Sei hatz eta begirada itzaliak

Ainara De Miguel Berasategi

Adimen artifizialak gizakia imitatzen du. Zer esan nahi du horrek? Horrek esan nahi du IAk ez duela sormen propiorik bere horretan. Dakienarekin konbinazioak egitea da bere sormen gaitasun bakarra, eta sortutakoari esanahia gizakiak ematen dio.

Duela oso gutxi, ChatGPT-ri lau t’erdian jokatzeko frontoi bat marrazteko eskatu nion. Horixe besterik ez nion esan. Marraztu zidanak ez zuen nik ezagutzen ditudan frontoiekin inolako antzik. Eta hatzak, begiradak... Gizaki orok desberdina duena marrazteko eskatuta ere, sei hatz eta arimarik gabeko begiradak lortzen ditugu.

Irudikatu norbait, arkatzez, pertsonen aurpegiak marrazten oso-oso trebea dena. Demagun nire amona marraztea nahi dudala, baina ez daukadala argazkirik, eta artistak ez duela inoiz amona ikusi. Deskribapen eskasa emango banio, ziurrenik ezagutzen dituen amonen batez bestekoa egingo luke, trazu ohikoenekin.

Nire amak deskribatuko balu amona, edo nik, bi erretratu desberdin aterako lirateke. Amak agian orrazkera, belarritakoak, begiak... izango ditu gogoan. Nik, berriz, begirada, irribarrea, bere usaina, bere beroa. Artistak deskribapenaren zehaztasunaren arabera marraztuko du amona, eta zehazten ez diogun guztia bere ezagutzatik aterako du.

«IAk egin dit» esan beharrean «IArekin egin dut» esango bagenu, zintzoagoa dela iruditzen zait. Nire aukera baita zein IA erabili eta zer eskatu. Sunorekin (letrak musikatzeko tresna) egindako abestiak oso erraz antzematen dira. Baina bertsolari on baten letrak errazago entzuteko tresna izan daiteke; ez, ordea, musikari on bat ordezkatzeko. Sorarekin egindako irudiak ere, agindua eskasa bada, eskasak izango dira. Eta marketinean aditua ez banaiz, egingo ditudan kartelak eskasak eta errepikakorrak izango dira.

Tresna berri hauekin, produkzio digitalean mediokrea izatea ia edonoren eskura dago. Baina gakoa IA baino lehenagokoa da: bokazioa, jakintza, pentsamendu kritikoa eta datuen analisia baditugu oinarri, ez du axolarik zein tresnarekin egikaritzen dugun. Bokazioz, jakintzaz eta pentsamendu kritikoz ari denak IArekin eta etorriko diren tresnekin hegan egingo du zeru zabalean. Jakintzarik ez duenak, aldiz, IAren ezagutza izango du euskarri bakarra.

Sei hatz, ahots robotikoak, begirada itzaliak, Claudek egindako kartelak edo webguneak... Guztiek sentsazio bera utziko digute: fabrika bateko katean ekoitzitako moldeek sortzen digutena.

Zer da kazetari bat? Munduan gertatzen denaren berri ematen duena, ezta? Kritikoa bada, idazten trebea, jendearen beharrak aztertu baditu eta gertakarien iturriak aztertzen eta begirada kritikoz zalantzan jartzen badaki, IAk ate handi bat zabalduko dio. Bilaketa, konparaketa, konexioak eta abar errazagoak izango zaizkio. Bere gizatasunak erabakiko du non bilatu, zer baloratu eta, batez ere, zein hizkuntzatan komunikatu. Eta ez da hizkuntza aukeratzea bakarrik: hizkuntza horrekin, euskararekin, norberak egiten duen baliabideen erabilera ere bada. Hori gizakiak bakarrik egin dezake, idazteak edo sormen orok arima behar baitu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!