Egiazkotasunaren hari finaren gainean saltoka

Beñat Los Arcos Ayerdi

Adimen artifiziala erabiliz sortutako irudia.

Desinformazioak nahi baino protagonismo haundiagoa duen garai honetan, gaiaren inguruko eduki sorta zabala argitaratuko dugu datozen asteotan.

Datu faltsuak, manipulazioa, tes­tuingurutik ateratako gerta­era edo adierazpenak... Asko dira, garai honetan, edozein informazio nork bere interesetara moldatu nahi izateko tentazioak, eta hartzailea desinformazioaren sarean eroriarazteko saiakera maltzurrak. Hari fina da egiazkotasunarena, eta horren gainean saltoka aritzen gara maiz. Erortzeko arriskua zein den ohartu gabe, batzuen kasuan; horren beldurrik izan gabe, besteenean.

Hauteskunde kanpaina bete-betean gaudela, asko eta asko izan litezke hori irudikatzeko adibideak, egunotan. Beste adibide garbi bat ere izan genuen joan den astean: ustez mundu mailan izango genuen 72 orduko itzalaldia. Baina maila txikiagoan, asko dira egunerokoan bide ezberdinetatik jasotzen ditugunak, eta gero eta zailagoa da identifikatzea zer den informazioa eta zer desinformazioa.

Argiaren abiaduran hedatzen da informazioa gaur egun, eta informazio emaileek milioika aurpegi dauzkate, milioika ahots. Sare sozialek ahalbidetu dute hori aspaldian, eta ahotsa duen orok ez du tentu eta zuhurtzia berarekin erabiltzen, ezta zintzotasun berarekin ere.

Ez da kontu berria desinformazioaren, egiazkotasunaren eta sare sozialen inguruko eztabaida; eta azkeneko urteotan, beste baliabide bat izan da auziaren erdigunean jarri izan dena: adimen artifiziala. Intentzio onez ari denari, lana errazten eta azkartzen laguntzen diolako; gauza guztiak bezala, tentuz eta behar bezala erabilita. Baina intentzio maltzurrez ari denari ere errazten dio lana. Eta esku artean dugun gaiaren kasuan, informazio faltsua eta manipulazioa sinesgarriago egiten laguntzen die, desinforma­zioaren sarea haundituz.

Ez gara lezioak ematen hasiko; inor aritzen bada egiazkotasunaren hari horren gainean malabareak egiten, hedabideok eta kazetariok gara. Baina, horrexegatik hain juxtu, gaia mahai gainean jartzeko saiakera egingo dugu datozen asteotan, eduki ezberdinen bitartez. Eta hasteko, adimen artifiziala eta kazetaritza izango ditugu hizpide datozen egunetan, Ainara De Miguel adimen artifizialean adituaren eskutik. Bihar hasi eta larunbatera bitarte argitaratuko du artikulu bana papereko Kronikan, eta gaia zabalago jorratzeko 'podcast'ak izango dira entzungai egunero, kronika.eus webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!