Koronabirusa

«Arraroa egiten da etxean sartuta egotea, baina hemen Aranon erosoagoa da, ez direlako pisuak»

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 3a, 00:00

Joxan Ruiz, Aranoko alkatea, artxiboko argazki batean.

Baserrietako jardin eta baratzekin, «hobeto» daramakite konfinamendua Aranon, Joxan Ruiz alkateak azaldu duenez. Kalean inor ez dabilela nabarmendu du, eta hasieran beldur baziren ere, kanpotik ez dela inor igo. Balkoitik balkoira, kontzertuak eta jolasak egin dituzte entretenitzeko, eta erosketetarako, elkar laguntzen ari dira.

Urruntasuna eta altuera ez dira desberdintasunerako bide, Koronabirusari eta konfinamenduari dagokienean. Eta etxean sartuta daude herritarrak, Aranon ere, martxoaren 15etik. «Oraingoz, herritar guztiak gaude ondo eta nahiko lasai», azaldu du Joxan Ruiz Miner alkateak.
Azaldu duenez, «inor ere ez dabil kalean» egun hauetan, eta nabarmendu du, akaso «erosoagoa» dela etxetik atera ezinik egotea Aranon, «ez direlako pisuak, baserriak baizik». Horrela, «behintzat badauzkagu gure baratzak eta jardinak, eta pisu batean sartuta egotetik ezberdina da», azaldu du.

Edozein kasutan, onartu du atentzioa ematen duela: «arraroa egiten da, Arano bezalako herri txiki batean, bakoitza bere etxean sartuta egon behar izatea», nahiz eta «normalean horrela» bizi diren, etxe barruan: «ez daukagu ohitura haundirik kaletik ibiltzeko, eta baserrietan gutxiago. Faltan botatzen duguna da, asteburuetako tabernako giro hori. Baina bestela, egunerokoan ez dugu asko nabaritzen», dio Ruizek.

Kontzertuak eta jolasak, konfinamendua arintzeko

Baina bakoitza bere etxetik ezin atera egon arren, aurkitu dute elkartzeko formularik, aranoarrek ere. Esate baterako, gitarra kontzerturen bat eskaini du herritarren batek, bere etxeko balkoitik, gainerakoen gozamenerako, iluntze aldera. Eta jolasak ere proposatzen dituzte, denen artean aritzeko. «WhatsApp bidez ari gara jolasak egiten. Joan den igandekoa, adibidez, oso polita izan zen. Maider Ansak bota zuen ideia, eta jarri genituen Aranoko baserri guztien izenak, baina emotikono bidez, asmatzeko zein etxe ziren. Egun guztia eman genuen horrekin bueltaka! Entretenimendu polita izan zen», dio Joxan Ruizek.

Errezetak ere konpartitzen dituzte WhatsAppeko taldeetan, eta elkarri erakutsi, nola prestatzen diren jaki ezberdinak. Eta bestela, balkoira ateratzen dira, ondokoarekin tertulian aritzera.

«Hausnarketarako garai ona da; gauza asko pentsatzen dira. Egunerokotasunaren estresa kentzen duzu, asko mugitzen garen horientzat, lasaitasun puntu bat ere badelako»

Erosketak egiteko, elkar laguntzen

Etxean geratzea baino, erosketak egitea da arazo haundiagoa, aranoarrentzat. Eta horregatik, elkar laguntzen ari dira, egun hauetan: «batek Goizuetara jaisteko asmoa duenean, besteoi galdetzen digu, ea zerbait behar dugun, berak erosteko». 

Adinekoek, berriz, LAGA Gizarte Zerbitzuen laguntza daukate, izan ditzaketen beharretarako. Telefonoz deitu behar dute, laguntza eskatzeko. zenbaki honetara: 948 51 08 40.

«Astelehenean, elurra egin zuela eta, aguazila joan zitzaien bisitan adinekoei, galdetzera ondo zeuden, egurra behar ote zuten sutarako...». Elurra bera ere, «entretenimendurako» beste aukera bat izan zen: «oraingoan etxetik disfrutatzea tokatu zaigu, bistarekin, paisajea ikusiz. Gogotik bota zuen elurra, eta ederra zegoen dena».

«Konfinamendua agindu zuten larunbatean, jende asko igo zen Aranora, eta beldurtu egin ginen pixka bat»

Alkateak azaldu du, herritarrak kalean ez dabiltzan bezala, kanpotik ere ez dela inor igo Aranora, konfinamendua agindu zenetik: «agindua eman zuten egunean, larunbatean, jende asko etorri zen; beste herrietakoak, ziklistak, motoristak... Eta beldurtu egin ginen pixka bat, zer gertatuko ote zen hurrengo egunetan. Ea izanen zen gu etxean sartuta egotea, eta kanpoko jendea ibiltzea hemen, asteburupasa etorrita. Guk gure haurrak etxean sartuta eduki, eta besteak frontoian aritzea».

Baina ez da horrelakorik gertatu: «igandean errotik moztu zen, eta ez da inortxo ere etorri, gaur arte; ez ziklistarik, ez mendizalerik, ez motoristarik... Beraz, pozik gaude, lasaitua hartu dugu». Azaldu du, gainera, badela herrian familiarik, orain Hernanin edo Astigarragan bizi dena, baina konfinamenduaren aginduak Aranon harrapatu zuena; «eta bertan geratu dira».

«Aurreko igandean, entretenimendu gisa, WhatsAppen jarri genituen Aranoko baserri guztien izenak, baina emotikonoekin, asmatzeko. Polita izan zen, egun osoa eman genuen horrekin bueltaka!»

Guardia Zibilak bisitan, hiruzpalau aldiz

Kanpotik jaso dituzten bisita bakarrak, Guardia Zibilarenak izan dira: hiruzpalau aldiz igo dira Aranora, kontrolatzera denak etxean zintzo zeudela. Baina ez dute inor topatu kalean: «goizean, ogia ekartzen digutenean, erosten dugunak ateratzen gara, hartu eta etxera buelta. Eta gainerakoan, ateratzen dena baratza edo aziendak zaintzera ateratzen da. Haur guztiak ere etxean daude. Eta haizea hartzera, balkoira edo terrazara ateratzen gara».

Udaletxekoak ere, etxetik ari dira lanean, alkateak azaldu duenez: «dena telematikoki egiten ari gara; aurrez aurreko arreta kendu egin dugu, ez bada behar-beharrezkoa. Baina etxetik bada ere, lanean segi beharra daukagu, gure eginbeharrekin, dirulaguntzak kudeatzen, aurrekontua...».

Herritarren artean, badira oraindik lanera joan beharra daukatenak, «adinekoen egoitzetan lan egiten dutenak, eta zerbitzuetako langileak. Beraiek dira, beharbada, egunerokoan herritik mugitzen diren bakarrak. Orain arte, eraikuntzan ari direnak ere lanean ziren, baina dagoeneko ez. Eta tabernetan lan egiten dutenak, irakasleak... denak etxean daude».

Gauzak horrela, «hausnarketarako garai ona» dela dio Joxan Ruizek: «horrelako denboraldi luze batean, gauza asko pentsatzen dituzu. Egunerokoaren estres hori kentzen duzu, asko mugitzen garenontzat, lasaitasun puntu bat ere badelako». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!