Kronika egunero-egunero argitaratuko da aurrerantzean, asteleheneko alea berreskuratuta

Kronika - Erredakzioa

Hauteskundeen emaitzekin kaleratuko dugu etziko Kronika, eta hortik aurrera astean zazpi egunez argitaratuko da egunkaria paperean berriro.

Mota guztietako albisteak ematea tokatzen zaigu egunerokoan, oso pozgarriak batzuetan, ilunagoak besteetan. Baina berezia da gaurkoan dakarkiguna: etzitik aurrera, astean zazpi egunez argitaratuko da Kronika paperean, astelehenetako alea berreskuratuta. Aurrerantzean, egunero-egunero izango da kalean berriro ere.

Kongresurako eta Senaturako Hauteskundeen emaitzen berri emango dugu etziko alean, egungo testuinguru politikoan eta sozialean mugarri izan baitaiteke biharko zita hauteslekuetan. Eta hortik aurrera, eguneroko maiztasunak segida izango du gurean, urte hasierako martxa berreskuratzeko.

Urtarrilean hartu behar izan genuen muturreko erabakia, astelehenetan Kronika argitaratzeari utzita. Egoera kritikoa bizi zuen lantaldeak orduan, bulegoko bederatzi langileetatik soilik hiru aktibo geratzeraino. Egunkaria aldi baterako itxi beharra saihestu, eta herritarrak behar bezala informatzen jarraitzea izan zen lehentasuna orduan. Horri eutsi diogu hilabete hauetan guztietan, lantalde berria osatu eta proiektua sendotu dugun bitartean. Esan ohi da, txarrenari onena atera behar zaiola; ba irripar batez esan dezakegu, teoria praktikara eraman eta zailtasunetatik indartuta ateratzeko kapaz izan garela.

Ez dira hilabete errazak izan, baina pausoz pauso gainditu ditugu hainbat mugarri, eta iritsi da garrantzitsuenetako bat: astelehenetan ere gure ‘orria’ zuen esku jartzea, eta hutsik egin gabe egunero iristea herritarrongana.

Pauso txiki baten itxura izan lezakeena, erronka haundia da guretzat, eta beharko ditugu zu­en pazientzia eta bidelaguntza, orain artean izan ditugun bezala. Lerro hauexek baliatu nahiko genituzke horretarako ere: eskerrak emateko zuri, bazkide, Kronikakide, irakurle, herritar, elkarte, talde, enpresa edota erakunde, hilabete zail hauetan gure ondoan izateagatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!