Hitzordu garrantzitsua daukate herritarrek gaur bozkalekuetan, mugarri izango diren hauteskundeekin

Beñat Los Arcos Ayerdi

Astigartar bat Erriberan bozkatzen, 2023ko Hauteskunde Orokorretan.

Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak izango dira, ezkerreko eta eskuineko blokeen aldeak markatu dituen kanpainaren ondoren.

 

Bozkalekuetan daukate hitzordu seinalatua, gaurko egunez, Urumea bailarako 23.008 herritarrek. Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak izango dira, eta horien garrantzia agerian geratu da azkeneko asteotan, mugarri izango baitira egungo testuinguru sozial eta politikoan. Kanpainak nabarmen erakutsi du bi blokeren arteko aldea; ezkerrekoaren eta eskuinekoaren artekoa, hain juxtu.

Egoera horretan, partehartzea oso haundia izatea espero da, eta bozkatzera joatearen garrantzia azpimarratu da kanpainan zehar. Horretarako, ohiko lekuetan izango dituzte hauteslekuak bailarako herritarrek.

Hernanin izango dira zortzi hautesleku, zonaldeka banatuta: Biteri (Kaxkoa, erdigunea eta Latsunbe), Kulturarteko Plaza Feminista (Etxeberri eta Zelabide), AEK euskaltegia (Lizeaga), Elizatxo Ikastola (Portu, Karabel eta Elizatxo), Langile Ikastolaren Bidebietako (Latsunbeberri eta Oriamendi) eta Laubidietako (Jauregi, Sorgintxulo, Marieluts, Karobieta, Txantxilla eta Santa Barbara) eraikinak, Haur Eskola (Florida, Sagastialde, Iturmendi eta Galarreta) eta Zikuñagako eskolak (Zikuñaga, Osiñaga, Martindegi eta Akarregi).

Gainerako herrietan, berriz, bozkaleku bana izango da. Astigartar guztiek bozkatu beharko dute Erribera kulturgunean, baina zazpi mahai egokituko dituzte horretarako. 

Ereñotzuarrek, berriz, Auzo Udaleko areto nagusian izango dute hauteslekua. Goizuetarrek Xalto eskolara joan beharko dute botoa ematera, eta aranoarrek Maisueneara.

Goizeko 09:00etan irekiko dituzte hauteslekuak, eta iluntzeko 20:00ak arte izango da botoa emateko aukera.

Kongresurako, 11 zerrenda Gipuzkoan eta 13 Nafarroan

Bi bloke ezberdindu dira hauteskunde kanpainan, baina aurkeztutako zerrendetara jota, Kongresurako 11 dira Gipuzkoan aurkeztutako zerrendak, eta 13 Nafarroan aukeran daudenak. Horien artean, bana aukeratu beharko dute herritarrek, nahi duten hautagaitzaren papertxoa sobrean bildu eta hautestontzian sartuta.

Senaturako, berriz, ezberdina da formula. Herritar bakoitzak gurutzea markatu beharko du nahi dituen hiru hautagaien izenaren ondoan, zerrenda berekoak izan edo ez. Kasu horretan, zortzi zerrenda dira Gipuzkoan aurkeztutakoak, eta bederatzi izango dira Nafarroan.

Hauteslekuak itxi bezain laster hasiko dute zenbaketa, eta pixkanaka ezagutuko ditugu emaitzak. Horien berri jasoko dugu biharko papereko Kronikan, eta webgunean ere izango dira ikusgai, grafiko interaktiboen bitartez, herriz herrikoak, lurraldekakoak eta estatu mailakoak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!