Pasa den astean Donostian aurkeztu zen Female Improvisational Poets liburua eta aurkezpeneko protagonistetako bi Iñaki Arrieta historialari hernaniarra eta Maialen Lujanbio bertsolari hernaniarra izan ziren, biak ere gelakideak Urumea Ikastolan eta Hernaniko Institutuan.
Nevadako Unibertsitateak argitaratu du ingelesez emakume bertsolarien inguruko ikerketa liburua. Xabier Irujok eta Iñaki Arrietak koordinatuta, hainbat bertsolari eta historialariren testuak biltzen ditu. Bertan jasotzen dira emakume bertsolarien ekarpenak gaiaren inguruan, baita hainbat ikertzailerenak. Maialen Lujanbiok bere aportazioa eta tartea du liburuan. Iñaki Arrieta Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegiko zuzendaria da
Center for Basque Studiesen webgunean eta Amazonen aurki daiteke
Female Improvisational Poets. Challenges and Achievements in the Twentieth Century da liburuaren izenburu osoa eta Center for Basque Studiesen web gunean edo Amazonen aurki daiteke, Amerika, Erresuma Batua eta Europa osorako banaketarekin.
Argitalpen aitzindari eta aberats honek bere garrantzia badu, mota honetako lehen obra izateaz gain, hamar bat bertsolari eta historialarik ?gehienak emakumezkoak- egindako azterketa, testigantza eta ekarpenengatik. Besteak beste, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Jone Miren Hernández, Carolina Dufurrena edo Joseba Zulaika daude bertan.
Iturburua, pasa den urteko Elcon egin zen kongresua
Liburuaren iturburua Ameriketako Estatu Batuetako Nevadan, Elcon eginiko kongresu «polit eta oso berezi» batean datza. Bertsolaritzaren ingurukoa zen, baina herrialdeko country poesiaren urteroko sesio «oso aktibo» baten barnean, Xabier Irujo historialari eta koordinatzaileak dioenez. «Milaka bakero» bildu ziren jardunaldi hauen ostean gorpuztu zen obra, «900 ikusleko bertsolari-saio bat eta guzti».
Bertan aurkitu ziren Maialen Lujanbio eta Iñaki Arrieta hernaniarrak. Aspaldiko ezagunak ezustekoa izan zen Lujanbiorentzat Arrietarekin aurkitzea, baina etorri den ondorioa oparoa da dudarik gabe.
Zein arazo izan diren berdintasunaren eta eskubideen garapenean
Testuinguruaz gain, landutako gaiaren garrantzia ere azpimarratu behar da: «Bertsolaritzaren munduaren garrantzia emakumearen berdintasunaren eta eskubideen garapenaren inguruan», azaldu du Irujok. Izan ere, liburuan hainbat ikuspegitatik aztertzen baita lehen munduan oro har eta euskal jendartean zehazki «zeintzuk izan diren arazoak» emakumearen eskubideak erdiesteko, berdintasun osora heltzeko.
Egile gehienak emakumeak dira, lehen pertsonan idatzi baitute era akademiko batez, prozesuaren beraren protagonista izan direlako. Zuzenean hori bizi izan duten bertsolariak baitira egileak, besteak beste, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran. Azken biok doktorautza-tesi bana izkiriatzen ari dira.
Lujanbiok berak liburuaren atal bat idatzi du As the Tree Grows, the Bark Cracks deiturikoa. Bertan, bere ikuspegitik, bertsolaritzaren azken 40 urteak aztertu ditu bi elementuen inguruan hausnartuz: bertso-eskola eta emakumeen sarrera bertso plazan.
Zazpi ataletan bertsolari emakumeen eskubideen aldeko borroka eta erronkak aztertzen dira; beste bi, country poesiari eskainita daude. «Euskal kulturak ematen dituen espresioak, nolabait, bertakoekin lotzea nahi genuen», azaltzen du Arrietak.