Egiak erdi ustel?

IA egi, ala ez?

Ainara De Miguel Berasategi

Azken aldian bada inguruan sumatzen dudan korronte bat non IAren aldekoa zaren edo kontrakoa zaren. Erraza da honelako korronteak sortzea, beste arloetan ere ikusten ditugunak baitira, ezagutza gehiegirik gabe indartsuak diren mikrofonoetatik esaten diren horiek dira. Kontua ez da IA gustuko dugun edo ez. Gauza da merkaturatu den tresna bat dela eta testuinguru honetan bi aukera ditut: erabiltzen ikastea edo ez ikastea.

Hausnarketa bat egitera gonbidatu nahi zaitut. Lagun zaharrak bildu zarete, betiko txokoan, astea nola joan den partekatzeko eta elkarrekin egoteko. Batek dio, «joe, Zuriñe zeinen arine den. Berrize bikote berrie dauke! Ea hurrengoan libratzen denen nere txanda den. Sekuleko praktika izanen do ta». Zein da zure erantzuna honen aurrean?

Honelako mezu baten zabaltze gaitasuna sekulakoa da herri inguruan. Orain, pentsa dezagun komentario horixe bera baina argazki batekin. Irudian Zuriñe agertzen da ustezko bikotearekin egoera intimo batean. Zuk zer egingo zenuke honelako bat jasoko bazenu edo zu zauden talde batean partekatzen badute? Demagun zure kontaktu guztiei birbidaltzen diezula. Beraiek bere kontaktu guztiei. Nahikoa dira zazpi salto munduko beste puntara mezu hau iristeko.

Zuriñe trans dela jakingo bazenu, honek aldatuko luke zure jokabidea? Egoera intimoan beste neska batekin balego, transa izan edo ez?

Protagonista aldatuko dut. Patxi da orain. Zuen betiko laguna Patxi. Sexu jolasak probatu zalea dela jakina da. Heteroa dela jakina den bezala. Jakina da, berak esan ohi digulako eta berak jakingo du zein dituen ohiturak.

Aurreko adibideak osatuko ditut, baina Patxi jarriaz, Zuriñe izan ordez.

Zer diozu orain?

Beste aldaketa bat egingo dut. Patxi izan ordez, Mohamed jarriko dut, adibideak berberak izanik.

Zabaldu den mezu, edo irudia, IAk egina da. Lehen testuinguruko zurrumurrua nik neronek asmatua den bezala. Arazoa IAk egina izatea da, ala guk jasotzen, irakurtzen eta entzuten dugunarekin egiten duguna?

Ezinbestekoa iruditzen zait IA duten tresnen erabilera ikastea. Adituen eskutik. Ekidin ezina iruditzen zaidan bezala zurrumurruen aurrean dugun jokabideaz hausnartzea. Jaso­tzen duguna garunaren filtrotik pasatzea eta kritikoak izatea. Mina, gorrotoa edo edonoren gutxiestea dakarrenari hegalik ez ematea, ez onartzea, ez normaltzat jotzea. Ez diot graziarik ikusten munduan existitzen bada norbait egiten duzun horrekin sufrituko duena. Pertsonon sistemak irakasten dio IAri. Gure balioek, gure aurreiritziek irakasten diote IAri, geure joerek, alegia. Makinari, neska, mutil edo melokotoi ez zaio axola. Erabiltzen duenak ematen dio esanahia. IA geure gizartearen ispilu hutsa dela esan genezake orduan? Azaroak 25 dituen honetan, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna dugu. Gaur ere. Erabil dezagun eskura dugun edozein tresna, lau haizeetara gure rola zein den erakusteko eta gizaki askeak izateko. Zure joeren ardura zurea da, eta baita tresnak nola erabiltzen dituzunarena ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!