Kazetaritza, desinformazioaren garaian: egIA ala IA egi?

Ainara De Miguel Berasategi

Kazetaritzan erronkarik nagusiena, nire ustetan, egia eta egi erdiak desberdintzea izango da, noski. Egia bakarra ez delako, nork bere bizipen eta ikuspuntutik egi bat edo beste bat esaten duela. Ez delako berdina esatea: «hildako bat aurkitu dute Hernanin» egunkari bateko portadan, azalean; edo, «ustezko erailketa bat gertatu da Hernanin»; edo, «emakume bat erail dute Hernanin». Oso desberdina da eman nahi diogun esanahia. Hori, kazetariaren araberakoa da. Egia zein da ordea? Pertsona bat hil dela? Eraila izan dela? Emakumea izan dela eraila?

Hau ez du IAk erabakiko, idazten duenak baizik. Esaldi batean esaten baduzu, lehengoan politikari batek esan zuen moduan: «Gaizkileak ez diren etorkinak bakarrik onartuko ditugu». Esaldi horrek ez du esan nahi «Gaizkilerik ez dugu nahi»; beste zerbait esan nahi du, edo ez?

Albiste bat iristen zaizunean, lehenik, begiratu nork argitaratu duen: komunikabide ezaguna den, edo izen arraroko webgune bat, ezagun baten itxura duen helbide batekin? Ez titularrean geratu, sakondu. Beldurgarria edo oso deigarria bada, letra larriz eta harridura-ikurrez betea, eta testuak ez badu esaten titularrak dioena, susmagarria da. Begiratu egilea, data eta iturriak ere. Koherentea dirudien albistea ere gezurra izan daiteke.

Beste iturbururen batean ere bilatu. Albiste handi bat benetakoa bada, beste hedabide fidagarri batzuek ere emango dute; inork ez badu aipatzen, kontuz. Maldita.es, Newtral, EFE Verifica edo Faktu bezalako egiaztatzaileek, gainera, agian dagoeneko aztertu dute. Irudiak badaude, egin alderantzizko bilaketa Google Lens-ekin edo TinEye-rekin: askotan irudi zahar bat testuinguru berri batean erabiltzen da. IAk sortutakoetan akatsak ager dai­tezke, hatzetan edo testuan, eta deepfake-ak ere badaude.

Eta azkenik, begiratu zure buruari: albisteak oso azkar haserretu edo beldurtu bazaitu, edo zuk pentsatzen duzuna betetzen badu, kontuz, desinformazioa emozioan oinarritzen baita. Egiaztatu data ere, albiste zaharrak berri gisa zabaltzea ohikoa baita. Zalantzan bazaude, ez partekatu: lehenengo egiaztatu.

Demagun IA tresnak erabil­tzen ditugula informazioa biltzeko. Nola galdetuko diogu tresnari? Adibidez: «esadazu zer gertatu den Hernanin gaur goize­an». Nola sortuko du erantzuna IA tresna batek? Dakienetik abiatuta. Baina ez da berdina tresna bati galdetzea edo beste bati galdetzea: bilaketa gaitua duenak iturriak bilatu eta aipatuko ditu; gaitu gabekoak, berriz, asmatu egin dezake. Josteko kaxa bateko jostorratza eta katekorratza ez dira lan berdinerako, ezta? Ba hemen ere berdintsu.

Hasteko, idatzi eta laburtu behar duzu. ChatGPT-k ideiak eta txosten-zirriborroak sortzen ditu; Claude-k dokumentu luzeak irakurri eta modu egituratuan idazten ditu; Gemini Google Workspace-rekin lotuta dago eta informazio eguneratua txertatzen du; NotebookLM zuk igotako iturrietan bakarrik oinarritzen da. Iturriak bilatzeko, Perplexity AI-k iturri fidagarriak bilatu eta aipatzen ditu.

Erabiltzen duzuna erabilita ere, zure garuna izan dadila egile!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!