Bide zuzena hartu du Aitor Mendiluzek finalera, eta ederki gozatuta agurtu du txapelketa Agin Laburuk

Beñat Los Arcos Ayerdi

Aitor Mendiluze eta Agin Laburu, zortziko haundiko ariketan elkarrekin, Ilunbeko oholtzan.

Andoaindarra zazpigarrenez ariko da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean, Donostiako finalerdian erakustaldia eman eta 760 punturekin nagusituta. Astigartarrak saio ederrarekin bukatu du bere ibilbidea aurtengo txapelketan, oso bertsokera propiotik arituta.

Hasi dira argitzen aurreneko kontuak, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalera begira, gaur Donostian jokatu den finalerdiarekin. Eta bertako notizia nabarmenenak poza ekarri du Hernaniko Bertso Eskolara: Aitor Mendiluzek danbateko batez uxatu ditu mamuak, eta bere zazpigarren finalerako txartela ziurtatu du. Gernikan egin zuen 'potoa' bere bertso onenekin beteta ekarri du andoaindarrak Ilunbera, eta erakustaldia emanda nagusitu da, 760 punturekin. Matematika kontuekin hasi beharrik gabe, aspalditik zain dagoen Maialen Lujanbiori konpainia egitera dator, denera 1.473 puntu pilatuta.

Satisfakzio puska galanta iritsiko da gaur Astigarragara ere. Lagunak lortutakoaren pozari, berak egindako saio ederra gehitu dio Agin Laburuk Ilunben. Espero gabe iritsi zitzaion bigarren itzulirako aukera astigartarrari, eta ezin hobeto aprobetxatu du: gozatu ederra hartuta esan dio agur txapelketari, zorrotz eta umoretsu, oso bertsokera propiotik. Bosgarren izan da Donostian, 695,5 punturekin.

Gaurko saioak ezer erakutsi badu, izan da askotan errepikatutako 'mantra' oso presente dagoela: finalerdiak bi itzulitara jokatzen direla, eta bietan dagoela oso maila onean aritu beharra, finalerako txartela eskuratu nahi bada. Hori burutik ezin kendu izango du Julio Sotok, aurreneko itzulian 733 puntu lortu ondoren erori egin baita gaur, eta 696,5 punturekin (denera 1.430), oso kolokan geratu zaio pasea. Kontrara, alderantzizko bidea egin du Joanes Illarregik: 707 punturekin geratu zen aurrenekoan, baina saio bikaina osatu du Ilunben, 729,5 puntu eskuratu eta berriro finalean aritzeko hautagaitza (1.436,5 puntu) mahai gainean sendo jarrita, Sotori aurrea hartuz.

Gaurkoan ederki aritu arren aukerarik gabe geratu da Aner Peritz, lehendik zeuzkan 707 puntuei beste 719 gehituta. Une honetan laugarrena da sailkapenean, Sotoren atzetik. Saioa Alkaizak osatu du gaurko saioa, 670 punturekin seigarren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!