Matxismoaren eta faxismoaren kontrako borroka aldarrikatu dute, Urumea bailarako eragile ezberdinek, azaroaren 25eko egun seinalatuaren atarian. Beste urte batez, kaleak beteko dituzte datorren asteazkenean, indarkeria matxistaren kontrako egunean, bailarako herrietan egingo diren mobilizazioetan.
Mural partehartzailea eta bi mobilizazio, Astigarragan
Gaur bertan hasiko dira horrekin lotutako ekintzak, Astigarragan. Emakumeon Etxeak antolatuta, indarkeria matxistaren kontrako mural partehartzailea osatuko dute bost saiotan, eta gaur egingo dute aurrenekoa, 10:00etatik 12:00etara. Zorione Mendez Martin artista eta hezitzaileak gidatuko du, eta herritar eta eragile guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Bigarren saioa, hain juxtu, azaroaren 25ean izango da, 11:30etatik 13:30etara.
Horrez gain, ohi bezala, bi mobilizazio ere izango dira Astigarragan. Eguerdi partean izango da aurrenekoa, Udalak deituta, Foru Plazan bertan. Eta arratsalderako deitu du bigarrena Emakumeon Etxeak, 19:00etan Joseba Barandiaran plazan, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren leloarekin bat eginez: 'Ez ginen atzera egiteko jaio; faxismoaren aurrean, feminismoa'.
Goizuetan, elkarretaratzea arratsaldean plazan
Goizuetarrek ere aurreratu dute, azaroaren 25erako hitzordua. Arratsaldeko 18:30etan egingo dute elkarretaratzea herriko plazan, 'Matxismoa ukatzeak indarkeria normalizatzen du' lelopean. Zerbait morea jantzi eta bertaratzeko deia egin dute; eta era berean, baita balkoiak apaintzeko ere, «sistema osoak aldaketa behar duela ozen esateko».
Aranoarren argazkia asteazkenean, eta kontzertua eta afaria larunbatean
Aranoarrek, berriz, bi hitzordu jarri dituzte datorren asterako. Asteazkenean arratsaldeko 19:00etan elkartuko dira, eta argazkia aterako dute, indarkeria matxistaren kontra. Eta larunbatean, kontzertua eta afaria antolatu dituzte, Kontseju tabernan. Iruzta taldeak eskainiko du kontzertua, 19:00etan hasita; eta horren ondoren izango da afaria, nahi duten guztientzat.
Itaiak, eskualde mailako mobilizazioa Hernanin
Hernanin ere arratsaldean izango dira mobilizazioak, eta ohi bezala, bi egingo dituzte, biak ere Kaxkoan. Itaiak antolatu du aurrenekoa, Buruntzaldea mailakoa: Plazan egingo dute mobilizazioa, 18:30etan hasita, «indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan jartzeko».
Nabarmendu duenez, «kaleko mobilizazioa indartu» nahi du, «diskurtso matxista eta faxistei aurre egiteko». Izan ere, ohartarazi du «etengabea» dela «emakume langileen aurkako indarkeria», eta «gero eta bortitzago» kolpatzen dituela: «Kezkagarria da, besteak beste, foroetan emakumeen argazki sexualizatzaileak partekatzea eta kalean hilketa matxistak egitea». Ildo horretatik, «eskuina eta ultraeskuina seinalatu» ditu, eta egotzi die «emakumeen aurkako diskurtsoak eta erasoak normalizatzea eta erasotzaileen inpunitatea indartzea». Horren aurrean, mezu garbia helarazi du: «Emakumeok lehen lerroan jarraituko dugu, matxismoaren eta faxismoaren aurka borrokatzen».
Era berean, kritikatu du «azken urteetan agintean egon diren ezkerreko alderdien jarduna». Izan ere, dio ez dutela «indarkeria matxista lehentasunezko auzitzat hartu», eta erantzuna mugatu dutela «instituzio kapitalisten barruko kudeaketara, gero eta baliabide gutxiagorekin eta emakumeen babesa bermatu gabe». Horren adibide gisa aipatu ditu «urruntze-aginduen urraketak eta indarkeria jasaten duten emakumeak etzebizitza alternatibarik gabe uzten dituzten etxegabetzeak». Eta instituzioen jardunarekin batera, kritikatu du «kaleko mobilizazioa apaldu izana» ere. Horren aurrean, «instituzioetatik harago eta ikuspegi independente batetik» ariko den «mugimendu indartsua» eraikitzearen alde egin du Itaiak.
Gainera, hiru lan-ildo nabarmendu ditu: «Erasotzaileek tokirik izan ez dezaten, gero eta pertsona gehiago matxismoaren aurka posizionatzea; emakumeen babesa bermatzeko kalitatezko bizi-baldintzen alde borrokatzea; eta herri zein auzoetan mobilizazioa sustatuko duen antolakuntza indartzea».
Azkenik, adierazi dute beraientzat ez dela «aterabidea» indarkeria matxistaren «kudeaketa hutsa», eta deia luzatu dute «behin betiko amaitzeko borrokara batzeko».
Hernaniko Mugimendu Feministak, manifestazioa Plaza Berritik abiatuta
Kaxkoko bigarren mobilizazioa, berriz, Hernaniko Mugimendu Feministak deitu du: manifestazioa egingo dute, 19:00etan Plaza Berritik abiatuta, 'Ez ginen atzera egiteko jaio' lelopean. Deialdiarekin bat egin du Udalak ere.
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarrikapena zabaldu du Hernaniko mugimenduak, asteazkenera begira; eta adierazi du ez dela arrazoirik falta «kaleak aldarriz, haserrez, amorruz eta garrasi ozenez betetzeko». Hasteko, gogora ekarri dituzte azkeneko urtean Euskal Herrian eraildako bost emakumeak. Bere elkartasuna adierazi diete haien senide eta lagunei, eta gertatutakoa «memorian bizirik» mantenduko dutela ziurtatu. Bide horretan, deia luzatu dute abenduaren 11n Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak herriz herri egingo duen memoria kolektiboa indartzeko ariketa erraldoia sustatzeko.
Gogorarazi dute, «sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistaren zapalkuntzaren ondorioz», emakumeak*, migratu eta arrazializatuak, eta sexu-genero disidenteak direla «kolpatuenak»; eta hori «gero eta modu ageriagoan» ari dela materializatzen «faxismoaren, eskuin muturraren nahiz eskuineko hainbat mugimendutan ikus daitezkeen jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bitartez».
Horren aurrean, adierazi dute ez dutela onartuko «feminismoaren instrumentalizazioa», gorrotozko diskurtsoak zabaltzeko eta feminismotik «ezer gutxi» duten neurriak proposatzeko: «Ez ditugu diskurtso arrazistak onartuko feminismoaren izenean, eta ez dugu gure segurtasunaren izenean polizia gehiago behar denaren ideia defendatuko. Kontrara, justizia feministan sinetsi eta justizia feminista eraikitzen jarraituko dugu».
Horregatik, azaroaren 25ean kaleak hartzeko deia egin dute, «ez ginelako atzera egiteko jaio». «Etor daitekeenaren aurrean» autodefentsa feminista aldarrikatu dute, eta adierazi dute «aliantzak egiteko garaia» dela, «antolatzekoa. Askotariko subjetktu eta borroken aitortzatik abiatuta ekin behar diogu borrokari, nork bere lekutik eta elkarrekin. Zapalkuntzak izendatuz eta etsaiari aurre eginez. Ez gara etxean geratuko».