lanik ez zutela egin bertan, zaila zelako bertara iristea; eta oso egoera txarrean zegoen»
Nilsak finantziatuko du araztegiaren obra, urtero-urtero uraren tasetatik bildutako diruarekin. Horrek ez du eraginik izanen aurtengo edo datozen urteetako uraren tasan, aranoarrentzat: «azkeneko urteotan, ordaintzea bakarrik tokatu zaigu, eta zerbitzurik ez dugu jaso. Orain, bueltan jasotzea tokatzen zaigu. Duela bederatzi urte, Ainhoa Ansa alkate zela, oso gogor jarri ginen Nilsarekin. Esaten genien, Aranoko etxe bakoitzak kanon bat ordaintzen duela, mantenimendua ordaintzen duela urtero; baina hemendik agertu ere ez zirela egiten. Beraiek bazekiten noizbait araztegi berria egin beharko zutela, eta ahaztuta eduki dute zaharra», dio Joxan Ruizek.
Egoera horretan, izanen dira Nafarroako herri gehiago ere: «Nilsaren azpiegitura lanen zerrendan, bazeuden beste herri asko, araztegia eskatzen zutenak, edo saneamenduko berrikuntza bat. Beraz, oraindik ere izanen dira asko, horrelako azpiegiturarik ez dutenak, eta gure problematika berarekin».
Urumea ibai bazterretako zabor pilaketa, oraindik soluziorik ez duen arazoa
Latxeko errekako uraren osasuna zaintzea, ezinbestekoa iruditzen zaio alkateari: «erreka horretako ura kalitate onekoa izanen da, Heinekenek garagardo fabrika bertan jarri zuenerako... Eta horrela mantendu behar dugu. Aranok izan behar du herri garbi bat, eta ingurumenarekin lotura estua daukana. Errekak zaindu behar ditugu, bai ala bai; eta horiekin batera, bertan dauden espezieak. Eta araztegi berriarekin, saneamenduko urak garbi-garbi iritsiko dira errekara».
Zati horri soluzioa emanda ere, ordea, Urumea ibaiaren bazterretako arazoak buruhausteak ekarriko dizkie, oraindik ere: «urteroko problematika da. Uda partean izaten ditugu aisialdiko guneak, eta horietan jende asko pilatzen da, ez dituzte arauak betetzen, zikinkeria pila bat uzten dute, zaborra bertan geratzen da, eta zabor hori zabaldu egiten da, izan haizeagatik edo animaliengatik. Eta horrela, errekara iristen da, eta erreka zikindu egiten da», salatu du Joxan Ruizek.
Arazo horretan, denen eskuhartzea beharrezkoa dela uste du berak: «aisialdiko erreka bazter guztietan izaten dira zabor pilaketak, eta gune horiek ez daude Mendialdeko hondakin bilketa zerbitzuaren barruan; beraz, ez dute jasotzen. Eta hori, zeinen ardura da? Joan den urtean, aritu ginen Aranoko alguazila eta biok astelehenero zaborra biltzen eta kontenedoreetan botatzen. Gu saiatzen gara Aranon birziklatzen eta konposta egiten; herria saiakera egiten ari da, ahalik eta hondakin gutxien sortzen. Baina gero, gure kontenedoreetan azaltzen da zabor guztia nahastuta, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen. Nafarroako Ingurumen Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak esku hartu beharko lukete. Erreka guztiona da, eta arazoa denona. Eta horri konponbidea eman behar zaio, bai ala bai».
Norabide horretan, dagoeneko ari dira elkarlanean, Arano, Goizueta, Hernani eta Ereñotzuko alkateak: «Iñaki Sanz-Azkuek eta Joxe Jabier Etxeberriak proposatuta hasi ginen biltzen, Hernani eta Goizueta arteko bide zaharra berreskuratzeko asmoz. Eta konturatu ginen, foro ederra zela hori, guztioi eragiten diguten arazoak landu eta soluzioak bilatzeko. Nahiz eta politikoki bi erkidegotan egon, hori gainditu eta arazoak elkarlanean landu nahi ditugu».