Nafarroa Arenarako txartela ziurtatu du Nerea Ibarzabalek, Gasteizen nagusituta

Beñat Los Arcos Ayerdi

Nerea Ibarzabal, Miribillan, finalerdietako azkenaurreko saioan.

760,5 puntu eskuratu ditu markina-xemeindarrak Bertsolari Txapelketa Nagusiko azkenaurreko finalerdian, eta bera da, matematikoki, aurreneko finalista ziurtatua, Maialen Lujanbiorekin batera. Donostian baino altuagoak izan dira puntuazioak, eta gauza asko geratu dira Bilboko saioan erabakitzeko.

Argitu behar zituen hainbat kontu Gasteizko finalerdiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalera begira; eta halaxe izan da. Aurrenekoa eta nabarmenena, Nerea Ibarzabal dela Nafarroa Arenarako txartela matematikoki ziurtatu duen aurreneko bertsolaria, bere bigarren finalean aritzeko. Hernani bizitoki duen markina-xemeindarra 760,5 punturekin nagusitu da Mendizorrotza kiroldegian, saio borobila osatuta; eta aurreneko itzuliko 740 puntuak batuta, bera da sailkapeneko buru, 1.500,5 punturekin, Aitor Mendiluze andoaindarrari (1.473) aurrea hartuta. Edonola ere, ezer aldatu bada Mendiluzerentzat, izan da are argiago geratu dela finalean ariko dela. Bigarrena da sailkapen nagusian, eta Bilboko sei bertsolariek hartu beharko liokete aurrea bestela izan dadin. Ezinezkoa da hori.

Hortik atzera, berriz, are gehiago estutu dira kontuak. Beñat Gaztelumendi añorgarra da bere laugarren finalerako txartela bideratu duena, sailkapeneko hirugarren postuan kokatuta. 734 punturekin hirugarren izan da Gasteizen, eta 1.467 puntu dauzka denera.

Gaurkoan aurretik izan du Sustrai Colina, baina erraiak botata iritsi da urruñarra 735 puntu pilatzera, sailkapen nagusian laugarren kokatu (1.448) eta zortzigarrenez finalean aritzeko aukerei eusteko. Finalerdien aurreneko itzulian Miarritzen bezalaxe, poto egin du Gasteizen ere, oraingoan puntu erantzunetan; eta maila oso haundiko ganbarakoa osatu behar izan du txartelen lehiatik kanpo ez geratzeko.

Gasteizko beste hiru bertsolariak geratu dira, hain juxtu, aukerarik gabe. Oso puntuazio altuak lortu dituzte edonola ere, Donostiako saiokoak baino altuagoak. Ane Labaka lasartearra laugarren izan da gaur, 714,5 punturekin; Aitor Bizkarra abadiñarra bosgarren, 714 punturekin; eta Maddi Ane Txoperena hendaiarra seigarren, 702,5 punturekin. Hurrenkera horretantxe ageri dira sailkapen nagusian ere, zortzigarren postutik hamargarrenera. Agin Laburu astigartarra eta Saioa Alkaiza iruindarra dira azkeneko biak, finalerdietako bigarren itzulian kantatu dutenen artean.

Eta tartean zer? Ba dagoeneko kantatu duten hiruzpalau bertsolari zona gorrian, eta Bilbon kantatuko dutenak haiek gainditzeko esperantzan. Sustrai Colinak, 1.448 puntu horiekin, ez dauka ziurtatuta txartela; eta ezta Joanes Illarregi leitzarrak ere (1.436,5 puntu), bere bigarren finalerako aukerak bizi-bizirik dauzkan arren. Dezente zailago daukate Julio Soto iruindarrak (1.430) eta Aner Peritz zarauztarrak (1.426), une honetan seigarren eta zazpigarren, azkeneko bi txartelen toki imaginarioetan.

Izan ere, puntuazio altuekin igoko dira sei bertsolari Miribillako oholtzara, datorren larunbatean, arratsaldeko 17:00etan. Amets Arzallus hendaiarrak 746,5 punturekin ekingo dio, eta Alaia Martin oiartzuarrak 722rekin. Beren mailan arituz gero, txarteletako bat eskuratzeko bidean izango dira biak. Eta hortik atzera datoz inkognita nagusiak. 713,5 puntu dituela iritsiko da Miren Artetxe hendaiarra, 701,5ekin Oihana Iguaran amasarra, eta 696rekin Nerea Elustondo legazpiarra. Bilbon saio borobila osatuz gero, hiruetako edonor da ezustekoa eman eta finalera salto egiteko gai. Are gehiago, ikusita finalerdietako bigarren itzulian altuagoak ari direla izaten puntuazioak, epaile taldea aldatu izanarekin batera.

Askoz ere zailagoa daukana, ia ezinezkoa ez bada, Xabat Illarregi da. Leitzarrak 674,5 puntu pilatu zituen Lekunberrin, poto bat tarteko; eta Bilboko bertsokideak gainditu ez ezik, 760 puntuko langatik gora egin beharko luke Miribillan.

Hortaz, hautagai ugari ilusioz, toki gutxi Nafarroa Arenako oholtzan, eta jakinmin haundia Bilboko azkeneko finalerdira begira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!