Euskararen transmisioa familiaren bitartez eman dadin errazteko, 20 urte baino gehiago daramatzate lanean Buruntzaldeko sei udalek. 2003an hasi zuten bide hori eskualdeko udaletako euskara zerbitzuek, Andoainen, Astigarragan, Lasarte-Orian, Hernanin, Urnietan eta Usurbilen; eta bide horrek ez du etenik izan. Alderantziz, urte hauetan guztietan egin dute lan, gurasoak jabetu daitezen euskararen transmisioan zer garrantzi duten.
Nabarmendu dute «funtsezkoa» dela familietan euskararen transmisioa egitea, «gure hizkuntzaren biziraupenerako». Izan ere, diote haurrak txikitatik euskaraz hezteak bermatzen dituela hizkuntzaren ezagutza eta erabilera, eta horrek, aldi berean, sustatzen duela euskararen normalizazioa.
Sentsibilizatzeko eta euskara indartzeko, ekimen ugari
Bide horretan, gurasoak dira «haurraren lehen erreferenteak», eta eragin handia dute hizkuntzaren transmisioan. Hori balioan jartzeko eta «etxeetan geure egiteko», hainbat ekimen jarri dituzte martxan eskualdean, modu bateratuan. Besteak beste, eskaini dituzte hitzaldiak, sortu eta gauzatu dituzte egitasmo berezituak ikastetxe nahiz eragileekin batera, eskura jarri dituzte informazio-eskuorriak eta gidak, eta harrera-saioak egin dituzte haur jaioberrien familiekin.
Baina sentsibilizazioaz gainera, euskara indartzeko ere egin dituzte hainbat ekimen euskara zerbitzuek, eta ari dira horretan oraindik ere, sei herrietan: gurasoentzako euskara-eskolak, familientzako lantegiak, Gurasolagun proiektua, begiraleentzako formazioa...
Guraso berrientzako opariak, euskararen transmisioan laguntzeko
Euskara indartzeko ekimen horietako bat da sei udalerrietan, haur jaioberrien familiei opariak egitea. Zehazki, opari-sorta bat daukate prestatuta, guraso berriei ematen dietena: haur kantak, jolasak eta esapide erabilienak dauzkan liburuxka bat, 'Ongi etorri jaioberri!' karpetatxoa, hozkailuan jartzeko imana (eguneroko hitz eta espresioekin), eta Hazi Hezi aldizkariaren alea.
Gainera, euskara.buruntzaldea.eus webgunean ere badago material gehiago: jolasak, esapideak, kantak...
Opari horiek helburu dute euskararen transmisioa sustatzea, eta baliabide praktikoak dira «gurasoen eta haurren euskararen erabileran eragiteko».
Baliabide eta material horien guztien berri jaso dugu segidan:
LIBURUXKA TOLESGARRIA
Koloreak, animaliak eta zenbakiak ikasteko baliabideez gain, liburuxkak haur kantak, jolasak eta esapide erabilienak jasotzen ditu.
Gainera, beste liburuxka txiki baten bitartez, aholkuak ere eskaintzen dituzte gurasoen hizkuntza gaitasunaren arabera egokituta, euskararen transmisioan laguntzeko.
'ONGI ETORRI JAIOBERRI!' KARPETATXOA
Haur jaioberrien familiei ematen zaizkien opari eta baliabide guztiak karpetatxo batean bilduta eskaintzen dizkiete; eta karpetan bertan, mezu hauxe ageri da: 'Ongi etorri! Zorionak zure haurraren jaiotzagatik!'
Mezu hori, baina, hamabost hizkuntzatan idatzita ageri da.
HOZKAILUAN JARTZEKO IMANA
Eguneroko esamolde ohikoenak jasotzen ditu, eguneko lau unetan sailkatuta: agurtzeko esamoldeak, otorduetan erabiltzekoak, egunean zehar baliatu daitezkeenak, eta gauekoak.
Hozkailuan itsastekoa izanik, gurasoek begibistan izango dute edozein unetan, behar dutenerako erabilgarri.
HAZI HEZI ALDIZKARIA
Hik Hasik argitaratuta, aldizkari espezializatua da, gurasoei eta hezkuntzako profesionalei zuzendutakoa.
Hezkuntzarekin, pedagogiarekin eta hazkuntzarekin lotutako gaiak jorratzen ditu aldizkariak.
Aldizkariaren ale bana ematen diete guraso berriei.
WEBGUNEKO EDUKIAK
Buruntzaldea Euskaraz atarian (euskara.buruntzaldea.eus) beste hainbat baliabide daude eskuragarri: eskualdeko haur-eskoletako haurrekin grabatutako bideoak, liburuxkan jasotako kantak eta jolasak ikasi ahal izateko. Gainera, kultur agenda euskalduna ere ikusgai dago webgunean bertan, familiek gozatzeko euskarazko jarduerekin.