Erailketa matxista izan zen ostegun iluntzean Bilbon. 34 urteko emakume bat hil zuen bere bikotekide ohiak, labanaz erasotuta, bere bi seme-alaben aurrean.
Hori salatzeko, mobilizazioak egingo dituzte gaur eta bihar Euskal Herriko hiriburuetan; eta Urumea bailaran ere jarri dituzte elkarretaratzeak egiteko hitzorduak, iganderako eta astelehenerako.
Hernanin egingo dute elkarretaratzea igandean, eguerdiko 13:00etan, Plaza Berrin. Hernaniko Koordinadora Feministak egin du deialdia, eta herritar guztiei luzatu die erailketa matxistaren kontra batzeko deia.
Astelehenean, berriz, Astigarragan izango da elkarretaratzea, Emakumeon Etxeak deituta. Arratsaldeko 19:00etan jarri dute hitzordua, Joseba Barandiaran plazan.
Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik «haserrez, amorruz eta minez» hartu dute gertaera, eta adierazi dute, azaroaren 25aren hurrengo egunean gertatu izanak erakusten duela «benetako neurriak» behar direla «emakumeon* bizitzak arriskuan jartzen dituen egiturazko indarkeria honi aurre egiteko».