Kax kax, IA naiz

Ainara De Miguel Berasategi

Inork atea jo gabe, baimenik eskatu gabe: adimen artifiziala (IA) isil-isilik sartu da kazetaritzaren eremuan, eta, ohitu baino lehen, dagoeneko etxekotzat hartzen dugu. «IAk egin dit» diogu. Baina tresnekin egindakoa ez da tresna bera, kazetariak egindakoa baizik.

Bi ahoko ezpata da, ordea: laguntzen du, baina zauritu ere egin dezake. IAk asmatu egiten du, eta aditzak bi zentzu ditu hemen: batzuetan asmatzen du, besteetan asmatu egiten du. Ez baitaki zer den egia, zer den litekeena baizik, existitzen ez diren datuak, aipuak edo iturriak eman ditzake, eta hain ongi idatzita, non gehienetan zalantzarik ere ez baitigu sortzen.

IA entrenatu edo irakasteko erabili diren testuetako joerak (generoari, jatorriari edo ideologiari lotuak) gure idatzietan islada daitezke, konturatu ere egin gabe, oharkabean.

Iturri baten dokumentu konfidentziala tresnara igotzen badugu, nora doa informazio hori, eta nork ikus dezake? Eta, denetan isilena, erantzuna hain azkar eta dotore etortzen denez, zalantzan jartzeko ohitura galtzea; ohitura hori da, hain zuzen, ofizioaren muina.

Nola kontrolatu, bada? Kazetaritza bezain zaharra den bideari helduta: jatorrira joanda. IAk emandako datu, izen edo aipu oro jatorrizko lekuan egiaztatu beharko da argitaratu aurretik, eta, tresnari informazio-jatorriak eskatu badizkiogu, horiek benetan existitzen diren egizatatu; azken hitza, nolanahi ere, gizakiarena izango da beti. Eta jakina, irakurleari argi esan behar zaio noiz erabili den tresna eta zertarako. Gardentasuna kazetaritza zintzoaren parte da.

Azkartasuna eta zorroztasuna uztartzea ez da lan erraza, lehena izateko lehia gero eta bortitzagoa baita; baina gezurra den albiste azkarra ez da azkarra, hanka-sartzea baizik, eta irakurleak ez du gogoratuko nork eman zuen lehenengo, baina bai nork eman zuen gezurra. IAk aurrezten digun denbora, beraz, egiaztatzera bideratu beharko genuke, ez gehiago ekoiztera.

Eta komunikabideen ardu­ra? Handia. Irudi, ahots eta bideo faltsuak sekulan baino errazago sortzen dira, eta herritarrek ez dute beti bereizteko modurik, are gutxiago presaka eta mugikorra eskuan dabiltzanean. Hedabideek ez dute nahikoa euren edukia zaintzearekin: egiaztapen-lanak agerian utzi behar dituzte, akatsak publikoki zuzendu, eta kazetariak tresna berriak arduraz erabiltzeko prestatu. Ez da bide emankorrena dagoeneko geurean ditugun tresnen aurka jardutea. Nire ustez, haien kudeaketa ikastea da biderik aberatsena.

Sinesgarritasuna da hedabide batek duen ondasunik baliotsuena, eta galtzea irabaztea baino askoz azkarrago gertatzen da.

Tresnak lagundu dezake, bai, baina sinatzen duenak du ardura: sinatzea hitza ematea da. Eta hitz hori ez da paperean edo pantailan geratzen den marka huts bat; irakurlearekin egiten den itun bat da, esaten diona: «Hau egia da, nik egiaztatu dut, eta nire izena jartzen dut horren berme». Horregatik, IAk aurrezten digun minutu bakoitza egiaztatzera bideratu behar dugu, ez ihesbide bat balitz bezala.

Kazetaritza ez baita informazioa banatzea soilik; konfiantza eraikitzea da, egunez egun, albistez albiste, hitzez hitz. Eta konfiantza hori hauskorra da: behin hautsita, ez da erraz berreraikitzen. IAren laguntzarekin azkarrago ibil gaitezke, baina azkar joatea ez da nahikoa —zuzen joatea da kontua.

Tresna bati galdera egiten diozunean, gogoratu: erantzuna ez da amaitzen makinak ematen dizunean. Zure begiek, zure zalantzek eta zure egiaztapenek jarraitu behar dute. Horixe baita kazetariaren ofizioa: informazioa egiaztatzea eta zintzotasunez kontatzea. Eta hori, oraingoz, gizakiak bakarrik egin dezake.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!