Stop Fosilak mugimenduaren testuaren harira, zenbait apunte.
Ataka zibilizatorio honetako inpaktu fosila dela eta, PetroHerria terminoa aurkezten duzue. Badago beste bat arrunt erabilia, kapitalozenoa, eta sistema oso bati egiten dio erreferentzia. Hala ere, elektrifikazioa omen da erregai fosilen erabilera murrizteko bidea; ikusten ari garena da, ordea, sorkuntza elektrikoa handitzeak ez duela erregai fosilen kontsumoa murriztu. Lotura, beraz, ez da erabat zuzena.
Beroagatik EAE eta Nafarroan 649 pertsona hil dira, proportzionalki, 8 Hernani eta Villabonan. Gure ustez 649ak dira arduratzekoak. Are, beste edozein lurraldetan lehengaien estrakzio-kolonialak eragiten dituen heriotzek, giza-eskubide urraketek eta desberdinkeriek ere kezkatzen gaituzte.
Normalizatuta dugun arren, gure bizi estiloak ondorio oso larriak dakarzkigu. Ados gaude.
Horren aurrean, beraz, trantsizio justu eta azkarra proposatzen duzue, eta trastez josia.
Non jarri eta non ez, Ingurumen organoak. Gertutik jarraitzen ditugu organo honen ingurumen-inpaktu txostenak eta lurraren defentsan baliatzen; orain, tresna sinesgarria izango bada kritikoki tratatu beharko dugu, ez itsu-itsuan.
Publiko eta herritarra helburu, jabetza partekatua. Jabetzaren (eta txikizioaren) zer parte iruditzen zaizue onargarria? Ahalmena duten zer multinazionalei emango diegu eskua? Zeren truke? Halako negoziazio ahalmenik bada, berriak egiten hasi baino lehen, zergatik ez ekin Nafarroan daudenak publiko- komunitario egiteari? Euskaltel, Endesa, Repsol, Iberdrola, Kutxabank, CAN… eskumen publikoen galerak ezagutu ditugu, ba.
Hau guztia, ahaztu gabe, energia krisi ekosozialaren atal bat dela. Eremu bizigarriak behar dira, industriarekiko mendekotasuna gutxitu, kontuak neurrira ekarri, bizitza komunitarioagoei bide eman, egitura soziala indartu, teknologiak ez gaituela salbatuko ulertu eta sistema txikitzaile patriarkal honi amaiera eman.