Bailarako herri guztietan, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunarekin bat

Julen Borreguero Fernandorena

Iazko azaroaren 25eko elkarretaratzea, Joseba Barandiaran plazan.

Bost herrietan izango da ekintzarik, matxismoaren eta faxismoaren kontrako aldarrikapenaren baitan: mobilizazioak, elkarretaratzeak, argazkiak, ipuin kontaketa eta muralak, besteak beste.

 

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna da gaurkoa, eta Urumea bailarako herri guztietan izango da ekintzarik, aldarrikapen gisa. Elkarretaratzeak, manifestazioak, argazkiak, ipuin kontaketa eta muralak izango dira, besteak beste. 

Astigarraga izango da herri mugituena, ekintza kopuruari dagokionez behintzat. 11:30etatik 13:30etara, Zorione Mendez artistak gidatuta, mural parte-hartzailearen bigarren saioa egingo da, Emakumeon Etxean. Pasa den igandean izan zen lehena, saio teorikoa izan zena. Horrez gain, bi mobilizazio ere izango dira. Eguerdiko 12:30etan izango da lehenengoa, Udalak deituta, Foru Plazan. Eta arratsalderako deitu du bigarrena Emakumeon Etxeak, 19:00etan Joseba Barandiaran plazan, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren leloarekin bat eginez: 'Ez ginen atzera egiteko jaio; faxismoaren aurrean, feminismoa'.

Hernanin ere bi kontzentrazio izango dira. Itaiak deitutakoa lehenengoa, Buruntzaldea mailakoa, arratsaldeko 18:30etan Plazan. Eta Hernaniko Mugimendu Feministak deitu du bestea, 19:00etan izango dena Plaza Berrin.

Ereñotzuarrak Hernaniko arratsaldeko manifestazioetara batuko dira, baina goizerako hainbat jarduera antolatu dituzte Txirrita eskolan, Katiluzar guraso elkartearen eskutik: ipuin kontaketa eta murala, besteak beste.

Goizuetan ere elkartuko dira arratsaldeko 18:30etan, udaletxeko plazan. Eta Aranon jarri dute elakartzeko hitzordua 19:00etan, argazkia ateratzeko. 

 

AZAROAK 25

HERNANI

18:30, Mobilizazioa Plazatik abiatuta. Itaia Buruntzaldea.

19:00, Mobilizazioa Plaza Berritik abiatuta. Hernaniko Mugimendu Feministak deituta.

ASTIGARRAGA

11:30-13:30, Mural parte hartzailearen bigarren saioa, Emakumeon Etxean.

12:30, Elkarretaratzea, Udalak deituta. Foru Plazan.

19:00, Elkarretaratzea Joseba Barandiaran plazan, Emakumeon etxeak deituta.

EREÑOTZU

Goizean zehar, Txirrita eskolan saioak, Katiluzar guraso elkarteak antolatuta: ipuin kontaketa eta murala, besteak beste.

Arratsaldean, Hernaniko mobilizaziora.

GOIZUETA

18:30, Elkarretaratzea Plazan.

ARANO

19:00, Elkarretaratzea eta argazkia.

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!